Gutxiago ikusarazten da emakume zientzialarien jarduna, aukera gutxiago dituzte, eta gutxiago aipatu eta aitortzen da egiten duten lana. Hori argi dute zientziaren alorrean ari diren emakumeek. Gaur, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna izanik, hamaika egitasmo eginen dira han eta hemen egunerokoan gutxiago erreparatzen zaion errealitatea azaleratzeko eta balioan paratzeko. Aurrera egiteko baliagarriak diren arren, andre ikerlariek uste dute lan handia dagoela egiteko, egun bakarra ez dela aski.
1. Zerk bultzatu zintuen zientziaren alorrean murgiltzera?
2. Behar bezala ezagutarazten da emakume zientzialarien lana?
3. Zure ibilbide profesionalean erreferente falta izan duzu?
4. Oztopoak edo mugak izan dituzu emakume izateagatik?
5. Zer erronka nagusi daude zientziaren alorrean berdintasuna erdiesteko bidean?
[Youtube]https://youtu.be/gSgSX3FbOHQ[/Youtube]
OLATZ ARBELAITZEHUko informatika irakaslea eta Aldapa ikerketa taldeko buruetako bat
«Zientzian ari diren emakumeak ondo eta eroso sentitu behar dira»
1. «Nire izaerak bultzatu ninduen; beti moldatu naiz hobeto zientziekin letrekin baino. Esango nuke informatika aukeratu nuenean ez nuela inolaz ere pentsatu ariko nintzenik ez irakaskuntzan, ezta ikerkuntzan ere».
2. «Orain ahalegin berezia egiten da horretan, baina urte askotan zientzialari gisa ikusi ditugunak gizonezkoak izan dira. Askotan talde burua da agertzen dena, eta burua gizonezkoa izan ohi da. Nobel saria jaso duten emakumeen proportzioa oso txikia da. Sarituak sekulako taldearekin ariko ziren. Merezimendua haiek hartzen duten arren, seguru emakume pila bat ere ari zirela taldean».
3. «Neurri handi batean, nire zientzietako irakasleak, ikastolan-eta, emakumezkoak izan ziren. Maila akademikoan eta informatikaren munduan egon dira gutxi batzuk, baina oso gutxi. Azken urteetan esango nuke aurkituz joan garela benetan existitu diren emakume horiek, orain arte agertu ez zirenak».
4. «Oztopo espliziturik ez dut izan, baina ohartzen naiz giroa maskulinoa denean eta egiteko erak ere horrela direnean existitzen direla muga batzuk: gehiago demostratu beharra edo jauzi handiagoak egin beharra».
5. «Bi esparru daude: alde batetik, zientzian ari diren emakumeak ondo eta eroso sentitu behar dira, eta, beste alde batetik, emakumeak egon behar dira, haien ikuspegia txertatzeko eta haien ekarpenak egiteko».
ELIXABETE REZABALEHU eta DIPCko ikerlaria, eta Kimika Fisikoan aditua
«Marie Curie denek ezagutzen dugu, baina oso urruti geratzen den erreferentea da»
1. «Batez ere nire jakin-minak. Aukera eskaini zidaten zientzian aritzeko, eta, jakin-minari jarraituz, baiezkoa eman nuen, nola ez. Ikusi nuen hau zela nire mundua, izugarri disfrutatzen nuela ikerketarekin eta zientziarekin».
2. «Emakume zientzialarien eguna antolatzen denez gero, argi dago ez dela nahikoa ezagutarazten. Bozgorailu handiagoa dute gizonek. Guk ez dugu arreta hori jasotzen emakume zientzialariaren egunean ez bada».
3. «Aukera izan dut kimika teorikoan oso ospetsuak diren emakumeekin lan egiteko. Bestela, bai, noski, erreferente falta dago. Marie Curie denek ezagutzen dugu, baina oso urruti geratzen den erreferentea da. Askotan, emakumeok ez dugu geure burua ikusten gauza batzuk egiten. Horregatik behar ditugu erreferente errealak, ondoan ikusten ditugunak».
4. «Zientziak gizarteak dituen arazo berak ditu. Noski, baditu berezko oztopoak: estatistikoki emakumeoi beka gutxiago ematen zaizkigu; aukera gutxiago ditugu sariak jasotzeko, kongresuetara gonbidatuak izateko, artikuluak argitaratzeko... Baina oztopo sotilak izaten dira».
5. «Oraindik asko falta zaigu aurreratzeko gure lanen aipamenetan. Lan bat argitaratzen duzunean, beste lan batzuk aipatzen dituzu, eta estatistikoki emakumeen lanak gutxiago aipatzen dira gizonenak baino. Ez dut uste hasi garenik horri aurre egiteko zerbait planteatzen».
AMAIA ITURROSPECFM Materialen Fisika Zentroko X izpien difrakzioko laborategi teknikaria
«Tesia egin nuenean, nire departamentuko katedratiko guztiak gizonak ziren»
1. «Batxilergoan kimika-biologiako irakasle nahiko ona izan nuen. Talde txikia ginenez, materia emateaz gain, artikuluak lantzen genituen. Zientzian murgiltzera bideratu gintuen, eta jakin-mina sortu zitzaidan».
2. «Lehen, emakumeek lan egin eta gizonek sinatzen zuten, eta hori ez da gertatzen orain. Egoera hobetu da, baina zaila da goi kargu batean emakume bat ikustea. Emakume asko daude beheko postuetan lanean, baina garaikurra gizonek eramaten dute».
3. «Tesia egin nuenean, nire departamentuko katedratiko guztiak gizonak ziren, eta emakumeak bigarren mailan zeuden. Hemen [CFM], nire ikuskatzailea emakumea da, katedratikoa; orain aurkitu dut erreferentzia».
4. «Tesi garaian izan nuen sentsazio hori: hiru ikasle ginen, bi neska eta mutil bat. Guri oztopoak jarri bainoago, iruditzen zait denek lan egiten genuela mutilaren curriculuma sendotzeko. Ez dakit mutila zelako edo hoberena zelako: duda hori geratzen zaizu. Baina gaur egun bi neskak handik kanpo gaude, beste lan batzuetan, eta, kasualitatea, mutil horrek unibertsitatean jarraitzen du, eta maisu postua dauka».
5. «Erronka gaztetxoetan dagoela uste dut. Poliki-poliki ari dira geroz eta ekintza gehiago egiten emakumea ezagutarazteko eta haren lana sustatzeko. Gainera, sentsazioa daukat inguruan zientziaren maila gorenera ailegatu diren emakumeek ez dutela seme-alabarik. Kontziliazioan badago erronka handi bat».
AITZIBER L. KORTAJARENACIC Biomaguneko zuzendari zientifikoa
«Arazo bat dagoela ohartu behar gara, azaleratu eta onartu»
1. «Ez nuen modu oso kontzientean egin. Zientzia irakasgaiak maite nituen; beraz, biologia ikasten hasi nintzen, eta gero biokimika. Garai hartan ez nintzen konturatzen zientzialariaren lanbidea aukera erreal eta eskuragarri bat zenik, ez baituzu erreferentziarik zure inguruan».
2. «Alde batetik, postu gorenetan edo ikerketa taldeetako buru dauden emakumeen kopurua hutsaren hurrengoa da. Gainera, ikusezintasun historiko bat izan da: ezkutuan geratu da emakumeek zientzian egindako lana».
3. «Nik zortea izan dut tesi zuzendaria eta doktoretza ondoko ikuskaria emakumeak izan direlako. Erreferente zuzenak izan ditut: ikerketa taldeen buru ziren emakumeak. Unibertsitate handietako emakumeek nire lana aitortu eta babestu dute. Baina orokorrean ez da hori gertatzen: erreferente falta handia da. Ez bazara identifikatzen ikerketa taldeetako buruekin edo haien egiteko manerekin, zailagoa da aurrera jarraitzea».
4. «Zaila da hori modu pertsonalean aztertzea. Datuei begiratuta, argi dago genero bereizketa eta kristalezko sabaiak badaudela. Karreraren lehenbiziko etapan emakumeak zientzian daude, doktoretzan-eta; adibidez, biomedikuntzan %50 edo gehiago dira. Aurrera egin ahala, geroz eta emakume gutxiago daude. Argi eta garbi, sistema hau ez da berdintasunezkoa, eta ez dizkie aukera berak ematen emakumeei. Horrela da mundu osoan».
5. «Arazo bat dagoela ohartu behar gara, azaleratu, onartu, eta zientzialari guziek horri heltzeko konpromisoa izan behar dugu, gizon eta emakume. Politika aktiboak egin behar dira ezberdintasun egoera hori gainditzeko, eta, noski, hezkuntza berebizikoa da, gizarte osoan dugulako arazo hau. Zientzia plurala behar dugu, baina ez datuak izateko; sistema zientifikoa askotarikoa bada, lehiakorragoa eta hobea izanen da erronkei aurre egiteko».