BILBOKO ASTE NAGUSIA

Eguerdia ondo errimatua

Aste Nagusiko asteazkenean, urtero legez, bertso bazkaria egin dute Santiago Plazan. Igor Elortza eta Onintza Enbeita bertsolariek girotu dute bazkalostea, 100 lagun baino gehiagoren aurrean.

Bertso librean hainbat kontuz aritu ziren kantuan, buruz buru, Igor Elortza eta Onintza Enbeita, atzo, Santiago Plazako bertso bazkarian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Aitu dot asko erdi prest zauezela lo hartzeko/ ba holan bada fuerte jo txalo ondokoa itzartzeko». Atzo, 16:30 zirela, tripa ondo beteta eta eguzkipean, egoerak siesta botatzea besterik ez zuen iradokitzen Bilboko Santiago plazan. Bertaratutakoak, baina, beste plan batekin zeuden. Urtero legez, Aste Nagusiko asteazkenean, bertso bazkaria antolatu zuen Hor Dago Abante konpartsak, eta plazaren erdian jarritako karpa zuriaren azpian, eguzkiaren babesean, 110 lagun inguru batu ziren. Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolari bizkaitarrak izan ziren protagonista ordubete pasako saio librean.

Egitarau ofizialean jarritako ordua baino zertxobait geroago eseri ziren denak mahai inguruan, eta segidan banatu zuten lehen platera: paella. Ostean, gisatua —begetarianoentzat lasagna—, eta azkenburu gisa, pantxineta. Kafea eta kopa banatzearekin batera, trikiti doinuek lagunduta, kantuan hasi ziren mahaiaren inguruan zeudenak, eta bertsolariak hasi orduko, giroa berotu zen.

Hala ere, mahaikide bat baino gehiagoren aurpegiak ikusita, siesta gai gisa erabili zuten bertsolariek saioari ekiteko. Halaber, entzuleek soilik ez, bazkalostean bertsolariek ere izan zuten lo hartzeko beldurra, eta hala gertatuz gero, esnatzeko eskatu zion Elortzak Enbeitari: «zure bertsoan lokartzen banaz/ niri egidazu holan». Eta bi bertso geroago «holan» zehaztu nahi izan zuen: «Handi xamarra kantatu deutsut/ Santiago plaza erdian/ holakoxeak gertatzen jakuz/ bertsoaren etorrian/ nahiz eta zuk holan egingo dozula/ esan gero ekarrian/ honek lehenago emango deusta/ ostikada ipurdian».

Atzoko saioan Elortza arduratu zen, hein handi batean, gidaritza lanaz, hau da, bertso gaiak eta doinuak aldatzeaz, eta, egoerak hala eskatuta, Aste Nagusiaz aritu ziren saioak iraun zuen denbora gehienean. Besteak beste, mikroaren jabe zela, Elortzak bere bertsokide eta egungo Bizkaiko bertsolari txapeldun denari aurten Aste Nagusian markarik utzi duen galdetzeko aprobetxatu zuen. Eta Enbeitak joan den urtekoak ezabatu gabe hasi dela aurten erantzun zion. Hori horrela, Elortzak Enbeitarekin jaietan murgiltzeko erabakia hartu zuen.

Horrek pluralak esan nahiko

[dau

hamar hamaika pareja

hasi txosnatan Zazpikaleak

Arenala Bilbao Vieja

zure ondoan joango naiz ni

bota barik nire keja

orain Bizkaiko bertsolariok

zu zaitugu eta jefa.

Bertsoari erantzunez, Enbeitak jefea eroriz gero konpostura mantentzeko eskatu zion bertsokideari, eta zenbait gomendio ere eman zizkion Aste Nagusian parrandan ibiltzeko:

Baina burua flojoa beti

izan behar da egunez

gabak ez deusku ulertu

formalez eta zentzunez

goazen biok kalean zehar

geure estilo hain xumez

ni izango naiz jefa pantoja

ta zu marinero de luces.

Giroa berotuz

Errepikatzen diren azken lerroak dituzten doinuekin esnatu zen publikoa, eta gora egin zuen giroak. Elortza une horretan zirikatzaile aritu zen entzuleekin. Adin tarte guztietako entzuleak batu ziren mahaiaren inguruan, baina nabarmena zen erretiratuen presentzia, eta hala kantatu zuen:

Begira segitzen dot

ezker eskumatik

konklusiñoa ataraten

gaur panoramatik

hauxe bazkari klasea

daukagun eztakit

beherago sentitzen naz

adin mediatik.

Jarraian, Enbeitak halakoak ez direla ozen esan behar gogorarazi zion, eta zirikatzaile paperetik, hark ere Elortzaren urteguna eta adina aipatu zituen. Joan den astean bete baitzituen durangarrak 44 urte.

Aste Nagusiaz gain, atzean zuten Santiagoko katedralaz ere aritu ziren bertsolariak, besteak beste. Atean zeuden kartelei erreparatuta, gazteleraz eta ingelesez soilik zeudela ohartu ziren, eta honako hau pentsatu zuen Elortzak: «Guk euskaldunok pekaturako/ ez dogu ordutegirik».

Tokitik mugitu gabe eta zutik abestu zuten saioaren gehiena bi bertsolariek. Azken txanpan, aldiz, mahaietatik ibili ziren jende artean kantuan, eta gutxi izan ziren bertso lerrorik entzun gabe gelditutakoak.

Entzuleei eta Abanteri esker ona helaraziz, eta Bilbo herrikoia eta euskalduna goraipatuz bukatu zuten saioa bertsolariek. Hala esan zuen Enbeitak agurreko bertsoan: «Bilbo zoragarria da/ zuek zagozielako». Alabaina, azken egunetako gertakariei so «matxismorik bako jai batzuen alde» dei egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.