Juantxo Zeberio musikariak aurtengo Gabonetan gauzatu du Eguberri Umama: Basque Christmas Songs egitasmoa, eta gaur amaituko da, Donostiako Antzoki Zaharrean emango duten kontzertuarekin. Jazz laukote bat eta abesbatza bat elkartu ditu Eguberritako doinuak beste era batera emateko. Disko bat grabatu eta plazaratu dute. Tolosan eta Hondarribian (Gipuzkoan biak) eman dituzte kontzertuak.
Lehen ere aritu da Zeberio jazza eta musika korala nahasten: Umama! (Elkar, 2003) eta Umama2 (Bonberenea Ekintzak, 2007) diskoak plazaratu zituen. Eguberri Umama egiteko, Gonzalo Tejada kontrabaxu jotzailearen, Mikel Andueza saxo jotzailearen eta Hasier Oleaga bateriaren laguntza izan du. Juantxo Zeberiok berak jotzen du pianoa, eta hark egin ditu kanten konponketa eta sorkuntza lana. Sustraien Ahotsa abesbatza eta Arantxa Irazusta, Elene Arandia, Xabier Ormazabal eta Jesus Mari Jauregiren eztarriak arituko dira gaur, Donostian, jazz laukotearekin.
Lask eta Orkatz Txiki haur abesbatzak, Et Incarnatus orkestra eta Ainara Ortega bakarlaria dira egitasmoaren beste zutabeak. «Gogoratu nahi izan dut hemen ere badugula gabon kanten zerrenda luze eta zabal bat», adierazi du Zeberiok.
KONTZERTUA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Antzoki Zaharrean,Donostian.
'Eguberri Umama'-ren azkena
Azken kontzertua emango du gaur gabon kantak hainbat musika estilotan emateko egitasmo horrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu