Egonaldia Gipuzkoa erdian

Nazioateko programa baten bidez, Errezilgo Irure Txiki baserrira kanpoko jendea etortzen da baserriko lanak egitera, lo egiteko lekuaren eta otorduen truke.

Edurne Agirre eta Alice Goffar Irure Txiki baserriaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iraia Irazusta Mujika.
Errezil
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Herrialde eta kultura askotako jendearen geltokia da Errezil (Gipuzkoa). Mendi arteko herri txiki horretan dago Irure Txiki baserria, eta nazioarteko dozenaka lagunek jotzen dute hara urte guztian, dagokien txanda betetzera.

Hiru bazkidek osatzen dute Irure Txiki baserriko WWOOF programa, World Wide Opportunities on Organic Farms. Programa horren bidez, nazioarteko jendea joaten da baserrira, egunerokoa ezagutzera eta lanetan parte hartzera, lo egiteko lekuaren eta otorduen truke.

«Hainbat baserri biltzen dituen web orri bat dago, eta, hartan, WWOOF programan parte hartu nahi duenak urtero kuota txiki bat ordaintzen du, eta nahi duen baserria aukeratu dezake denbora jakin bateko egonaldia egiteko. Gu ere web orri horretan gaude, eta horrela izaten dute gure baserriren berri», adierazi du Edurne Agirrek.

Lanari dagokionez, ez dute ezer berezirik eskatzen, lan egiteko gogoa eta jarrera ona besterik ez.

Irure Txiki baserriak badu beste hainbatek ez duten berezitasun bat: okindegiko lana egiteko aukera. Hori horrela, bi lan mota egiten dituzte bertaratzen direnek: batetik, baratzeko lana, eta, bestetik, okindegikoa.

Joxe Ramon Agirre eta Goffar arduratzen dira baratzeaz, eta programaren bidez datozenek haiekin pasatzen dute goiza, 08:30etik 14:00etara. Ondoren, Edurne Agirrerekin ogia nola egin ikasi eta okindegiko lanak egiten dituzte.

Horretarako guztirako, hilabeteko egonaldia egitea gomendatzen dute Irure Txiki baserrikoek. Batez ere, ohitzeko eta egonaldia ahalik eta gehien aprobetxatzeko. «Etortzen den bakoitzak bere ohiturak eta egiteko moduak ditu, eta, askotan, gero saltzeko produktuak ekoizten ditugunez, ez da erraza izaten egiteko modu berri horietara ohitzea», esan du Goffarrek.

Hainbat urte daramatzate errezildarrek programa horren barruan, eta jende asko izaten dutela adierazi dute. «Orain, neguko denboraldirako inor ez hartzea erabaki dugu, guretzat ere deskantsu txiki bat izateko. Izan ere, urte guztian lepo egoten gara, eta jendeari ezetz esan behar izaten diogu», gehitu du Edurne Agirrek.

Baserrira joaten diren gehienak europarrak izaten dira, batez ere alemaniarrak, aurrerapen handiarekin erreserbatzen baitute. «Horrela, ohitura eta egiteko modu desberdinak dituen jendea biltzen da. Bakoitzak dakiena erakusten du, eta asko gustatzen zaigu dakiten horren berri izan eta hartatik ikastea», adierazi du Edurne Agirrek.

Bruselatik Errezilera

Alice Goffar (Brusela, 1977) duela bost urte heldu zen baserrira. «Lehenengo aldian, WWOOF programarekin ezagutu genuen baserria. Urte osoko egonaldia egin nahi genuen familia osoarekin, eta, Joxe Ramonekin harremanetan jarri ondoren, laurok etorri ginen Errezilera», adierazi du Goffarrek.

Egonaldia bukatzear zela, bazkide baten beharra zuten baserritarrek, eta bazkide egiteko aukera eskaini zioten. «Aukera eskaini zidaten, eta, ordura arte oso gustura egon ginenez, baietz esan nuen. Oso ondo hartu gintuzten hemen. Familiarentzat nahiko bolada arraroan etorri ginen, haur eta guzti, eta oso gustura egon ginen. Orain, bost urte daramatzat bazkide gisa, eta sei dira WWOOF programaren bidez etorri nintzela».

Baserriko ohiko zereginez eta ogia egiteaz gain, urte hauetan guztietan beste hainbat gauza ikasi dituela gaineratu du belgikarrak: «Nire ohituretatik eta egiteko moduetatik kanpo egokitzen ikasi dut».

Horrez gain, euskara ere ikasi du. «Pixkanaka-pixkanaka, euskara ikasten nabil. Azken urtean, nahikotxo aurreratu dut, eta, orain, hobetzen nabil. Herriak ere asko laguntzen du euskara erabiltzen», nabarmendu du Goffarrek.

Uda baserrian

Aldi berean hiru lagun egoten dira gehienez ere baserrian, etxekoez gain. Bikoteak joanez gero, baserri inguruan duten karabana batera bideratzen dituzte, lasaiago egon daitezen, eta hirugarrena baserrian egoten da.

Udako egonaldia egiten ari da Gloria Esteban (Vigo, Galizia, 1987). Orain urte batzuk ekologiaren inguruan informazioa bilatzen hasi, eta WWOOF programaren berri izan zuen galiziarrak. Gaiaren inguruan gehiago sakontzeko asmoz, baserriak bilatzen hasi zen, eta Irure Txikirekin topo egin zuen. «Agroekologia interesgarria iruditzen zait, eta honek horretarako aukera ematen zidan. Gainera, ogiaren prozesua nola egiten den ikasi nahi dut esperientzia profesionala hartuz joateko, eta baserri honek horretarako guztirako aukera eskaintzen dit», adierazi du Estebanek.

Lehenengo aldia du galiziarrak baserri batean, eta «oso gustura» dago Irure Txikin. «Hasiera-hasieratik, beste edonoren pare hartzen zaituzte, familiako kidea izango bazina bezala».

Esperientzia probatu ondoren, zalantzan dagoena horrelako programetan partea hartzera bultzatu du Estebanek: baserriaren inguruan asko «ikasi eta gozatu» duela adierazi du, eta Errezil eta haren inguruak ezagutzeko aukera ere izan duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.