BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (IV)

Egonaldi labur bat mila mendixka eta koxka artean

Nemban dago nazioarteko lankidetza nafarraren sorlekua, hango ospitalea eraikitzen laguntzeko sortu baitzen Nafarroako Medicus Mundi joan den mendean. Lanbropeko bazter menditsu eta eder haietan elkartasuna eta auzolana ezinbestekoak dira.

Kigalitik Kivu lakura eta Gomara (Kongo) doan errepidea: emakumeek karga astunak eramatendituzte buru gainean, eta bizikletak zernahi garraiatzeko baliatzen dira. I. DIEZ DE ULTZURRUN SAGALA.
Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ez naiz edonoiz edonora joateko gertu dagoen jende noranahitar hori bezain ibili zalea, baina aukera batzuk ezin galduzkoak iruditzen zaizkit, eta halakoxea begitandu zitzaidan Ruandara etorri eta nafar lankidetzaren lehen proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera hau. Hemen nago, bada, Nembako ospitaletik gertu dagoen adreiluzko eraikin baten gela ttiki honetan, ohe gaineko eltxo-sarea bildurik, maleta hegaldirako prest, eta eguna argitu aurretik ere esna berriz, gutun hau idazten, pareko eliza gorri ederrean gaur ere eliztarrak goiztiar hasi direlako ozen kantari.

Kigalira iritsitakoan etorri zen bidaia honen lehen ezustekoa, ohartzean zer usain estandarra zerion aireportuari; zer aratz eta txukun zegoen dena. Auskalo zer espero zuten barnean beti xaxaka ibiltzen zaizkidan nire aurrejuzgu kantsagarriek... Pasaportea begiratzeko ardura zuen poliziak, mespretxuzko harrokeriaz, nire hogei dolarreko billetea hartzeari uko egin zion, zikinegia, nonbait. Beste billete bat eman nion eta joan nintekeela adierazi zidan, boterekeriazko kokots keinu batez. Barrenak agindurik, Murakoze esan nion, eskerrik asko, eta begietan zabaldu zitzaion irriak beste behin berretsi zidan Mandelaren esaldi haren egia: «Norbaiti ulertzen duen hizkuntzan egiten diogunean, buruari heltzen zaio mezua; berean egiten diogunean, ordea, bihotzari».Horregatik, Kigalitik Nembara bidean gindoazela, Kynarwandako hitzak buruz ikasteari heldu nion buru-belarri, eta Muraho (kaixo) bihurtu da nire hitz kutunenetako bat hemen, ezagutu dugun jendea agurtzeko huts egin gabe erabili dudan lehen hitza, haien solaskide izateko baimen eskea, luzatu diedan begirunezko zubia.

Nemba izan da gure bizitokia Ruandan, Gakenkeko barrutian. Errepide zabal asfaltatu batean barna iritsi ginen hona. Han-hemenka, langile taldeak ikusi genituen zoruko zuloak konpontzen, gehienetan hurbil zutelarik txinatar itxurako gizon bat, nagusi lanak egiten, lastozko kapela zabala buruan. Horixe bidaia honen beste ezusteetako bat, Txinaren itzala. Jakin dugu Txinako enpresak arduratzen direla azpiegitura anitzez, han ehuntzen direla hain gustagarriak eta dotoreak iruditzen zaizkigun oihalak, emakume ugarik oraindik soinean eta buruan daramatzatenak, eta klase diruduneko familia batzuk hasiak direla seme-alabak Txinako unibertsitateetara bidaltzen. Gidariak errepideko zuloak oso egoskorrak zirela argitu zigun, konpondu arren, euriak urtero hondatzen dituela, eta istripu larri asko gertatzen direla. Politikaz ez hitz egiteko ere aipatu zigun, bera ez dela politikaz mintzatzen, politikaz gobernuak eta irratietako esatariek baizik ezin dutela hitz egin.

Ruandan esnatu ginen lehen egunean, azken egun honetan bezala, meza kantuak izan genituen iratzargailu, eta, gosaldu berritan, elizara kuxkuxean sartzeko tentaldia ezin eutsizkoa egin zitzaigun. Meza hasia zegoen, abestiek, txaloek, eliztar gehienen gaztetasunak, janzkera koloretsuek eta ume batzuen dantzek ikaragarri alaitzen zuten erritu hura; nahiz eta sartu orduko zimiko garratz bat sumatu nuen urdailean, aldare ondoko Jainkoaren azal zuri mendebaldarrari begira: kolonizazioaren ikur ustela ikusi uste izan nuen irudi hartan, gure hemengo egonaldi hau beste historia baten atala balitz bezala. Kontraesanak onez eramaten ikastea da gure lehen ikasbidea.

Egunotan, goizero, Ruandako betiereko lanbroa goititu ahala, inguruko muino hezeek mugatu digute hodeiertza. Landa eremu jendetsu, malkartsu eta txirotu honetan, herritar asko mendi mazeletan bizi dira, iturriko urik eta argindarrik gabeko etxe xumeetan, nekazaritza bizibide.

Basoak urriak dira bazterrotan, jendeak oihanari lurrak ebatsi behar izan dizkiolako, jateko; eta, hortaz, gure irudimeneko oihan sarri, elefante eta lehoiak ez dira inon ageri. Bananondo sail eskas batzuekin eta zutoin bati loturik larratzen diren ahuntz mengel eta bakartiekin konformatu behar. Lur gehienak alorrak dira, baita aldapan goiti doazen mendi magaletan ere, kaskoetaraino igotzen baitira lur landuak. Nekazariek loturik egin behar dute lan, amiltzeak saihestearren, baina, halere, lurra lantzen gertatu ezbeharrak ez dira ez gutxi, ez samurrak: hezur hausturak eta bestelako traumatismoak ospitaleetan artatu beharreko arazo nagusietako bat omen dira. Gosearen hamaikagarren ajea.

Genozidioaren museora

Bide bazter eta txoko guztiak jendez beterik daude, eta, hasieran, gazte eta haurren kopuru handia hagitz deigarria egin zitzaien heldu eta zaharren nagusigora ohituriko gure begiei. Horregatik, zoragarria da bide ertzean eseri, zuhaitz txiker baten abaroan, eta ezker-eskuin so egitea, bideetan —inzira esaten zaie hemen— sumatzen delako ongien herri honetako bizi-borborra: gazteak maldan gora plastikozko 21 aulkiz zamaturiko bizikleta herdoilduei bultzaka; oihal gorri-berde-urdin-horiz apainduriko emakume saldoak ur-bidoiak buruan; aldapan beheiti ziztu bizian datorren txirrindulari talde dotorea, guztiz eta erabat hornituak Frantziako Tourrean lehiatzeko gisan; barnetegira doazen gazte zalapartatsuz mukuru beteriko autobus ttikiak, sabaian kolore biziko hamaika lastaira daramatzatenak; haur taldeak, sandaliak eskuetan eta oinutsik arineketan… Eta, oso noizean behin, errepide nagusian, luxuzko ibiligailuren bat, lanbropeko gorilak ikustera doazen bidaiarien garraioan. Biziaren borborra eta gure munduaren kontraesanak harat-honat.

Egun hauetan ia egunero elkartu izan gara lankide eta herritar ruandarrekin, Nembako ospitaleko, barrutiko osasun etxeetako eta beste proiektu batzuetako lana ezagutze aldera. Proiektuaren helburua biztanleen bizi baldintzak hobetzea da, osasun sistema publikoa sendotuz. Egitasmoak poliki doaz aitzina, buhoro-buhoro, hemen dioten bezala, hobekuntzek, muinoetako lainoen antzera, gero eta sakonago eta zabalago busti ditzaten bazterrak.

Ospitaleko bisitaldietako batean, erizain batek harro aipatu zigun nola saiatzen diren osasunari osotasunez begiratzen eta muzin egiten mendebaldeko medikuntzaren ikuskera estuari. Horra etxera ekartzeko moduko beste irakaspen bat. Hutsuneak eta premiak handiak izanagatik, ospitalera datorren jende guztia artatzen dute, eta badituzte baliabideak are jantoki soziala antolatzeko ere, dirurik gabekoei jaten ematearren. Baina ikusi izan ditugu, orobat eta tamalez, Europan diseinaturiko egitasmo burugabeak, hala nola ezin erabili diren kirurgia gela bikain batzuk, proiektugileek ez zutelako aurreikusi logeletarainoko pasabidea ere behar zela. Etsigarria. Eta etsigarria izan da, halaber, barrutiko arduradun politiko batzuei entzun izana eritasunen %80 higiene ezari zor zaiola eta amen ezjakintasuna dela arazo nagusia. Eskerrak nekazaritza eta abeltzaintzako kooperatiba batzuetako arduradunek beste azalpen bat hobesten duten, haien ustez herrialdeko egiturazko txirotze prozesuari egotzi behar baitzaio eritasunen tasa handia. Egunotan pentsatu dut zeharo ezberdina dela errua nori leporatu, emakumeei ala sistemari; bi erantzunek ikuspegi bateraezinak agerrarazten dituztela, ideologia bateraezinak, eta hortxe dagoela koxka.

Asteburuan, Ruhondo lakura joan ginen egun-pasa, eukalipto-baso eta pinudien artean igaroz oraingoan. Bidean, gidaria Umugandaz mintzatu zitzaigun, hilabeteko azken larunbatean egin beharreko auzolanaz. Genozidioaz geroztik berrezarri ei da. Oso bitxia da baina genozidioaren hodei beltza nonahi igarri arren, inor ez zaigu hartaz zuzenean solastatzen... Handik bi egunera, Kivu lakura bidean, muinoetan gora doazen te alor amaigabeak zeharkatu ondotik,errefuxiatu zelai jada hustu batzuetatik oso hurbil igaro ginen. Kivu inguruan, garai bateko aberats kumeen luxuzko etxeak ikusi genituen gero, eta antzinako moldera eginiko etxetxoak: lastozko teilatudun etxola biribilak, banbuzko etzaulkiz hornituriko lorategi polit baten erdian. Turistendako lotokiak ziren; izan ere, halako bizitegiak debekaturik daude orain, kanpotarrek baizik ezin dituzte erabili. Ondare arkitektonikoaren lapurreta turistikoa, nolabait esatearren.

Azken egunetan oso azkar joan dira orduak. Beste bi osasun etxe ezagutu ditugu eta Kabuie mendira igo gara, etxetik beretik abiaturik, bi gidari gazte kontratatu ondoan, mendi ibilbideak antolatzeko kooperatiba bat sortu nahian dabiltzanak. Lau orduko igoera malkartsua izan da. Urrutian, Kongo aldera, sumendiak begiztatu ditugu eta iparreko magaletik jaitsi gara, etxetxoz jositako mazel batetik beheiti.

Helene erizainaren etxe labirinto itxurakoa ere ezagutu dugu, bere kabuz eta eskuz eraikitzen ari dena, neska gazteendako aterpe izan dadin. Agur festa egin dugu ospitaleko langileekin, eta gure arropa dotoreenak jantzi ditugun arren, zarpailtsu samar azaldu gara argazkietan, hangoen jantzi dotore bezain sotilen ondoan.

Genozidioaren museora ere joan gara, Kigalin, oroimen historikoa nola berreraiki behar ez den beste behin ikastera. Gurean eginiko akats berak han: besteak eta gu; ongia eta gaizkia. Garaileak eta garaituak. Isiltasunaren bakea eta gutxiengo baten mesederako demokrazia. Museoak sorturiko ezinegona baretzeko —edo areagotzeko, agian—, Vita et Pax-eko bi andrerekin bildu gara etxerako hegazkina hartu aitzin, politikaz mintzatu zaizkigu ahoan bilorik gabe. Atxilo dagoen Victoria Ingabirez hitz egin digute, oposizioko buruzagiaz, eta Kizito Mihigo abeslari eta bakezale espetxeratuaz. Kagameren diktaduraz, jendearen beldurraz, oraingo bakearen ustelaz, ezberdintasun sozial gero eta handiagoez, garapen ereduaz...

Argi da oro ez dela urre hemen, plastikorik gabeko paradisu moderno itxurako honek badituela ertz ilun asko (gure Eden-ek bezainbeste, bestalde), baina egia ere bada ezen, pobreziak eta injustiziak hemengo gizarte toles guztiak zeharkatzen dituzten arren, egitasmo eredugarri askoren borborra ere sumatzen dela herrialde honetan: kooperatibetan elkarturiko herritarrenak, auzolanerako prest dauden emakumeenak, ospitalean luze lan egin ondoren aterpeak eraikitzen dituzten erizainenak eta 10.000 karaktere hauetan kabitu ezinik gelditu diren beste anitzenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.