Egokitzen dakitenentzat

Ikus-entzunezko negozio eredu berriez eta teknologiak ematen dituen aukerez mintzatu dira Seriesland jaialdian. Marketina ezinbestekoa dela azpimarratu, eta adimen artifiziala aldarrikatu dute «baliorik gabeko lanak» eskuordetzeko.

Manuel Balsera atzo, Getxon eman zuen hitzaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Manuel Balsera atzo, Getxon eman zuen hitzaldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Getxo
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Ukaezina da ikus-entzunezkoen arloan gertatzen ari den paradigma aldaketa: ohiko telebista kanalen audientzia beheranzko joera betean dago aspalditik, streaming plataformak indarra biltzen ari dira urtetik urtera, eta etengabe ugaritzen ari da filmen, telesailen eta bestelako produktuen eskaintza. Baina egoera «konplexua» dela uste du Manuel Balsera AMC Networks ekoiztetxeko langile ohi eta ikus-entzunezko enpresen aholkulariak. Trantsizio horren ñabardurak aletu ditu Seriesland jaialdian, Getxon (Bizkaia).

Badago mugarri bat, Balseraren esanetan: Netflixek negozio eredu berri bat ezarri zuen, eta hari lotu zaizkio ikus-entzunezkoak ekoitzi eta banatzen dituzten enpresak. «Baina, Netflix eta Amazon kenduta, eragile gehienak orain dela 30-40 urteko berberak dira: Warner, Disney...». Eta ataka estuan daude, Balseraren irudiko, paradigma berrira egokitzen ari direlako, bai, baina eredu zaharra ere mantentzen dutelako, aldi berean. «Traumatikoa da haientzat: dirua galtzen ari dira. Zonbi bihurtzen ari dira».

«Netflix eta Amazon kenduta, ikus-entzunezkoetako eragile gehienak orain dela 30-40 urteko berberak dira: Warner, Disney...»

MANUEL BALSERAIkus-entzunezko enpresen aholkularia

Era berean, «aukeraz betetako» egoera bat da aktore berrientzat, Balseraren aburuz, ikus-entzunezkoaren arauak «birsortzen» ari baitira egunetik egunera. Sortzaileei ere eragiten die horrek, edukiak helarazteko abagune handiagoa baitute —kasu baterako, Bilboko Guggenheim museoak ere streaming kanal propioa izango du, Balserak nabarmendu duenez—. Ohartarazpen bat egin du aholkulariak, hala ere: «Banaketa eta audientzia ez dira gauza bera. Eduki bat ikusgai egoteak ez du esan nahi ikusiko denik».

Hau da, edukia ez ezik, audientzia ere sortu beharko dute ikus-entzunezkoen egileek; alegia, nabarmentzen jakin beharko dute. «Merkatuan, handiagoa da eskuragai dagoen produktu multzoa, dagoen gosea baino. Beraz, irudimenak adinako garrantzia izango du marketinak, edo handiagoa. Marketina ezinbestekoa izango da banatzaileengana heltzeko, finantzaketa lortzeko...». Eta sorkuntza prozesuaren aurreneko urratsa izango da, gainera: aurrekontu bat erabaki beharrean, ekoizleek aurreikusi beharko dute zenbat diru eskuratu ahalko duten garatu nahi duten produktuarekin, eta horren arabera ezarri zenbat diru inbertituko duten.

Adimen artifiziala, laguntzeko

Aukeren zurrunbilo horretan, bazterrezina da adimen artifiziala. Teknologia gaztea den arren, erabat murgilduta baitago ikus-entzunezkoen industrian. Hala, enpresen zalantza ez da hura erabiliko duten edo ez, baizik eta nola erabiliko duten. Banijay Iberia osatzen duten ekoiztetxeetan, adimen artifizialaren inguruko «ikuspen humanista» bat daukate, Felipe Jimenez Luna estrategia digitaleko zuzendariaren arabera: batetik, «etikoki» entrenatutako softwarea erabiltzen dutelako —egile eskubideak errespetatzen dituena—; eta, bestetik, langilea delako oraindik ere sorkuntzaren ardatza. Taldeko ekoiztetxeetako bakoitzean arduradun bat dago, eta eztabaidak sortzen dira beharginen artean, bakoitzak esplikatu dezan nola erabiltzen duen adimen artifiziala, eta informazioa konparatu eta partekatu dezaten.

Izan ere, «milioika» dira teknologia horren erabilerak, Jimenezen esanetan. «Baliorik ez duten egitekoak automatizatzeko erabiltzen dugu», zehaztu du; hau da, gidoien idazketa eta irudimenarekin lotutako bestelako lanak beharginek egiten dituzte, baina adimen artifizialaren gain dago, besteak beste, milaka eta milaka faktura egitea, edo testu bat eskaletatik gidoi formatura pasatzea —ordubeteko lana zena bost segundotan bukatzen du softwareak, Banijay Iberiako ordezkariak kontatu duenez—.

Arriskuak ere badaudela onartu du Jimenezek. Alde horretatik, erregulazioari «ezinbesteko» deritzo. «Europan araudia zorrotza da, konplexua, baina ez da heltzen arlo batzuetara; adibidez, ikus-entzunezkoetara. Horregatik, nahiago dugu geure burua erregulatu». Banijay Iberiak dekalogo batean jaso ditu adimen artifiziala erabiltzeko baldintzak: kasurako, argi utzi behar dute zer erabili duten, eta nola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.