EGMko datuen arabera joan ahalko dira irratiak lanera futbol zelaietara

Euskarazko zenbait irrati estadioetara sartu ezinik geldituko dira. Astez aste egoera alda daiteke

Alaves-Reala derbiaren irudi bat. Asteazkenean Euskadi Irratiak ezingo du Alaves-Reala zelaitik kontatu. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Ligako futbol partidak atzo gauean itzuli ziren, eta estadioetan eta zelaietan ohi baino komunikabide gutxiagok egin ahalko dute lan. Izan ere, zelaietara sartzeko baimena emango die Espainiako Ligak irrati batzuei, baina ez beste askori. Zelai bakoitzean, zazpi irratitako esatariek izango dute aukera bertatik bertara kontakizuna egiteko. Jardunaldi bakoitzean emango ditu akreditazioak Espainiako Ligak, eta jakinarazi dute erabakia EGMko entzule datuen arabera egingo dutela —Euskadi Irratiaren arabera, lehen bi jardunaldietan klubek egin dute aukeraketa—.

Igandeko Reala-Osasuna derbirako, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Madrilen egoitza nagusia duten bost irrati sartu ahalko dira Anoetara kontakizuna egitera —esatari bat egon ahalko da irrati bakoitzeko—. Egun berean, Euskadi Irratiak Athletic-Atletico Madril partidaren kontakizuna egin ahalko du San Mamesen. Bizkaia Irratiak, ordea, ezin izango du hori egin. Bizkaia Irratiak Athleticen partida guztien zuzeneko kontakizuna egin ohi du, eta Ramon Basaldua esatariak jakinarazi du irrati horri akreditazioa ukatu diotela.

Ikusteko dago datozen asteetan irratiekin akreditazioekin zer gertatzen den. Hurrengo jardunaldian, Euskadi Irratia ezin izango da Gasteizko Mendizorrotza estadiora sartu, eta ezin izango du bertatik bertara Alaves-Realaren kontakizuna egin —hilaren 18an jokatuko da lehia—. Baimena lortu dute, bestalde, bai Radio Euskadik bai Radio Vitoriak derbi horretan Mendizorrotzara joateko.

Osasunaren etxeko partidei dagokienez, Madrilen egoitza nagusia duten bost irratik ziurtatua dute tokia estadioan Osasuna-Atletico Madril partidaren kontakizuna egiteko —datorren asteazkenean jokatuko dute—. Baimena jasoko duten irratien zerrendan bat jakinaraztea falta da, ordea. Hartara, Euskadi Irratia eta Euskalerria Irratia erabaki horren zain daude. Euskadi Irratiko iturrien arabera, ezin izango du hedabideak Sadarren lanik egin.

Prentsa idatziko akreditazioak futbol talde bakoitzak kudeatuko ditu, eta irratietakoak eta telebistetakoak Espainiako Ligak berak. Reala-Osasuna igandeko derbiari begira, lau telebistek dute akreditazioa Anoetan sartzeko: TVEk, FORTAk (ETB), Atresmediak eta Mediasetek.

FORTAren eskaera

Ez da Euskadi Irratia zelai batera sartu gabe geldituko den irrati publiko bakarra. FORTAk —irrati eta telebista autonomikoak biltzen dituen federazioak— Espainiako Ligari eskatu dio irrati publiko autonomiko guztiak zelaietako akreditatutako hedabideen zerrendan sartzeko, «zerbitzu publikoak» eskaera hori egitera justifikatzen duelakoan. FORTAk nabarmendu du «erreferentziazko hedabide publikoak» direla lurralde bakoitzean, eta exijitu dute aintzat hartuak izateko aukeratuko diren komunikabideetan. «Estatu mailako hedabide publikoen presentzia lehenesten da, eta norbere eremuetan ari diren irrati autonomikoak ere lehenetsi beharko lirateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.