ATZEKOZ AURRERA. Ekaitz Cancela. Kazetaria

«Eginikoa sozializatzea ez da inoiz plataformen aroan bezain erraza izan»

Kapitalismo digitalaren eragina eta horri aurre egiteko proposamenak ditu hizpide Cancelak, eta horiez jardungo du Gasteizen. Lana ez ezik, ezagutza bera ere sozializatzea du helburu, plataforma publikoetatik.

JAVIER CASTILLO.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Etxetresna elektrikoen denda bat zuten Ekaitz Cancela kazetariaren (Barakaldo, Bizkaia, 1993) aitak eta aitonak; baina pixkanaka ohartu zen Amazon ez ezik saltoki handiak ere bertakoa jaten hasiak zirela, «goitik beherako xurgatze bat» egon zela. Era horretan gerturatu zen kapitalismo digitalaren alorrera, eta, egun, ikerketa horietan dihardu. Setem Hego Haizeak antolatutako jardunaldi batzuetan hartuko du parte, Google, Amazon, Glovo... Nola egin aurre erraldoi digitalen kontrolari eta prekarizazioari izenpean, ostiral eta larunbatean, Gasteizen.

Kapitalismo digitala. Zer dago lantzeko?

Hiru eraso fronte daudela esango nuke. Lanean, batetik, kaiola sartze digitala dago, lanaren kontrol algoritmiko berria litzatekeena. Hau da, plataformak, hala nola Glovok eta Uberrek, langilearen produktibitatearen kontrol oso zehatza izan nahi dute, ahalik eta gehien esplotatzeko eta kapitalaren irabaziak handitzeko.

Zeintzuk dira beste biak?

Plataforma hauek sareko lan plataformak dira, eta erreserba industrialeko armada bat ari dira sortzen. Eskuragarri dauden langileen kopurua handiagoa den heinean, soldatak automatikoki jaisten dira. Gainera, online izanda, munduko edozein lekutan eman diezaiokete lana edonori, eta, era horretan, kapitalistek edonora jo dezakete langilea presionatzera. Horrez gain, aipatuko nuke automatizazioa ere, prekarizazioaren aurreko urratsa: makinen hazkundea izugarria da, eta baita langileak zukutzeko modu bat ere, lanak automatizatuz eta desagerraraziz.

Ba al dago horri aurre egiteko aukerarik?

Norabide ezberdinetako aukerak egon daitezke, baina, lanaren kasuan, lan plataforma publikoak sortu daitezke, eta, gainera, kode irekian. Langilea ez dadila egon Uber edo Glovoren mende, baizik eta izan daitezela plataforma zibernetikoak, estatuaren eta sindikatuaren laguntzarekin, beharginak bere burua antolatzeko eta produkzio bitartekoen kontrola kudeatzeko aukera izan dezan. Bitarteko horiek, eginiko hori sozializatzea ez da inoiz plataformen garaian bezain erraza izan.

Beraz, lanari dagokionez, bederen, sozializatzean jarri behar da arreta.

Bai, baina ez gaitezen ahantz kapitalismoa ez dela soilik bitarteko ekonomiko batzuen bidezko esplotazio ekonomiko batean oinarritzen; hor dago desjabetzea ere, bitarteko politiko batzuen bitartez. Bada, eta ez soilik lanaren alorreko plataformei dagokienez, uste dut ziurtatu beharko liratekeela beste plataforma zibernetiko batzuk ere bestelako mekanismo batzuk ezartzeko.

Adibidez?

Nire aitaren eta aitonaren kasutik jota, esate baterako, lehen pertsonengan zegoen ezagutza; talentu eta jakintza hori guztia galtzen ari da kapitalaren irizpide berri bat ezartzeko. Horregatik, uste dut hori instituzionalizatzeko plataformak behar direla, eta ezagutza horrek kalitatezko zerbitzu publiko bat izan behar duela amaieran.

Bilgune kolektibo bat behar da, software publiko eta ireki batean, eta horrek ahalbidetuko luke pertsona bakoitzak horretarako sarbidea izatea; are, era horretan, erosketetarako Amazonera jo ordez, egongo litzateke aukera zuzenean komertzioekin konektatzeko plataforma publiko batzuetatik. Hori niretzat utopia sozialista bat da.

Utopia bat izan arren, asmo horretara gerturatzeko aukerarik egongo al litzateke?

Orain, Eusko Jaurlaritza, adibidez, dirutza bat ari da gastatzen kontratu publikoetan software eta garapen teknologikoko kontuekin, eta, horietako gehienak, gainera, pribatuak dira. Proposamen bat behar da, teknologiak palanka politikotzat ulertzen dituena, eta plan industrial serio bat, handizalea izango dena, eta, zergatik ez, sozialista, Euskal Herriaren subiranotasun digital, politiko eta ekonomikoaren inguruko hainbat borroka desblokeatzeko. Ez da magia, eta, borroka politikoa ez ezik, egongo dira aldaketak ere, baina posible ikusten dut.

Beraz, berriro ere, hor dago muina: ikuspegi sozialista batetik begiratu behar da.

Bai, eta gustuko dut ideia berriro ekartzea. Niretzat zerbait sozializatzea da pertsonak lan eta kontsumoaren merkatutik kanpo beren kabuz garatu ahal izatea, prestakuntza baten teknologiak erabiltzea beren nortasun sakonenetan murgiltzeko, beren buruari buruzko gauzak aurkitzeko, eta horiek partekatu ahal izatea, gizartearentzat baliozkoak eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.