Urteurrena ospatzeko etaurteotako lana baloratzeko, egun osoko festa egitaraua antolatu dute gaur Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea), Elgarrekin ospa dezagun! lelopean.Goizean goizetik hasita, egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.
09:45ean ekingo diote egunari, eta 2022. urteko bilana egitea izango da lehen jarduera. Horretarako, herriko etxeak banatutako laborantza diagnostikoa eta mendiaren erabilpenari buruzko ikerketa izango dituzte hizpide, besteak beste.
Bazkaldu aurretik, 13:00etan, zintzur bustitzea egingo dute. Ondoren, 13:30ean, bazkari herrikoia, betiko ohiturei eutsiz. Aukeran, bi menu izango dituzte: 25 euroan bata eta 20 euroan bestea. Askotariko platerak daude bietan, bertako produktuekin eginak: salda, Oztibarreko (Nafarroa Beherea) axurkia ilarrekin, gasna, euskal bixkotxa, barazki gorginak...
Bazkalostea luzea izan ohi da, baina festak ez du etenik izango. Izan ere, estilo anitzeko musika kontzertuez gozatzeko aukera izango dute iluntzean: Zeze, Gezi Taldea, The Lookers, Aho Zakil Konexion, DJ Xa2 eta DJ K-Püx izango dira oholtzan.
«Beharrezko» sostengua
Proiektuak une zailak izan ditu urte hauetan guztietan, Frantziako Gobernuak ezarri izan dizkion oztopoengatik batez ere. Hasteko, Euskal Herrirako laborantza ganbera baten sorrera ukatu zuen, eta, ondoren, laborariek proiektua sortzeko esfortzuak eten nahi izan zituen, Michel Berhokoirigoin lehendakaria bera auzitara eramanez. Azkenean, urte luzetako eskari eta borrokari esker lortu zuten proiektua egitea.
Ordutik, laborantza herrikoi baten alde lan egin du ganberak, helburu nagusitzat honako hauek izanik: «Lurralde osoan banatuak diren etxaldeetan kalitatezko elikadura sanoa ekoiztea, laborariak haien lanaz bizitzen laguntzea eta biharko baliabide naturalak zein baserri ingurumenak zaintzea».
Laborariak beren etxaldeetan eta ekoizpen sistemetan laguntzen ditu ganberak. Horretaz gainera, argi daukate, laborantza herrikoia dela erakargarria gaur egungo gazteentzat. «Berak baizik ez ditu baserri lurraldeak biziarazten ahal», iritzi diote ganberako kideek. Eta laborari, biztanle eta lurraldeko eragile guztien sostengua «beharrezkoa» dute.