Instrumentuz betea dago Agirre musika tresnen lokala. Tailerra baino gehiago, ukuilua hitza erabiltzen du hura definitzeko Joxe Manuel Agirrek (Tolosa, Gipuzkoa, 1956), umorez. Sartu eta ezkerrera dauka erakusleihoa: bertan ditu danborrak, dultzainak eta koloretako panderoak, elkarren arrimuan. Haren eskuz sortuak dira, hasi eta buka; tailerra ere horiek konpontzeko tresnaz gainezka dago. Dultzaina jotzailea da, eta euskal musika tresnak konpontzen eta sortzen lan egiten du; horren aldeko apustua egin zuen. Ari da pixkanaka lan horiek uzten, erretiroa noiz hartu pentsatzen; penaz dio «eten bat» gertatuko dela lana uzten duenean.
Haurtzarotik izan duzu harremana musikarekin?
8 urte-edo nituela hasi nintzen solfeoa ikasten. Ez dakit etxetik bultzatuta-edo, zerbait ikasi behar zela-eta. Segidan, hemen [Tolosan], musika eskolan, txistua jotzen ikasi nuen. Txistulari gisa, 16 urte nituela, Tolosako Udalean, nire irakaslea zena, Migel Martinez de Lezea, jubilatu egin zen, eta banda desegin egin zen. Oposizioak atera zituzten, eta 16 urterekin postua atera nuen txistulari bezala.
Dultzaina jotzen geroago ikasi zenuen?
Dantzari hasi nintzen Udaberri dantza taldean, eta hor jendea behar zen instrumentuak jotzeko; txistulari sartu nintzen, albokarekin pixka bat saltseatu nuen, eta gero dultzaina hartu nuen. 16 urterekin hasi eta gaur arte aritu naiz dultzaina jotzen, batean eta bestean.
Nolatan hasi zinen instrumentuak konpontzen?
Musika tresnak konpontzen zituen inor ez zegoen, eta, pixkanaka, saltsan hasi nintzen. Beti gustatu izan zait piezak askatzea, lotzea... Boligrafo bat erosten zutenean ere, etxeko borroka izaten zen; nik behar nuen askatu eta lotu, eta tripak ikusi. Danbolinarekin hasi nintzen konponketak egiten; gero, dultzaineroentzat danborrak behar ziren, eta danbolin bat hartu eta dultzaina-danbor bihurtu nuen... Horrela hasi zen dena.
Noiz pentsatu zenuen tailer hau sortzea?
Soldaduska bukatu eta gero —hara behartuta eraman gintuzten—, lantoki batean hasi nintzen lanean; segitzen nuen dultzaina jotzen, eta greba batzuk izan genituen. Esan ziguten arrazoia genuela, baina denok kalera bidali gintuzten. Orduan hasi nintzen serioago hartzen konponketen kontua. Ordura arte ingurukoentzat egiten nituen konponketak, eta pixkanaka hasi nintzen instrumentuak egiten.
«Musika tresnak konpontzen zituen inor ez zegoen, eta, pixkanaka, saltsan hasi nintzen. Beti gustatu izan zait piezak askatzea, lotzea...»
Erraz egin zenuen horren aldeko apustua?
Hasiera oso gogorra izan zen; esku artean ez nuen ezer. Hemen parean tailerrak zeuden, eta horrek asko lagundu zidan: bertan zeuden arotza, galdategia, eredugileak, errementariak... eta denak adin ingurukoak eta ezagunak nituen, lagunak ez esatearren. Haiek lagundu zidaten; uzten zidaten euren etxean bezalaxe sartzen, makineria hartzen... Orduan, etxe hau salgai jarri zuten; ikusi nuenean, esan nuen: 'Hau da nire tailerra'.
Eta hona etorri zineten bizitzera.
Bai. 28-29 bat urte nituen. Hona etorritakoan erabaki nuen buru-belarri sartzea. Apustu bat egin nuen; ikusten nuen hor bazela aukera bat. Eta momentua ere tokatu zitzaidan; Euskal Herrian ez zegoen besterik honetara bakarrik dedikatzen zenik.
Nola ikasi zenuen ofizioa?
Bazen beste danbolingile bat, Urretxun [Gipuzkoa], Iñaki Barrio Urtizberea, eta harekin ere oso harreman estua lortu nuen. Haiek era batera egiten zituzten moldeak, eta nik beste aldera. Hemengo lagunek ematen zizkidaten ideiek lagunduta, pixkanaka hasi nintzen moldeak egiten, pintatzen... denak etxean egiten genituen.
Erraz hartu zenion eskua?
Azkenean, atal asko ukitzen dituen ofizio bat da: egurra, burdina, sokak... Arazoak ere izan ditugu. Zenbait gauza desagertuz joan dira merkatutik: larru-ontzaileak, adibidez, geroz eta gutxiago daude; beraz, kalitatezko larrua lortzea oso zaila bihurtzen ari da. Egurrarekin ere zenbait arazo izaten dira, eta errementariak ere desagertzen ari dira. Zenbait pieza lortzeko zailtasunak daude... merkatua globalizatua da, baina zenbait gauza zailtzen ari dira.
Baina lortu duzu irautea, halere...
Azkenean, horretatik bizitzea lortu baduzu, gauzak ondo ere egin dituzun seinale da. Nik produktu naturalekin lan egiten dut gehienbat. Hori lortu nahi nuen nik instrumentuak egiteko garaian: jendeari ahal den materialik onena eskaintzea. Lortu dudan ala ez besteek esan beharko dute [barrez], baina, ahalegindu, beti horretan ahalegindu naiz.
«Hori lortu nahi nuen nik instrumentuak egiteko garaian: jendeari materialik onena eskaintzea»
Garrantzitsua da musikariei entzutea?
Bai, saiatzea behintzat. Pertsona guztiak desberdinak gara, eta niri zerbait oso ona iruditu arren, besteari agian ez zaio gustatuko. Musikarien beharren arabera egokituz joan naiz. Enkarguz ere gauza berezi dezente egin ditut, grabaketa bereziak egiten ari diren taldeentzat, adibidez. Soinu jakin bat nahi dute lortu, eta ideiak ematen dizkidate, eta ni saiatzen naiz materialak behar horietara egokitzen.
Etengabe aritu zara tresnak egokitzen eta aldatzen?
Bai, koloreena ere kasualitatea izan zen. Lehen, denak egur kolorekoak, naturalak egiten nituen, panderoak ere bai. Baina Segurako [Gipuzkoa] Laureano Telleriak deitu zidan esanez pandero batzuk agertu zirela elizan, pulpitu azpian. Egun batean, hona etorri zen, eta erakutsi zizkidan: zintak zituzten, koloretsuak ziren, tindatuta zeuden... hori ikusita, okurritu zitzaidan panderoak tindatzen hastea. Hasieran, jendeari kosta egin zitzaion. Kuriosoa izan zen: pandero jotzaile helduenak ziren kolorea gehien maitatzen zutenak. Danbolinak ere tindatzen hasi nintzen gero, eta dultzainen danborrak ere bai...
Badago eskaria musika tresnak konpontzeko?
Konponketa asko egiten dira. Danborrak eta danbolinak, azkenean, pipiak ez baldin baditu jotzen, normalean konpondu egin litezke. Badaude nik duela berrogei urte egindako danbolin batzuk berriak daudenak. Noski, mantentze lana behar dute, eta, gero, segun eta bakoitzak nola zaintzen duen ere...
Beraz, kasu honetan ez da garestiago konpontzea berria erostea baino?
Ez, ez. Mantentze lana behar dute, kotxe batek behar duen bezala. Baina pipiak ez badu jotzen, bizitza guztirako instrumentu bat izan dezakezu. Larrua izorratu daiteke, eguzkiak asko jotzen baldin badio... Baina egitura mantendu egiten da; normalean, larruak eta sokak behar izaten dute konponketa. Gainerako instrumentuak ere saiatzen naiz sortzen konpontzeko errazak izan daitezen.
Erraza izan al zen hasieran bezeroak lortzea?
Dultzaina jotzen ere urte pila bat daramatzat herriz herri. Erreferentzia gisa, jendeak ezagutu egiten zaitu. Gero, ahoz ahoko komunikazioa dago. Baina gerora webgunea egin genuen. Lehen, telefono batekin nahikoa genuen. Gero, faxa jarri behar izan genuen. Gaur egun, ordenagailua dugu, Whatsapp, Instagram...
«Danborrak eta danbolinak, azkenean, pipiak ez baditu jotzen, normalean konpondu egin litezke. Badaude nik duela berrogei urte egindako danbolin batzuk berriak daudenak»
Esan izan dizute garestiegi saltzen dituzula?
Ni ahalegindu izan naiz produktu batzuk merke egiten, baina ez da posible. Kalitate minimo bat nahi baldin baduzu, horrek prezio bat dauka. Oso zaila da oreka hori bilatzea. Hasieran, saiatu nintzen merkatuan zegoen preziora egokitzen. Bi mailatarako instrumentuak egiten nituen: batzuk merkatuko prezioetan sartzeko, eta gero beste bat nik nahi nuen bezala. Azkenean, nik nahi nuen bezalakoak egiten bukatu dut. Apustu bat egin nuen: ahal den kalitaterik onena bilatuko dut, eta nahi duenak hori ordaindu behar du, eta kito.
Egongo da Interneten erosiko dituen jendea...
Bai, bai. Eta tokatu zait kanpoan erositako instrumentu bat ekarri eta konpontzeko eskatzea; bada, azkenerako ezetz ere esan izan dut. Nik, errespetuz, lehen egiten ziren danbolinak, garai batekoak konpontzen ditut, atzeko horiei errespetua diedalako. Baina kanpoan edo fabriketan egindako instrumentuak ez ditut konpontzen.
Uzten duzunerako, badago erreleborik?
Nire alabek-eta badakite hau egiten, baina, noski, bakoitzak bere lanak ditu... oso zaila da honetatik bizitzea. Nik egin behar izan dut dultzaina jo, dultzaina klaseak eman, irakasle ere ibili naiz, tailerrean lan egin... Hemen ez da sei ordu lan egin eta utzi; ordu asko sartu behar dituzu. Beste bizimolde bat da; ez naiz batere kexatzen, e! Ni ohetik jaiki eta tailerrean nago. Ez daukat autoa hartu beharrik, eta nik gauza horiek ere baloratzen ditut.
Apustua egin zenuen, baina bueltan ere jaso duzu, hortaz.
Bai, bai, ni lanak ez nau izutzen. Hemen bake-bakean nagoenean —adibidez, neguan, asteburu euritsuetan, kalera atera gabe...—, tailerrean ere oso gustura egoten naiz; inork ez dizu deitzen, inor ez da etortzen, hori ere polita da. Gero hiru egun pasatzen badira inor etorri gabe, ileak tente jartzen dira. ‘Hemen ez al du inork ezer eskatu behar!’, pentsatzen duzu.
Esker oneko lana da?
Bai, baina ni jubilatzear nago, eta nik uzten dudan momentuan, hor eten bat sortuko da. Jendeari iruditzen zaio etorri eta hau segituan egiten dela, baina ez, hemen ordu pila bat sartu behar duzu; ez da nahikoa urtebetean ikasten denarenarekin: egon egin behar duzu, nire ondoan jarri, eta ikasi. Eten bat sortuko da, eta zenbait gauza galdu egingo dira.
«Ni ahalegindu naiz produktu batzuk merke egiten, baina ez da posible. Kalitate minimo bat nahi baduzu, horrek prezio bat dauka»
Zeren hutsunea nabaritzen duzu?
Nik beti esan dut Euskal Herrian behar zela zentro bat, musika kontserbatorioa edo tailer bat, nahi duzun instrumentuak egongo direna horiek nola egiten diren jakiteko, eta erakusteko. Profesional batzuk ordainduta jarri, irakatsi, eta etorkizunean ere zentro bat egon dadin. Zeren museoak ondo daude, baina hilda dauden gauzenak dira museoak; bizirik eutsi behar zaio, eta hor ez da indarrik jartzen. Niri bihotzeko mina ematen dit, baina ofizio hauek desagertu egingo dira. Behar dugu inbertitu, lanean ari diren artista horiei lagundu, umeei artista izaten irakatsi, balio horiek bultzatzeko, arte bizi bat egiteko.
Baditu nahikoa plaza musika tradizionalak?
Hori ere gutxitzen ari da. Guk urteak izan ditugu emanaldi asko egin ditugunak. Ordu pila bat sartzen genituen herrietara jotzera joaten. Gaur egun, eskaria beste leku batean dago. Lehen, adibidez, taberna batera sartzen zinen dultzainarekin, eta oso ongi etorriak izaten ginen. Pintxoa eta guzti ateratzen zizuten. Eta, orain, taberna batera sartzen bazara dultzainarekin, askotan modu onez eta besteetan txarrez, baina bidali egiten zaituzte.
Jaiegunetara mugatzen da musika mota hori?
Festa egunetan, folkloreari kristoren garrantzia ematen zaio, eta ahalik eta lumarik ederrenekin eta jantzi politenekin ateratzen zaituzte. Baina, gero, hori bukatzen denean, ematen dizute whiski txar bat, lau zentimo, eta esaten dizute: «Segi etxera». Ez dira konturatzen honek eguneroko hori behar duela; artistak ere bizi egin behar duela, eta artisauak ere bai.
«Euskal Herrian behar da zentro bat, nahi dituzun instrumentuak egongo direna horiek nola egiten diren jakiteko, eta erakusteko»
Gutxietsita dago?
Ez, ematen zaio bere balioa. Egia esan, orain dagoen musika maila nik ez dut ezagutu. Oso jende gaztea da, oso prestatua. Bai profesionalki eta bai afizionatu bezala ere. Baina, azkenean, pixkanaka-pixkanaka bazterrean gelditzen ari diren gauzak dira.
Musika tresna tradizionalak txertatu dira hainbat musika taldetan. Aberasgarria dela uste duzu?
Musika bizirik dagoen gauza bat da, bizirik gaudenok egiten duguna. Euskal Herriko instrumentuek ametitzen dute beste instrumentu batzuekin jotzea. Beren mugak dituzte: egitura aldetik, beste instrumentu batzuk askoz ere eboluzionatuagoak eta aurreratuagoak daude. Baina aurrerakuntzak sartu ditugu, eta lehen pentsaezina zen lekuetan erabiltzen ditugu orain instrumentu horiek.
Baduzu tresna kuttunik guztien artean?
Egia esaten baldin badizut, egin dudan instrumentu bakoitza saltzeak ematen dit pena. Azkenean, batekin eta bestearekin aritzen zara, denak desberdinak dira, eta sentimendu hori sortzen da. Batzuk egurraren marrazkiagatik, beste batzuk hotsarengatik... Dultzaina izan da nik jo dudana, eta, agian, hori da gehien erakartzen nauena; baina kuttuna, horrela, kuttuna... ez daukat. Berez, berdin zait atabal bat, danbor bat, pandero bat... niri denek ematen didate pena.