Xamar. Irakaslea eta idazlea

«Egin ditudan lan gehienak irakasle izatearen ondorioak izan dira»

Xamarrek gaztetan ikasi zuen euskara; Aezkoan, bertze toki batzuetan bezala, eten egin baitzen bertako hizkuntzaren transmisioa. Ordutik, euskara izan da haren lanaren ardatza: bai irakaskuntzan, bai idaztean. Dibulgazioaren beharra nabarmendu du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Euskara, euskararen herria eta euskara duen jendea. Horri buruz hausnartu, ikertu eta idatzi izan du Juan Carlos Etxegoien Xamar-ek (Garralda, Nafarroa, 1956). Iruñean eta Garraldako Xamarrena etxean bizi da irakasle nafarra. Berriki, saiakerako Euskadi saria jaso du Etxerako bidean liburuarengatik. Etxerako bidea egin du kafe baten bueltan, lehengoak eta oraingoak aipatuz, eta horien inguruan hausnartuz.

Noiztik zara Xamar? Beti deitu dizute horrela?

Bai, herrietan horrela izaten da: jendeari etxe izenez deitzen zaio. Ez dakizkigu deiturak, baina bai zein etxetakoak diren: Mendialdekoa, Xurialdekoa, Kapitanenekoa... Baita, gurean, erdaraz funtzionatuta ere. Literaturan, kulturan edo kirolean hala izan da: Txirrita, Xalbador, Urtain...

Etxera bidean liburuan Aezkoa agertzen duzu. Nolakoa zen ibarra zure gazte garaian?

Anitz aldatu da. Garai hartan pentsatzen zen posible zela herrietan bizitzea, eta orain despopulazioa da arazorik handiena. Laborantzak eta abeltzaintzak beheiti jo dute, eta ez dago alternatibarik bertan bizitzeko, ez baitago politikarik horretarako.

Orduan ez zinen euskalduna. Noiz gerturatu zinen euskarara?

Gure belaunaldia frankismoan sortua, hazia eta hezia izan da, eta gure ezezagutza izugarria zen. Euskara testuingurutik kanpo zegoen guztiz. Nerabezaroan, hasi ginen konprenitzen zerbait gertatzen zela. Alde batetik auzi pozgarria izan zen, deskubritu genuelako gure aitatxi-amatxien belaunaldia euskalduna zela. Baina, bertze aldetik, min bat zen: Zer gertatu da? Zergatik ez digute transmititu? Ardura bila ginen. Hogei urterekin ez duzu konprenitzen. Ez genien deus leporatzen, baina barnean bazen min hori.

Amatxi euskalduna zela jakitea kolpea izan zen?

Ez genuen sekula aditu euskaraz, eta, etxean, bera zen abuela. Kolpe ikaragarria zen ohartzea hain hurbil zegoela euskara. Frankismoaren azken urteetan, Aezkoako gaztedi puska dezente bat, Garraldan bereziki, hasi ginen euskara ikasten ahal genuen gisan, ez baitzen irakaslerik. Hori ikusita, zenbait etxetan euskara modu naturalean itzuli zen. Belaunaldi zaharrenak, bat-batean, euskaraz egiten hasi ziren etxe batean, adibidez, haur bat baitzen. Haur hori ari zen naturalki euskaldun hazten, eta tarteko belaunaldiak ez zekien euskaraz.

«Zergatik mintzo zara horrela, mutiko?», erran zizun amatxik. Nola hartu zenuen galdera hori?

Izugarri zaila da. Amatxik burua aski arindua zuen. Deliberatu nuen euskaraz egitea. Pentsatzen nuen erranen zidala: «Noiztik elekatzen duzu euskaraz?». Saiatu nintzen: «Amatxi, herrian erran didate badakizula euskaraz». Harrituta gelditu zen: «¿Por qué hablas así, mi chico?». Erantzun hura iltzatuta geratu zitzaidan buruan. Harrituta, ezeroso, gaizki sentitu ginen biok.

Belaunaldi horrek balioa eman zion bere hizkuntzari azkenean?

Batzuek bai, eta bertze batzuek ez. Alderdi politikoen leherketa gertatu zenean, jendea zatitu egin zen alderdien joeraren arabera. Batzuek interesez heldu zioten gaiari, eta bertzeek, alderantziz: zerbait interes izan bazuten, osoki baztertu zuten. Lurrikara txiki bat izan zen herri txiki batean. Harremanak berrantolatu ziren.

Hizkuntzarekin gertatutakoak ahantzi dira?

Iruditzen zait hain boladan dagoen memoria historikoa bakarrik geratzen dela arma kontuetan. Eta hala behar da; hil zizkigutenen bila ari gara. Familian ere badugu halakorik. Baina oroimen historikoaren parte izan beharko luke azaltzeak zergatik euskaldungoa bilakatu den gutxiengo bere herrian. Edo zer trauma pasatu ditugun, kasik psikiatrikoak, gai honetan. Izan ere, hizkuntza edo kultura galtzeak ondorioak ditu, Ainize Madariagak bere liburuan azaldu duen bezala.

Ez zaio benetako baliorik ematen euskarari?

Hori da. Ez dugu traumatzat hartzen herri anitzetan belaunaldi batean bortxaz baztertu dituztela bere hizkuntza eta kultura, inposatutako bat hartzeko.

Nola hasi zinen irakaskuntzan?

Haur irakasle naiz formakuntzaz. Iruñean Jaso ikastola sortzen ari zen, eta han erori nintzen. Oposiziorik ez nuen egin nahi, momentu hartan nonahira bidaltzen ahal zintuztelako erdaraz irakastera.

Berezia izan zen sorrera hartan parte hartzea?

Izugarri berezia. 22-23 urte nituen. Ikastolan 09:00etan sartzen ginen. Lehenbizi, egin behar genuen ibilbidea haurrak autobusean biltzeko, eskola eman, gero mandarra jartzen genuen bazkaria emateko, gero berriz eskola, eta berriz eraman behar etxera. Finitzen genuen 18:00etan, eta, bilera bagenuen, batzuetan, 19:00 edo 20:00etan. Izugarrizko lana zen, baina ilusioa genuen.

Zer uste zenuten gertatuko zela ikastola horiei esker?

Ez nuen halako perspektibarik. Pozik nintzen, harro: doi-doi ziren bi urte pasatxo euskaraz hasi nintzela moldatzen; orduan, ikastolan aritzea niretzat harrotasun puntu bat zen.

Uste zenuten euskaldunduko zenutela Iruñea?

Ez, ez, garbi zegoen indarrak nolakoak ziren eta zer borroka egin behar ziren. Baina egiten zena ongi egin nahi genuen. Poz-pozik nengoen posible nuelako Iruñean euskaraz lan egitea.

Nola ikusten dituzu ikasgelak gaur egun?

Konplikatua da. Handitu dira, baina horrek eraman du, nik uste, kantitatearen aldeko apustua egitera kalitatearen kontrako emaitzarekin. Baina, bereziki, ikastolek eta D ereduak egiten duten lana ez da ikusten emaitzetan, hizkuntza politika egoki bat ez dagoelako. Gaur egun motz gelditzen da eskolan egiten dena, edo, askotan, galdu egiten da.

Nola eragin liteke erabileran?

Saiakera bat da Euskaraldia. Horrek dukeen problema da behar dela politika egoki bat hori atxikitzeko eta mantentzeko, egun ez dagoena.

Ikasteak ez duela balio erabiltzen ez bada, alegia.

Guk, batxilergoan, latina ikasten genuen, eta Europan jende pila batek ikasten zuen, baina hizkuntza hila da. Erakusten ahal da, baina ez da horrela berpiztuko.

Beraz, ez zara sobera baikorra?

Jende asko ohartu da egindako lanak ez dituela behar lituzkeen fruituak eman. Euskaltegietan antzeko gertatzen ari da. Zer ari gara egiten? Hizkuntza erakusten? Gramatika bat? Edo komunitate bat indartu nahi dugu? Hizkuntzaren inguruko diskurtsoa eskasa da batzuetan. Beti euskararen alde ari gara. Euskararen alde? Euskara gu gara. Gure komunitatearen kontra ari dira, euskaldunen kontra.

Erabileran aurrera egiteko, motibazioa behar da. Nola motibatzen ahal dira herritarrak?

Modu askotan. Lehenbizi, erakutsiz gure hizkuntzaren historia nolakoa den. Anitzetan pentsatu dugu hizkuntza salbatu dela herri hau bakartua dagoelako, baina Pirinioak zeharkatzeko toki inportanteenetako batean gaude. Horrek erran nahi du hizkuntza oso sustraiturik dagoela gure izaeran. Hemen gaude borondatea izan dugulako.

Eko den guzia boladan dago, ekolinguismoa izan ezik?

Gizaki mailan, ekologia eta herrien oreka kulturen bitartez pasatzen dira, eta kulturak dira hizkuntzak, batez ere. Naturan bioaniztasuna atxiki behar da, eta hori aberastasuna da; inork ez du dudarik ematen. Bertze gauza bat da egiten dugun ala ez. Eta giza bioaniztasuna zertan datza? Kulturetan. Hizkuntza guziak babestu behar dira; hori aniztasun kulturala da.

Badirudi pareta bat dagoela erdaldun elebakarren aldetik.

Baina ulertu behar dugu Iruñeko euskal mugimendu guzia, D eredua eta abar, erdaldunek sortua dela. Hori anitzetan atzendu egiten zaigu. Erdaldun pila bat dago aukerarik izan ez duena euskara ikasteko, baina haien indarrak, lana eta azienda ere erabili dituzte ikastolak sortzeko eta abar. Hori ontzat jo beharko genuke. Hortik abiatuta, gauzak egin daitezke.

Zure liburuei erreparatuta, erran liteke zure kezka nagusia herria, hizkuntza eta jendea direla?

Bai. Egin ditudan lan gehienak irakasle izatearen ondorioak dira. Euskal curriculuma falta da. D ereduan euskaraz irakasten da, baina kulturaren nondik norakoak ez dira ongi azaltzen. Liburuak zulo hori bete nahian idatzi ditut.

Dibulgazioa izan duzu helburu. Gutxi egin da Euskal Herrian?

Nik uste dut baietz. Eta interesa badago: egin ditudan lan guziek izan baitute salmenta polita. Funtsean da bere herriaren ezagutzan sakontzea. Ni frankotiratzaile bat naiz: lan hau ez dago babestuta; ez da oso komentatua. Euskara Jendea dokumentalek arrakasta izan zuten, baina inork ez du lerro bat idatzi serie horri buruz: ez on, ez txar.

Tresnak behar dira etengabe ukatzen den identitatea defendatzeko?

Hori da. Hezkuntza arras gai delikatua dela diote, eta curriculuma adostasunetik egin behar dela. Dagoeneko garbi dut nekez lortuko dugula adostasuna ukatzen gaituenarekin. Eguraldiaren mapak izugarrizko eztabaida sortu du urteetan, baita parlamentuetan ere. Hori baldin bada maila, irudikatu curriculumarena.

Herri gisa galduta dago Euskal Herria?

Bai, ez da ikusten alternatiba eta norabide argi bat. Kultura pentsatzen da dela larunbat arratsaldean egiten den hori, ohartu gabe horrek elikatzen duela herri honen muina. Hizkuntz komunitatearen arima horrek indartzen du, eta hortik etor zitekeen politiko hutsa den indar bat.

Euskadi saria nola jaso duzu?

Sariak oso erlatiboak dira. Berdin saritzen ahal zuten bertze liburu bat, eta ongi egonen litzateke. Uste genuen ez zela salduko, eta arrakasta izan du. Funtsean, euskararen berreskuratzea eta trauma hori ez da soilik gurea izan, Euskal Herri osoan neurri batean edo bertzean pairatu dute, eta jendeak identifikazio hori egiten du. Bertze aldetik, Aezkoa deskubritzen ari dira.

Orain irakasleen irakasle zara.

Astean behin eskolak ematen dizkiet irakasleei, Bilbon, euskaraz irakasteaz gain, kulturarena txertatzeko, motibatzeko. Euskara ez da bakarrik gramatika. Eduki kulturalak lotu daitezke, euskara ikastea kultur bidaia dela ikus dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.