Egiazko kanta bat, atzendu ez dadin

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran kantuan gogoratu dituzte Poliziak hil eta 45 urtera. Egia, justizia eta ordaina eskatu dituzte

Txistulari talde zabala German Rodriguezen hilarriaren ondoan, musika jotzen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Kantuan. Horrela gogoratu nahi izan dituzte German Rodriguez eta Joseba Barandiaran, Poliziak hil zituela 45 urte bete ondotik. Izan ere, kantuen bidez kontatu da azken lau hamarkadetan ukatutako egia; kantuen bidez egin dute hamaika musikarik epaitegiek zor duten justizia; eta kantuen bidez lortu dute Iruñean inork atzendu ez dezan 1978ko uztailaren 8an Espainiako Polizia zezen plazan tiroka sartu ondotik, karrikako istiluetan, Poliziak buruan tiro eginda hil zuela Rodriguez; eta hiru egun geroago, Donostian protestan ari zela, Barandiaran.

«Aditu nahi ez dutenen gorreria haustea» zuten helburu, atzo, musikariek. Hala azaldu zuten Miren Zaragueta eta Fermin Valentzia musikariek oholtza gainetik. 1978tik, urtero-urtero hutsik egin gabe omendu dituzte Rodriguez eta Barandiaran Iruñean, eta inoiz ez da musikarik falta izan. Horregatik, 78ko Sanferminak plataformak musikariei eta haien doinuei leku berezia eman die aurtengo ekitaldian. Hitzak eta soinuak inpunitatearen aurka. Egia, justizia eta ordaina zioen pankartak, eta plataformako kideek eta musikariek eutsi zioten ekitaldiak iraun bitartean. Goldatu, Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataforma,CEACUA, Martxoak 3 eta Sevilla Memoria elkarte memorialistak han izan ziren.

Txarangaren doinuen erritmora egin zuten lore eskaintza Rodriguezen omenezko hilarrian, eta Sustrai Colinak jarraitu zuen, bertsotan. «Poliziak gazte bat hil duela Parisen» kontatzen hasi zen, Nahel Merzouk gaztearen hilketa gogora ekarriz. «Baina ordurako German oihuka ari zen.../ Poliziak jarraitzen duen arte hiltzen/zuek segi ezazue, oroituz bizitzen», borobildu zuen.

Memoria ariketa

1978koa «polizia krimena» izan zela salatu zuen Zaraguetak, eta gertatutakoa «isilarazi» eta «ezabatu» nahi izan duten arren, jende askok mantendu duela Rodriguezen memoria bizirik. «Krimenaren lekuko izan ziren milaka pertsonak transmititu dute. Bakoitzak bere erara, gertaeraren gaineko egia eta eraso harekiko justizia eta ordaina galdegin dituzte». Baita musikariek ere: «Gure abesti eta bertsoetan bildu dugu gertatutakoaren oroitzapena, eta gure musikarekin izan gara erailketa hura salatu duten mobilizazioetan».

Hilketa horien arduradunak seinalatu zituen: «Espainiako Estatua, Barne Ministerioa eta Martin Villa»; baita «konplizitate judiziala» salatu ere. Hori ikusirik, «eremu sozial guzietan» eragiteko beharra nabarmendu zuen, «gertatutakoari buruzko egia berreskuratzeko, eta ukatutako justizia eta ordaina erdiesteko bideak ireki daitezen».

Rodriguezen omenaldietan parte hartu izan duten musikarien izenean, Zaraguetak esan zuen bide beretik jarraituko dutela aurrerantzean ere: «Gure kantu eta bertsoak, gure txistu, gitarra, gaita eta saxofoien erritmo eta akordeak lau haizeetara zabaltzen jarraituko dugu. Musika egia, justizia eta ordaina galdegiteko tresna bilakatzen jarraituko dugu». Eginkizun horretan, diskurtsoa «eguneratuko» dutela esan zuen, belaunaldi berriengana iristeko. Eguneraketa eta belaunaldi aldaketa oholtza gainean erakutsi zituzten. Valentziak ez zuen abestu urtero kantatzen duen Hilarria, gitarraren laguntzarekin. Lekukoa Skabidean taldeari pasatu zion, eta haiek arduratu ziren Hilarria kantaren ska bertsioaz. Eguerdian ez ezik, iluntzean ere kantatu zuten, Iruñeko Udalak haien kontzertua programatu baitzuen Konpainia plazan.

Ezohiko omenaldia izan zen, talde askok parte hartu baitzuten. Unerik berezienetako bat aurreskuarena izan zen. Hor ere belaunaldi arteko transmisioa irudikatu zuten. Mikel Legorburuk eta Josu Sarasatek jo zuten txistua eta atabala, hurrenez hurren. Biak larri zauritu zituzten 1978ko sanferminetako istiluetan. Dantzan, gazteak aritu ziren: Irene Araujo eta Oier Urra. Ondotik, abesbatzak Txoria txori kantatu zuen, eta plaza osoa batu zitzaien. Hainbeste jende bildu zen, atzekoek eta hilarritik gertukoenek ez zuten batera kantatzerik izan, nahi gabe kanon moduko bat eginez.

Bukaeran txistulariek lagundu zuten Internazionala eta Eusko gudariak kantak, mukuru betetako plazak aho batez kantatu zituenak. Atzo egiazko kantuak bota zituzten, oraindik erdietsi gabeko justiziari eta ordainari. Egiazko kantuak, German Rodriguez eta Joseba Barandiaran Poliziak hil zituela atzendu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.