Azaroaren 13an, benetako ustekabea eman zuen Odei Barrosok (1988, Urruña, Lapurdi): Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko azken buruz burukoan aritu zen, Amets Arzallusekin batera. Sustrai Colinaren aitzinetik pasatu ondoan, bere estiloaren atzetik dabil orain, rap mundura lerratuz tarteka, Donibane Ziburuko (Lapurdi) gaztetxeko ghetto-an barna.
Ez daukazu lotsarik Arzallus-Colina bikotearen hegemonia horrela apurtzeko...
Lotsarik ez, hala ere! Badakit ez dudala oraindik urratsa egin Sustrai Colinaren gainetik egoteko. Finala egun bat zen, eta pasatzeko zoriona izan dut.
Zer zen, ba? Miraria?
Ez... Lan baten emaitza ere bazen. Ahalegin baten emaitza. Eta, Ipar Euskal Herrian, txapelketa tresna bat da, baliabide bat, publiko gehiago erakartzeko. Ez da hemen txapeldun baten hautatzeko afera bakarrik. Aldi oro urrats bat aitzina egitea baizik.
Baina kritikatua izan da...
Bai, beti badira mihiluzeak, gauzei alde txarrak ateratzeko. Nire ustez, biziki ongi atera dira Iparraldeko azken bi txapelketak. Bertsolaritza aitzina doa! Baina kritikak onartu behar dira, baina, ahalaz, eraikitzaileak izan behar dute.
Zinezko bertsolaria zara, ez duzu kritikatzen...
Nola hori?
Bertsolariak demagogoak zaretela...
Egia da bertsolariak ahal bat jenderekin eta ongi gelditu nahi duela. Salbu, ezinezkoa dela denekin ongi izatea... Politikan bezala. Baina egia da entzun nahi dena kantatzeko joera badela. Ez da batere erraza zuretik kantatzea bertsotan kabroi baten rolean zaudelarik. Zuk erran nahi duzuna errateko eta zure ikuspuntua emateko, biziki ona izan behar duzu! Jendearen iritzitik kanpo, zurea emanez jende horrek zure bertsoa maitatzea, hori da zaila.
Erraztasun kontua da bakarrik?
Ez, kameleoiarena egitea da, azken finean. Ikastola batean kantatzen duzularik, etxeko lanekin jokatuko duzu, baina adineko jendearekin, beste zerbait aipatuko duzu...
Orduan, txapelketa batean, epaileari pentsatuz kantatzen duzu?
Kantatzeko unean, ez. Baina lehenagotik txapelketako eskemetara egokitzen zara. Bertso eskolan prestatzean, batez ere. Librean ez gara arituko, adibidez. Orduan, azkenean bai, epaileari egokitzen ari zara.
Sormenak zer leku du, beraz?
Bertsolaritza etengabeko sormena da. Bertsolaritzan, zinez zaila da zure estiloa ukaitea. Nik 22 urte ditut, eta nire estilorik ez dut. Ez oraindik; lantzen ari naiz.
Bertso eskolek formateatzen zaituztete?
Nik ez ditut bi bertsolari berdin ikusten! Gero, gazte garelarik, irakasleak sekulako eragina du ikaslearengan. Baina momentu batetik goiti, zuri da erabakitzea zer edo nor izan nahi duzun. Urrats hori egiten duzu, edo ez.
Amets Arzallus Xalbador berria bada, nor da Mattin, zu ala Sustrai Colina?
Ez dut uste Xalbador berririk baden. Amets da. Txapelketaren emozioan atera zen hori... Baina ez da bigarren Mattinik ere. Ez da pilotan bezala!
Astelehenetik igandera bertsolaritzan murgildurik bazabiltza. Ez zara aspertzen?
Irakastea eta kantatzea ez da batere gauza bera. Egia da Iparraldeko txapelketatik honat saio gehiago badudala. Saioak asteburuetan ditut, eta ez da beti erraza lana bukatu eta segidan kilometro dezente egitea. Baina, kantatzean, horiek denak ahazten ditut!
Saioetatik bizitzeko urratsa, noiz?
Oraingoz ez dut hori pentsatzen! Bertsotan aritzea plazer hutsa da, musika den bezala.
Rapean ere aritzen zara. Zer leku du bertsolaritzaren erreinuan?
Gure partetik, inprobisatze gutxi egiten dugu, idatzia da. Zuzeneko saioetan, horretan entseatzea posible da. Hala ere, leku txikia du. Bertsolaritza beti egokitu baita, nahiz eta garai aldaketak izan. Euskal rapa oraindik sartzekoa da, baina espero eginen dela, metalaren edo punkaren gisan. Gero, lortzen bada, badakit Euskadi Gaztea eta haren aita hor izanen direla, eta euskal raper bat aterako dute neskekin dantzan, beren negozioa eginez.
Hara, bertsolari bat publikoki kritikatzen...
Bai! Baina artearen negozioan kasu egin behar da.
Odei Barroso
«Egia da jendeak entzun nahi duena kantatzeko joera badela»
Iparraldeko Bertsolari Txapelketan bigarren atera zen. Geroztik, saioak ugaritu zaizkio, eta bere bidea zulatzen dabil, umiltasunaren aitzurrarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu