MAITE DUT MAITE... RAFAEL BERRIO. Karmele Jaio. Idazlea

«Egia bat dute Berrioren hitzek azpian; nortasun eta begirada propioa»

Jaiok harreman«estua» izan du musikarekin itxialdian, baina aitortu du bereziki Berrioren abestiek lagundu diotela. Kanta batzuk buruan iltzatuta gelditzen direla uste du, eta arimetara iristea lortzen dutela.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Gustuko duen musikari bat hautatu du Karmele Jaio idazleak (Gasteiz, 1970). Esan du konfinamenduko egunetan, Rafael Berrio musikariak eta haren musikak asko lagundu diotela, baina aurrez ere entzuten zuela hark eginikoa. Martxoaren 31n hil zen Berrio, eta idazleak aitortu du pena «handia» duela. Haren ustez, musikariaren kantek begirada eta nortasun propioa dute. Hala ere, uste du hark utzitako guztia «oso baliotsua» dela.

Zergatik Rafael Berrio?

Genio bat izan da, talentu handiko artista. Lehendik ere ezagutzen nuen, baina bereziki bere heriotzaren ostean, konfinamenduan zehar, izan dut konexio berezi bat bere musikarekin, eta asko lagundu dit. Egun horietan zehar, orokorrean, musikarekin harreman estua izan dut; garrantzitsua izan da, baina bereziki bereziak izan dira Berrioren abestiak.

Nola jaso zenuen haren heriotzaren berri?

Gogorra izan zen. Ez nekien gaixorik zegoela ere, eta ezusteko bat izan zen, ez bainuen espero. Egin nuen lehen gauza berriz ere bere diskoak bilatzea eta musika entzutea izan zen.

Zer du haren musikak?

Orratz bat azalean lez sartzen dira bere kantak. Lehenbizi, esango nuke berak kontatu nahi duen egia bat dutela Berrioren hitzek azpian; nortasun eta begirada propioa. Hein batean, egia hori adierazteko modu zehatz bat. Zuzenean arimara joatea lortzen du, inolako interferentziarik gabe. Uste dut poesia egiten duela, eta abesti batzuk guztiz iltzatuta gelditzen direla buruan.

Sentitzea eragiten duen zerbait?

Guztiz. Bereziki haren diskoetatik bi entzun ditut: 1971, 2010ekoa, eta Niño Futuro, azkeneko diskoa, 2019an argitaratutakoa. Horietan badaude iltzatuta gelditu zaizkidan zenbait kanta, eta oso hunkigarriak direnak; esate baterako, Dadme la vida que amo.

Baina konfinamenduaren aurretik ere ezagutzen zenuen musikaria.

Ez dut gogoratzen zehazki noiz hasi nintzen haren musika entzuten. Poliki-poliki sartu da nire bizitzan artista hau, eta aitortu behar dut pena ematen didala zuzeneko kontzertu batean inoiz ikusi ez izanak. Beraz, itxialdiaren aurretik ere asko gustatzen zitzaidan, baina konfinamenduan gertatu zait beste modu batera entzun ditudala bere abestiak, lasaitasun handiagoarekin, irekiago, kontzentratuago eta beste gauza batzuekin hain despistatuta egon gabe. Haren hitzak, haren musika kontzentrazio horrekin entzuteak emozio berezi bat eragin dit, eta ordutik gehiago gustatzen zait.

Ba al dauka zerikusirik zure jardunarekin, idaztearekin?

Bai, hitzekin lanean ari delako eta hitz horiekin poesia egiten duelako. Idazteko modu zehatza eta zuzena dauka, egia bat adierazteko modu bat hitzen bitartez. Beraz, uste dut harreman oso zuzena duela idaztearekin.

Beraz, lotura badago.

Noski, baina uste dut orokorrean dena dagoela nolabait elkartuta. Edertasuna bilatzen duten eremu artistiko ugari daude; bakoitza halako eremu ezberdin bat da, baina azkenean musikarekin, literaturarekin edo beste arlo batzuekin bilatzen dena gauzak esatea da, beste era batera kontatu ezin daitezkeenak. Badaude gauza batzuk soilik artearen bidez esan daitezkeenak. Horregatik uste dut daudela denak eskutik emanda, harremanean.

Ba al dute zure lanek zerbait Berrioren musikatik?

Gustatuko litzaidake berak duen nortasun hori izatea. Berak nahi zuena egiten zuen, edo gorputzak agintzen ziona; bere abestiek, bederen, hori islatzen dute. Ez doa moda baten atzetik, estilo konkretu baten atzetik; uztartzen ditu estiloak eta erreferentzia desberdinak; egiten du benetan berak bakarrik egin dezakeen zerbait, eta bere begirada propioa duena. Hori gustatuko litzaidake idaztea, zuk bakarrik egin dezakezun zerbait, zure begirada delako eta zure begirada bakarra delako.

Orain, haren hutsunea nabarituko al duzu?

Pena handia daukat. Batetik, pertsona hil egin da, eta hori garrantzitsuena da, baina pena ematen dit berak oraindik eman zezakeen guztiagatik. Pena da bere hitz berri gehiago ezin entzutea, bere musika, konposizio berri gehiago ezin aditzea, baina utzi duena oso baliotsua da.

Zer esango zenioke mezu bat helarazi beharko bazenio?

Eskerrak emango nizkioke utzi digun egiazko legatu horrengatik. Baliozko zerbait utzi digu, eta, nahiz eta bera hil den, bizirik jarraitzen dute bere hitzek gure buruetan. Eskerrak emango nizkioke, ez besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.