Edozein izan daiteke

Tradizioak aldakorrak dira; batzuk galdu egiten dira, eta beste batzuk, berriz, eraldatu. Gasteizen, lehen aldiz, edonork izango du aukera bost urtez Zeledon izateko.

Lehenbizikoz, emakume bat izan daiteke Zeledon. L. RICO / EFE.
unai etxenausia
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
«Denoi egingo litzaiguke arraro Zeledon edo Olentzero bera emakumeak izatea. Edozelan ere, figurak bikoizteak baino zentzu handiagoa dauka izatez aldatzeak». Eta Zeledon(a) titulua jarri zion Onintza Enbeitak ostegunean BERRIAn argitaratu zuen iritzi artikuluari. Nor izango ote da hurrengo bost urteetako Zeledon(a)?

Nolanahi ere, argi dago Gorka Ortiz de Urbina azken aldiz izango dela Zeledon aurten, eta lekukoa hartu beharko dio norbaitek. Gasteizko Blusa eta Nesken Elkarteak atera duen komunikatuan argi esan du: «Edozein blusa edo neska izan daiteke Zeledon». Edonork lortzeko modukoa izan behar duela ulertuta. Horrez gain, erabaki dute Zeledonen rola gehienez bost urtez jokatu ahal izango dela, nahiz eta epea laburragoa izan daitekeen, aukeratutakoak hala eskatzen badu.

Zeledonen jaitsiera gasteiztar talde batek asmatu zuen,1957. urtean, hiriko jaiak beste lekuetakoetatik bereizteko zerbait izan zezaten. Zalduondon (Araba) jaio zen Zeledon, eta, istorioaren arabera, iturri bat eskaini zien gasteiztarrei, jaietan ardoa isurtzen zuena. Pertsonaiak Juan Celedonio de Anzola zuen izena. Beste ikertzaile batzuen arabera, berriz, Zeledon armada karlistako brigadier bat izan zen, Andagoian (Araba) jaioa, eta Zeledon Agiluz zuen izena. Istorioaren bertsio ezberdinak dauden arren, guztiek goraipatzen dute Zeledonen figura.

Zeledon berria hautatzeko prestaketa prozesuan parte hartu duten guztiek «atxikimendu osoa» adierazi diote dokumentuari. Are, aldarrikatu dute Blusa eta Nesken Elkarteak autonomia izan behar duela aukeraketan. Aurretik Zeledon izan direnek ere lagunduko dute prozesuan, «figuraren garrantziari buruzko esperientzia eta ezagutza emanez», elkarteko kideek azaldu dutenez.

Blusa eta Nesken Elkarteko kuadrilla bakoitzak haren hautagaia aurkeztuko du, baina badaude nahitaez bete beharko dituen baldintza batzuk: tartean, «Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan zuzen hitz egiteko gaitasuna izatea. Gainera, aukeraketan hauek ere hartuko dira kontuan: elkarteak eta blusen eta nesken kuadrillek egindako jardueretan parte hartzea; eta Zeledonen irudiaren garrantziaz jabetzea, bai eta haren oinarri historikoaz eta bilakaeraz ere», adierazi du elkarteak.

Tradizioak aldatuz

Pertsonaia sortu zutenetik, lau gizonezkok jokatu dute Zeledonen rola. Ortiz de Urbinak 2001ean hartu zion erreleboa Iñaki Landari, eta, geroztik, Urbinak egin du Zeledonena. 2023ko abuztuaren 4an jokatuko du azkenekoz Zeledonen rola. Ortiz de Urbina Zeledon gisa hazi eta heldu da. 30 urte bete gabe hartu zuen agintea, eta 50 urteak pasatuta utziko du kargua. Zeledon izendatu zutenetik, gainera, ez du inoiz huts egin; pandemiaren ondorioz bertan behera utzi zituzten jaietan izan ezik, 2020an eta 2021ean.

«Uste dut jendeak ez duela oso ondo ulertu aukera sortu dela neska izan dadin, baina horrek ez du esan nahi benetan hala izango denik», adierazi du. Hori bai, Ortiz de Urbinak gehitu du gizarteak berdintasunerantz eboluzionatu duela, eta, erabateko berdintasuna oraindik urrun dagoen arren, orain planteatzen denaren pareko urrats txiki baina etengabeak egin direla. Bost urteko muga da zalantza gehien sortzen dizkiona. «Denbora horretan, pertsona batek ezin du bere arrastoa utzi», esan du.

Ez da, ordea, Gasteizko jaietan egingo duten lehen aldaketa aipagarria. Urteen joanean, hiriko jaietako beste hainbat tradizio moldatu dituzte; izan ere, ohiturak aldatuz joan dira. Esaterako, jaietako abesti herrikoiak euskarazko bertsioa ere badu egun. Bestalde, uztailaren 25a «Blusaren Eguna» baino ez zen lehen, baina izena moldatu, eta «Blusa eta Nesken Eguna» izendatu zuten 2015ean. Urte horretan bertan, Blusa eta Nesken Elkarteak berdintasun talde bat sortu zuen. Printzipioz, kuadrillek ez diete betorik jartzen emakumeei, iraganean bezala. Baztertu egin zen mutilek neskei bularretan pegatinak itsasteko ohitura ere. Beraz, jaiak ere eboluzionatuz doaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.