Aktorea

Nerea Mazo: «Edonork egiteko moduko erronka da; ez da kirolaria izan behar»

Bigarren urtez izango da Nerea Mazo 18 Astetan Triatleta egitasmoko enbaxadoreetako bat. Distantziarik luzeena aukeratu du aurten. Kirola, emakumea, euskara, gozamena... uztartzen ditu egitasmoak.

NEREA MAZO
Nerea Mazo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
unai zubeldia
2024ko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Bere burua ez dauka kirolaritzat, baina olinpiar distantziako triatloi bat dauka begiz jota: Onditzen oroimenezkoa; ekainaren 30ean egingo da, Donostian. 18 Astetan Triatleta erronkako hiru enbaxadoreetako bat izango da aurten Nerea Mazo (Bilbo, 1998). Otsailaren 19an hasiko dituzte entrenamenduak, hiru distantziatan. BERRIA da babesleetako bat.

Negua gordintzen hastera doanean, oraintxe hasi behar duzue justu korrika, igeri eta bizikletan?

Hala da, bai. Ez da garairik onena; Gabonetatik orain artekoa da gogorrena, tarte honetan zaila izaten baita entrenatzea. Baina gogotsu nago, indarberrituta.     

Triatloia maitatzea lortu dutenetako bat zara zu, ezta?

Bai, bai. Zaila dirudi, baina oso erraza da triatloia maitatzea. Gustua hartzen zaio azkenerako, eta oso dibertigarria da. Ondo pasatzea, disfrutatzea eta kirola egitea da nire helburua. 

Erresistentzia maila, progresiboa, aktibazioa... Hiztegia ikastea bera ez da erraza...

[Barrez] Ulertu egin behar da diziplina, entrenamendua, bizikletaren materiala... Hasieran dena izaten da berria, eta berritasunak ematen du bertigo pixka bat, baina pixkanaka ulertzen dira gauzak. Hori bai, ezinbestekoa da inguruan jendea izatea, bakarrik ez sentitzeko eta lagunekin entrenatzeko, talde bat topatzeko.

Ezagutzen ez duenarentzat, zer dira Triatloia Maite Dut eta 18 Astetan Triatleta?

Lehenik eta behin, argi utzi behar da edonork egiteko moduko erronka dela hau, ez dela kirolaria izan behar. Hemezortzi astean edonork prestatu ahal izango du aukeratu duen distantziako triatloia, markak ahaztuta, ondo pasatzeko helburuarekin eta entrenamendu plan batekin. Jendeari eta bereziki emakumeei kirola gerturatzeko egitasmoa da. Doako entrenamendu saioak dira, inolako konpromisorik gabe egitekoak; ondoren, ez dago derrigor lehiatu beharrik. 

Aurrez aurreko entrenamenduak eta norberak landu beharrekoak dauzkazue, ezta?

Hala da, bai. Telegram talde bat izango dugu, elkar babesteko, baina tarteka egingo ditugu entrenamendu saioak eta kanpamentuak ere. Norberaren maila bertsua dutenekin entrenatzea da nire aholkua, jarraitutasuna izateko. Enbaxadore gisa, nire egitekoa da erakustea triatloi bat edonork egin dezakeela. Nik kirola egiten dut, baina ez naiz atleta; aktorea naiz.

Ur azpian ere euskaraz ariko zarete, ezta?

Hori da. Kirol arlora eta gazteengana hurbildu nahi dugu euskara. Euskaraz bizi nahi dugu, eta euskaraz egin nahi dugu kirola. 

Olinpiar distantzia aukeratu duzu zuk aurten: 1.500 metro igeri, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika. Labur gelditu zitzaizun iazkoa?

Ez, ez. Baina oso burugogorra naiz. Distantzia txikieneko enbaxadorea izan nintzen iaz, superesprintekoa, baina esprintean lehiatu nintzen gero, eta berez zegokidan distantzia halako bi egin [750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika]. Noraino iristeko gai nintzen probatu nahi nuen, eta hala egin nahi dut orain ere, nahiz eta jabetzen ari naizen dezente sufrituko dudala. 

Ekainaren 30erako daukazu zuk zehaztuta eguna: Onditzen oroimenez jokatzen den triatloia egingo duzu, Donostian. Zergatik aukeratu duzu proba hori?

Helmuga bat jarri behar izaten da beti, uda aurretik ahal dela. Oroimenezko bat delako aukeratu dut, Donostian delako, garrantzi handiko triatloia delako...

Hemezortzi asteko entrenamendu planean, zer momentu izaten da gogorrena?

Norberaren araberakoa da hori. Nik korrika sufritu nuen gehien hasieran, sekula korrika egin gabea nintzelako, baina nahiko azkar hartu nion neurria, serieei esker. Zailena, berriz, bizikleta da, ordu asko behar direlako emaitza onak lortzeko.

LOTSABAKO

Aktore lana edo kirola?
Aktore lana.

Igeri, korrika edo bizikletan?
[Asko pentsatu ondoren] Igeri.

Triatloi bat?
Zarauzkoa egin nahiko nuke noizbait.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.