ATZEKOZ AURRERA. Igor Otaegi. Eskrimalaria eta eskrima irakaslea

«Edonork egin dezake eskrima»

Otaegik 34 urte daramatza eskrima praktikatzen, eta 22 urte Fortuna kirol elkartean eskrima irakasten. Bihar eta etzi, gainera, eskrima saioak eskainiko dituzte Donostiako Katalunia plazan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Joseba Arratibel Ladron.
Donostia
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herrian eskrima ez da kirol oso ezaguna. Donostiak, ordea, ia hemezortzi urte daramatza kirola Aste Nagusietan bultzatzen. Izan ere, Fortuna kirol elkartearen eskutik, eskrima saioak eskaintzen dituzte hiriko hainbat lekutan. Aurten, bihar eta etzi egingo dituzte, Gros auzoko Katalunia plazan. Doakoa izango da, eta ez dago inon aurretik izena eman beharrik. Igor Otaegi (Bartzelona, 1970) Fortuna kirol elkarteko eskrima irakaslea da. Eskriman eskarmentu handia du, baina egun irakastea nahiago duela azaldu du: «Ikasleen hedapenak eta garaipenek asko betetzen naute».

Nolako harrera izaten dute Aste Nagusian egiten dituzuen eskrima saioek?

Arrakasta handia lortzen du jarduerak, eta urtetik urtera askok errepikatzen dute. Izan ere, oso jarduera ezberdina da beste ekitaldiekin alderatuta. The Three Musketeers, The Mask of Zorro eta Pirates of the Caribbean filmei esker, atentzioa ematen du. Nahiz eta haurrentzako eskaintzen den, helduak eta adinekoak ere parte hartzera animatzen dira.

Nola parte har dezake sekula eskrima egin ez duen norbaitek?

Parte hartzen hasi aurretik, guk erakusketa txiki bat egiten dugu, eskrima zer den eta zein material erabiltzen diren azalduz. Bi ikasleren arteko lehia ere erakusten dugu, eta, gero, nahi duen orok bikoteka parte har dezake. Horiei babes jantzia eta maskara janzten dizkiegu, eta borroka egiten dute. Asko ilaran jartzen dira beste behin, jardueran parte hartu eta gero.

Zenbat arma erabiltzen dituzue eskriman? Eta nolakoa da jendearen lehen kontaktua armekin?

Hiru modalitate daude: floretea, ezpata eta sablea. Hirurak modalitate olinpikoak dira, eta guk sablea lantzen dugu gehienbat. Oro har, inpresio handia sortzen du, armak metalezkoak direnez, hartzerakoan soinuak atentzioa ematen baitie. Parte hartzerakoan denetik dago: lehiatzera animatzen den jendea; jende lotsatia; baita lotsatiak diruditenak baina gero, lehiatzean, harridura eragiten dutenak ere, eta abar.

Erraz eskuratzen dituzte eskriman lehiatzeko teknikak?

Bai, errazak dira. Lehendabizi, hankekin eraso eta defentsa egiteko oinarrizko mugimenduak irakasten zaizkie. Gero, armaren erabilera, eta, azkenik, arauak ematen zaizkie borrokak egin ditzaten. Eskrima logika handiko kirola da, xakea bezala. Adibidez, leku batean erasotzen badidate eta blokeatzen banaute, beste leku batean eraso egin beharko dut, edo aurkaria engainatzeko teknikak pentsatu beharko ditut. Hemen ez du burugogorrenak irabazten, baizik eta bizienak.

Filmekin alderaketak egitean, dotorea, garestia eta ez oso segurua dela dirudi. Horrela da benetan?

Oso kirol dotorea da, koordinazioa, kontzentrazioa, abiadura, erreflexuak eta abar lantzen dituena. Horregatik, oso ondo datorkie, bai gazteei, baita adinekoei ere. Gainera, ez da batere garestia; materialak ez du asko balio, eta asko irauten du. Eskrimako babes jantzia futbol kamiseta bat baino merkeagoa da, eta maskarak, esaterako, hamar urte inguru irauten du. Bestalde, ez da batere arriskutsua: kirolik seguruenetako bat da. Armek ez dute mozten, eta, hala ere, babes jantziak eta maskarak erabiltzen dira.

Mugikortasun urriko pertsonentzako eskolak ere ematen dituzu. Nola izaten da hori?

Bai, gurpil aulkiko eskrima ematen dugu; izan ere, edonork egin dezake eskrima. Oinezko eskrimaren bertsio egokitua eskaintzen dugu. Bestea bezain dibertigarria eta dinamikoa da, eta, era horretan, desgaitasun fisikoa dutenek ere eskrima egiteko aukera dute. Gaur egun, zazpi bat laguneko taldea dugu, eta hainbat garaipen eskuratu dituzte.

Eskarmentu handia lortu duzu eskriman. Noiztik praktikatzen duzu, eta zenbat garaipen lortu dituzu?

11 urterekin hasi nintzen eskriman, eta 18 urterekin entrenatzaile gisa; hortaz, 34 urte daramatzat entrenatzen. Madrilen hamahiru urtez egon nintzen hiru klubetan irakasten, eta gero Donostiara etorri nintzen. Gipuzkoan eskrima sortzeko beharra ikusi nuen, eta 2000. urtetik Fortuna kirol elkartean jarraitzen dut. Nire ibilbidean zenbait garaipen lortu ditut; esaterako, brontzea irabazi nuen Estrasburgoko maisuen txapelketan; baina, orain, nire helburua da nire ikasleek garaipenak lortzea.

Euskal Herrian, nola ikusten duzu eskrima?

Gipuzkoan, Fortuna kirol elkartea da klub handiena. Orain, Irungo Gadius kirol elkartean eskrimako klub bat egin dugu, eta Lezon beste bat. Horrela, Gipuzkoako eskrima sustatzen ari gara gutxinaka. Niretzat, garrantzitsuena norberak bere kirola aurkitzea eta garatzea da. Beraz, eskrima gehiago ezagutarazi nahiko nuke jendeak ezagutu eta probatu dezan. Horretarako, aukera itzela da biharkoa eta etzikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.