Sanferminak Iruñean

Edonork egin dezake dantzan

Dantzariek, joaldunek eta musikariek girotu dute Errenteriako Erromeria Eguna. Ereintza dantza taldeak antolatuta, kalejirak, erromeriak eta bazkaria egin dituzte

Haur eta helduak elkarrekin aritu ziren dantzan. GORKA RUBIO / FOKU.
Errenteria
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Nazkatuta geunden begira egoteaz, eta gu ere animatu ginen dantzan ikasi eta herriz herri eta erromeriaz erromeria ibiltzera», azaldu du Xabier Obeso dantzariak. Denetarik dantzatzen ari da: erdizka lauetan eta dobla, arin- arin zein fandango, gelditu gabe dabil. Izan ere, atzo Erromeria Eguna egin zuten Errenterian (Gipuzkoa), Ereintza dantza taldeak antolatuta.

Musikari eta dantzazale andana bildu da kalean. Dantzaria izan edo ez, edonork du aukera, dantzatuz edo dantzan ikasiz, egun polita pasatzeko. Zumardira bidean pasatu dira joaldunak. Haien atzetik datoz musikari eta dantzariak. Txirulek, ttunttunak, akordeoiak eta bonboak girotu dute kalea. Jendea begira dago kale bazterretan. Dultzaina eta atabal soinuek tapatu dute aurrekoena, eta trikitilariak datoz atzetik: Egun da Santi Mamiña benetan egun samiña, trikitien hauspoak ireki eta itxi ari dira. Talo usaina dago plazaren izkinan; aurten ere, talogile eta pastel saltzaileek badute euren postutxoa plazan.

Koldo Mitxelena plazan egin dute goizeko lehen deskantsua dantzariek eta musikariek. Hor dira helduak berriketan, eta haurrak parkean dilin- dalan eta alde batetik bestera korrika. Indarrak hartu, eta jarraitu du kalebueltak bere bidea. Sokadantzak, bolant dantzak, kalejira eta zazpi jauzia: «Bat, bi,hiru... Zazpi!».

Ordu bata jotzerako, Aiko taldeko kideak erromeriarekin hasteko prest daude, Zumardia pasealekuko agertokian. Plaza beteta dago, eta itzaletan diren terrazak, jendez leporaino. Denetik dago: 60 urtez dantzan aritu direnak, dantzan hala moduz egiten dutenak, amaren pausoei segika dabiltzan haurrak, dantza taldeko dantzari gazteren bat...

Alaia Yuste eta Eider Gonzalez dantzari gazteak dira, eta, esan dutenez, gogotsu gerturatu dira erromeriara: «6 urte genituenetik joaten gara dantza eskoletara, eta pozgarria da halako egun batean adin guztietako jendearekin dantzan aritzea», azaldu du Yustek.

Arratsaldean, erromeria

Maddi Lasa dantzaria ere gustura joan da Erromeria Egunera, baina zera esan du gazteen presentzia txikiaz : «Garaiak aldatu dira, gazteen gustuak ez dira lehenagokoen berdinak, eta dantzan aritzen garen gehienok etxetik jaso dugu afizioa». Haren iritziz, erromeriak leku politak dira jendea batzeko eta dantza mundura integratzeko: «Erromeriekin, jendea kalera ateratzen da, baina pena da, helduak dira erromerietako protagonista, eta geroz eta gazte gutxiago izaten gara». Obesori ere pena ematen dio egoerak, eta ez du ulertzen zer gertatzen ari den: «Ulertezina egiten zait. Aspaldi ohartu nintzen gazteak geroz eta gutxiago direla erromerietan, eta oraindik ez dut ulertzen gazteak nola ez diren animatzen halako girora. Lotsa emango die akaso».

Obesok duela hamabost bat urte erabaki zuen dantzan ikastea, ez du txikitatik dantzan ikasi. «Erromerietara etortzen ginen, eta, emazteak dantzan hasten zirenean, kanpoan gelditzen ginen senar guztiak, haien poltsari heltzen». Gizon guztiak elkartu, irakasle bati proposamena egin, eta dantzan ikasten hasi ziren. «Orain erromeriaz erromeria ibiltzen gara kuadrilla guztia, emakume zein gizon, eta denok pasatzen dugu ondo dantzan. Egun, harrotasunez erakusten dugu dantzan dakigula, baina ikusteko dago erromerien mundu honek etorkizunik izango duen», esan du.

Aikoren dantzaldia amaituta, bazkaltzera joan dira guztiak. Aurten, lekuz aldatu, eta merkatu zaharrean egin dute bazkaria. Donostiako Intxaurrondoko lagunek prestatu dute jatekoa, eta jai giro ederrean pasatu da bazkalordua. Arratsaldean, eguna amaitzeko, jende ugari bildu da Zumardia pasealekuan, Patxi Perez eta Konpainiak girotu duen erromerian dantzatzera; izan ere, edonork egin dezake dantzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.