Ezarian. Zientzia

'Edoardo Amaldi' ATVa bihar jaurtiko dute ISSra

ESAren hirugarren zamaontzi espaziala bost egunean iritsiko da ISSra, sei tona eta erdi bizigairekin

Edoardo Amaldi zamaontzia ISSra iristen, ilustrazio batean. ESA.
xabier martin
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Jules Verne (2008) eta Johannes Kepler (2011) ATV ontzi espazialen ondotik, bihar bertan jaurtiko dute Europako Espazio Agentziaren hirugarren zamaontzia: Edoardo Amaldi. Ingeniariek azken orduan egin dituzten egokitzapen batzuk direla medio atzeratu da Edoardo Amaldi-ren espazioratzea, baina arazorik sortu ezean, datorren asteazkenean iritsiko da Nazioarteko Espazio Estaziora (ISS), jaurti eta bost egunera. Ariane 5 suziriarekin bat aireratuko da bihar Kourou basetik (Guyana Frantsesa).

Bi solairuko autobus baten neurriak ditu zamaontziak: hamar metro luze da eta lau metro eta erdiko diametroa dauka. Hamar tonako masa dauka guztira. Espazioan dela, lau eguzki panel zabalduko ditu, eta haien bultzadaz egingo du bidea ISSra.

NASAren transbordadoreak ISSra ez doazenetik, ESAren zamaontziak (ATV) ezinbestekoak dira Nazioarteko Espazio Estazioa mantentzeko. Haiek eraman dituzte azken bizigaiak eta erregaia. Errusiako Progress ontziek ere parte hartu dute zeregin horretan. NASAk ere bere alea jarriko du aurki lan horietan; uda honetarako Dragon izeneko zamaontzia eramango du ISSra. ESAren zamaontziak baino txikiagoa izango da.

Hirugarren ontziari Edoardo Amaldi fisikari italiar eta aitzindari espazialaren izena jarri diote, ez da ESAren azkena izango ISS hornitzeko misioan. Albert Einstein abiatuko da haren ostean, 2013an. Ibilgailu horiek erabat automatikoak dira. Hainbat tona gai eramaten dituzte, batetik; bestetik, euren motorren bidez euren kabuz egiten dute operazio guztia. ISSk orbitari eusteko aldika behar duen operazioa egiteko gai dira, halaber: espazio estazioaren Lurrarekiko altuera handitzen dute. ISS altuera galduz doa emeki-emeki, eta hori zuzendu behar izaten da tarteka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.