Duela 13.000 urteko otso espezie bat sorberritu dutela iragarri zuen Colossal Biosciences enpresak apiril hasieran, eta munduko hedabide guztietan lortu zuten berehalako oihartzuna. Desagertzeari aurre egin eta birsortu bezalako hitzak zabaldu dira berriaren inguruan hitz egiteko orduan, baina, zenbait zientzialarik zehaztu dutenez, espeziea ez dute berreskuratu, baizik eta otso arrunta moldatu dute haren ezaugarriak dituen animalia hibrido bat lortzeko.
Canis dirus edo dire wolfdeitzen zaio jada existitzen ez den espezie horri, eta otso grisak baino handiagoak ziren; burua pixka bat zabalagoa zuten, ile lodi eta zuria. Ipar Amerikako historiaurreko haragijale bat da, Pleistozeno Aro Zaharrean eta Holozenoan bizi izan zena. Gaur egun ezagunak dira Game of Thronestelesailean agertzen zirelako. Jurassic Park filmeko dinosauroak balira bezala, otso horien ezaugarriak fosil batzuen DNAri esker lortu dituzte Colossal Biosciences enpresako ikertzaileek. Orain,otso erraldoiaren ezaugarri batzuk dituzten otsokumeak lortu dituzte: Romulus, Remus eta Khaleesi izendatu dituzte.
Beth Shapiro Colossal Bioscienceseko zuzendari zientifikoak The New York Times-en adierazi zuen otsoen kumeak desagertzeari aurre egiteko «lehendabiziko pauso arrakastatsua» zirela: «Bizirik egon ohi zen zerbaiten kopia funtzionalak birsortzen ari gara». Ainara Castellanos Ikerbasque Associate EHUn eta genetika irakaslea, ordea, ez dago horrekin ados, eta azaldu du birsortu eta halako hitzak erabiltzea ez dela zuzena: «Berez ez dute otsoa birsortu; duela 13.000 urteko DNA aztertuz gaur egungo otsoen eduki genetikoa modifikatu dute, antzinako otsoen antza izan dezaten». Otsoa editatu dute, beraz.
Desagertutako otsoaren DNA berreskuratzea lortu eta gero, gaur egungo hogei otso grisen geneak editatu zituzten; zehazki, desagertutako otsoaren ezaugarri nabarmenenak dituzten hamalau geneak. Gene horiek txertatu zizkieten DNA gehigarriaren teknikari esker. Gero, otso grisaren zelula editatuetatik enbrioiak sortu zituzten ordezko txakur ametan ezartzeko, eta hiru kumeak jaio arte itxaron zuten. Hori egiteko erabili duten teknika, genetikaren edizioa, ohikoa dela adierazi du Castellanosek: «Badaude teknika batzuk gaixoen zelulak ateratzen dituztenak; horiek editatu, eta minbizia tratatzeko erabiltzen dira. Gaixoaren zelulen mutazioak kentzeko erabiltzen dira».
Kumeekin, zer?
Hiru kumeak zortziehun hektarea inguruko instalazio pribatu batean dauzkate gordeta, Ameriketako Estatu Batuetan, zehaztu ez duten leku batean. Hiru metro garai den hesi baten atzean daude, eta zoologiko batean erabiltzen diren segurtasun teknikak erabiltzen dituzte; segurtasun langileek, droneek eta zuzeneko kamerek monitorizatzen dituzte. «Agian, animalia gaixoek ez dute bertan egon nahi. Baina, benetako ingurumen batean utziz gero, agian hil egingo lirateke; hori ez dugu jakingo. Feriako tximinoak balira bezala dituzte. Zein da benetako asmoa?», galdetu du Castellanosek.
Colossal Biosciences enpresako helburuak aztertu ditu Olatz Aranzeta doktoregai eta Herrialde Katalanetako Pompeu Fabra Unibertsitateko (UPF) Komunikazio Departamentuko ikerlariak. Aranzeta UPF-Centre for Animal Ethics zentroko kidea ere bada, eta animalia ikasketa kritikoak, interes taldeak (lobbyak) eta diskurtsoaren analisi kritikoak garatzen ditu. Otsoen modifikazio genetikoaz hizketan hasita, Aranzetak azaldu du animaliekin egiten dena ez dela haien onurarako. «Promozioan erabilitako estrategian argi utzi dute dirua lortzeko egin dutela, jendeari teknologia erakargarriagoa gerta dakion, eta enpresaren proiekturako kapital gehiago erakartzeko».
Azkenean, Canis dirus espeziearen desagerpena telesail ezagunarekin konektatu dute promozio kanpainan, Game of Thrones liburuan George R. R. Martin idazlea agertu baita hiru kumeekin. Aranzetaren arabera, esperimentu zientifikoa entretenimendu industriara lotuta dago bereziki, eta ez zabaldu duten «aurrerapen zientifikoaren» ideia horretara: «Demostrazio teknologikoa dirudi, eta baliabideak benetako lehentasunetatik aldentzen dituzte. Ez dauka zentzurik duela 13.000 urteko animaliak errekuperatzeko nahia izateak, ez baitute tokirik egungo ekosistemetan».
Aurrerapenen kontraesanak
Ikerlariaren arabera, existitzen ez den otso baten kopia txalotu egiten da, eta gaur egungo otsoei, berriz, babesa kentzen ari zaizkie. Otsoa Babes Bereziko Erregimeneko Espezie Basatien Zerrendatik (Lespre) ateratzea onetsi dute aurten, eta Hego Euskal Herrian legezkoa izango da otsoa ehizatzea,kontrol neurri gisa. «Hiru kume horietara bideratzen ari dira atentzioa, eta orain beste arazo larri bat dago: otsoen ehizaren itzulera», argudiatu du Aranzetak.
Gainera, konexio emozionala sortzen duten animalien itxura lortu nahi dutela aipatu du Aranzetak, ikus-entzunezko lanetan agertu diren animaliak berreskuratzeko asmoz. Horien adibideak dira mamutak eta dodo txoria. Otsoekin jardun baino lehen, Colossal konpainiak oihartzun handiko esperimentuak hasi zituen mamuten ezaugarriak elefanteetan txertatzeko. Ikertzaileek Asiako elefanteetan mamut fetuak haztea aurreikusi zuten. «Enpresaren asmoa da erakustea hori egiteko gai direla. Zertarako berreskuratu behar da mamuta? Mamutek ez dute bizitzeko behar duten ingurumena», ondorioztatu du Castellanosek.
Enpresa kritikatu egin dute espezie galduak birsortzeko erabili dituelako baliabideak, eta ez galzorian direnak babesteko. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, ezagutzen diren 8.300 animalia espezieetatik %22 galtzeko arriskuan daude. «Ez dira ari begiratzen klima krisian larri dauden animaliak zelan salbatu edo gaixotasunen kontra nola babestu», azpimarratu du Aranzetak. Ikerlariak argudiatu du aurrerapen hitzaren atzean ezkutatu direla, animalien esperimentazioa justifikatzeko erabiltzen den ohiko argudioan: «Progresioaren ideia askotan mito hutsa izaten da. Egiten dugun guztia onuragarria dela eta bukaeran denak mereziko duela ondorioztatzen dute, eragindako sufrimendua barne. Beren burua justifikatzen dute aditzera emanez egiten den guztia aurrerapenaren mesedetan dela».