ATZEKOZ AURRERA

Ederra izateko asmoz sortua

ZEID Zeinen Ederra Izango Den jaialdia egin dute Barakaldoko BECen. Eguerditik gauera arte, 10.000 bat lagunek abestu eta dantza egin dute hogei taldek eskainitako emanaldietan.

Jendetza batu da Barakaldoko BECen egindako ZEID jaialdira. RAUL BOGAJO / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ateak zeharkatu bezain pronto, lasterka hasi da gazte talde bat: «Azkar, azkar, ETS hasi dira eta!». Segurtasun zerbitzukoak hurbildu zaizkie, eta astiroago joateko eskatu diete. Baina zaila da musikaren taupada sentitzeko gogoa bridatzea. ZEID Zeinen Ederra Izango Den jaialdia ospakizun izateko asmoz sortu da: garai latzak atzean utzi eta aurrera begiratzeko xedez apailatu dute antolatzaileek, eta BEC erakustazoka(Barakaldo, Bizkaia) mukuru bete duten ikusleek sentimendu horrek blaituak dirudite.

Zeinen Ederra Izango Den jaialdiak Zetak taldearen izen bereko abestian du jatorria. Pandemiaren ondorioz ezarritako itxialdian sortu zen, eta aro beltz hura amaitu eta bizitza betiko bidera bueltatuko zen unea irudikatzen zuen abestiak. Horren ospakizun izango zen jaialdia egiteko asmoa ere orduan sortu zen. Asmo huts zena egia bilakatu da azkenean, eta BEC erakustazoka bete duten 10.000 ikusleak eta agertokian aritu diren hogei taldeak horren lekuko izan dira.

Goiz-goizetik jende askotxo zebilen BECen inguruetan. Eguerdi partean ez zegoen arazo handirik erakustazokan barna abiatu, ateetan sarrera eskumuturrekoaren ordez trukatu eta kontzertuetarako prestaturiko aretora sartzeko, baina, egunak aurrera egin ahala, jende ilarak handitu egin dira, eta barrura sartzeko itxaronaldiak ere gero eta luzeagoak izan dira.

Korrika ikusgai

Jaialdiaren guneetan, berriz, dena bikain antolaturik zegoen. Kontzertuak egiteko bi areto nagusiez gain, jantziak gordetzeko zerbitzu bat zegoen —horretan ere jende ilara luzeak eratu dira—, artisau azoka bat, musika taldeen saltokiak, tabernak, jantoki bat eta bestelako zerbitzuak ere bazeuden. Musikaren zurrunbilotik atseden apur bat hartu nahi zutenek ere bazuten horretarako aukera Korrikaren zuzeneko irudiak ikusiz, Hamaika telebistak jarritako pantaila handian.

12:00etan hastekoak ziren kontzertuak, eta 12:00etan tanko atera dira Ene Kantak ikuskizunekoak agertokira. «Ongi etorri gure herrira / ongi etorri gure gelara / ongi etorri gure mundu txikira», kantatzen zuten taldekoek, ume guztiak dantzan jarriz. Guzti-guztiak ez: batzuk adi-adi zeuden ikuskizunari begira, begiak arranpalo.

Zaira Unzue han zegoen, alabarekin eta beste lagun batzuekin: «Plana da goizean Ene Kantak ikustea umeekin; gero, laguntza logistikoa etorriko da haurrak eramatera, eta amak hemen geratuko gara, ondo pasatzen. Badaude talde batzuk ikusi nahi ditugunak: Iseo & Dodosound, reggae moduko bat egiten dutenak; Petazeta ez genuen ezagutzen, baina uste dut denok dantzan jarriko gaituela; gero Tanxugueiras ere ikusteko gogoz gabiltza, haiekin egon den polemika dela eta; Gatibu ere ikusiko dugu... Nik uste dut denetarik ikusiko dugula».

Arratsalde partean, Los Chicos del Maiz eta Gatibu taldeek ederto berotu dute giroa. Egitarauaren arabera, Zetak eta Zoo taldeek jarri behar zioten azken puntua egun luzeari, gauerdia igarota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.