Edalontzien erritmoan

'Cup song' modari jarraituz eta edalontzien erritmoa baliatuz, euskara sustatzeko kantu baten bideoa grabatu eta sarean jarri dute Iñigo Aritza Altsasuko ikastolako ikasleek.

Iñigo Aritza ikastolako ikasleak edalontziekin, bideoa grabatzen. IÑIGO ARITZA IKASTOLA.
2014ko otsailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskararekiko atxikimendua lortzeko, edalontziekin sortutako doinua eta erritmoa baliatu dute Altsasuko (Nafarroa) Iñigo Aritza ikastolan. Cup song sarean handitu den modari jarraituz, euskararen aldeko kantu baten bideoklipa grabatu dute ikastolako ikasleek eta irakasleek. Sarean ere jarri dute Euskara da Euskal Herri kantaren bideoa.

Pich Perfect pelikularen eszena batetik hartu zuten ideia Iñigo Aritza ikastolan. Filmaren pasarte horretan protagonistak edalontziaren kanta abesten du. Anna Kendrick aktore eta kantariak abesten duen When I'am gone (Alde egiten dudanean) kantak pelikulak baino arrakasta handiagoa lortu du, eta Youtuben milioitik gora ikustaldi lortu ditu. Arrakasta horren ondorioz, milaka bertsio egin dira, eta hamaika hizkuntzatan kantatu da.

Filmaren edalontzien erritmoa baliatuz, euskaraz bideoa grabatzeko lanari ekin zioten Eguberrietan Iñigo Aritza ikastolan. Jatorrizko abestiaren karaokea saretik hartu, eta ikastetxean guztien artean egindako Euskara da Euskal Herri kanta erabili dute nahi zuten mezua bidaltzeko: «Euskaraz bizi nahi dugula esateko erabili dugu, eta ikasleek euskararekiko atxikimendua lortzeko egindako lana da», dio Erkuden Flores ikastolako irakasleak. 0-3 urteko ziklotik hasi, eta hamasei urte arteko ikasleak ikasten dute ikastolan. «Sortzetik izatera, ikastolan da erabili dugun eredua, eta horretaz ere ohartarazi nahi izan dugu».

Auzolanean egindako lana

Ikastolako guraso, ikasle eta irakasleen arteko lana izan dela azpimarratu du Floresek. «Denon artean, auzolanean egindako lana izan da». Letra ere modu berean egin dute, irakasleen artean. Jatorrizko abestiaren doinua hartu eta gainetik haien grabaketa egin dute ikastolan, irakasle eta ikasleen ahotsa sartuz.

Lana gustura egin dute. Hilabete pasatu dute abestia ikasten, eta entseguak egiten, baina ikasleen motibazioa oso handia izan da. Eguberrietako oporretatik itzulita, ikasle zaharrenekin hasi ziren kanta ikasten, eta musikako eskoletan ikasi zuten edalontziekin egin beharreko erritmoa. Helduenekin bukatu eta gero hasi ziren gainerako mailetan, Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan. «Ikasleek oso ongi lan egin dute. Oso erraz ikasi zuten kanta eta erritmoa. Bazkalorduan eta jolas orduan ere aritzen ziren edalontziekin entseguak egiten», dio Bakartxo Presa ikastolako zuzendariak. Irakasleak izan dira bideoa egiteko lana koordinatu dutenak, baina grabaketa eta muntaketa guraso talde batek egin du. Ikastolan dauden 332 ikasleetatik berrehunen batek parte hartu dute bideoan. «200 edalontzi erabili ditugu, ikasle bakoitzeko bana. Bideoan ez daude ikasle guztiak, gela bakoitzeko ikasle talde bat hartu zelako».

Oraingoz ez dute Anna Kendrickenabestiaren bideoak izan dituen bezainbeste ikustaldi lortu, baina pozik daude emaitzarekin. «Etxerako produktua da, xumea. Urtero egiten ditugu euskararen aldeko ekintzak, eta une honetan sarean bolo-bolo dabilen abesti hori baliatu nahi izan dugu gurea egiteko», dio Floresek. Milioi bat ikustaldi ez, baina hamaika milatik gora lortu dituzte sarean jarrizutenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.