ATZEKOZ AURRERA. Jose Manzaneda. Euskadi-Cubako kidea

«Ebolaren krisian Kuba izan da laguntza bidaltzen lehena»

Manzanedak salatu du hedabide nagusietan politikoa dela Kubaren inguruko informazioa. Informazio horren aurka ari da borrokan Euskadi-Cuba elkartea 25 urteotan.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bilboko Prim kaleko 43. zenbakian dauka egoitza Euskadi-Cuba elkarteak. Handik Kubarekiko elkartasun politiko, kultural eta ekonomikoa sustatzen dute, munduan beste hainbat elkartek egiten duten bezala. Jose Manzanedak (Bilbo, 1965) Kubako errealitatea eta informazioa gerturatzeko behar egin du urte luzez. Esaterako, besteak beste, haren eskutik sortu zen Cuba Informacion hedabidea. Urte honetan, elkartea 25. urteurrena ospatzen ari da.

Duela 25 urte sortu zenuten Euskadi-Cuba elkartea, herrialdearentzako testuinguru zailean. Nola oroitzen dituzu hasiera horiek?

Elkartea 1989an sortu zen, Kuban krisi ekonomiko eta sozial handi batean bizitzen hasi ziren garaian. SESBa erori zenean, Kubak harekin zeukan merkataritza akordioa galdu zuen egun batetik bestera. Beraz,lehengaien gabezia handiak izaten hasi ziren herritarrak. Egoera horretan sortu zen Euskadi-Cuba, gabezia material horiei aurre egiteko asmoarekin. Garai hartan ekintza ugari egin genituen, eta lehengaiez betetako edukiontziak bidali genituen hara. Gaur egun, oraindik, giza laguntzari eusten diogu, garapenerako proiektuak lantzen ditugulako. Baina, gaur egun, batez ere Kubaren inguruko informazioa ematen egiten dugu lanik handiena. Hedabide nagusietan ateratzen ez diren albisteak argitaratzen ditugu, eta horiek herritarren artean zabaldu.

Cuba informacion sortu zenuten horretarako. Hedabide handiek Kubaren inguruan nolako ikuspegia lantzen dute?

Publiko orokorrari iristen zaion informazioa hedabide handiek filtratutako informazioa izaten da. Hau da, izaera politiko handia dauka. Kuban gaizki funtzionatzen duen gaiak aukeratzen dituzte, eta lorpenak isildu. Esaterako, ebolaren krisiaren erdian gauden honetan, Ban Ki Moon NBEetako idazkari nagusiak bost herrialdetara deitu zuen laguntza eske. Horien artean daude munduko lau herrialde nagusiak, eta bosgarrena Kuba bera. Horien artean, Kuba izan da lehena laguntza ematen.

Nolako laguntza bidali du Afrikara?

500 aditu bidaltzeko hitza eman du, eta 200 dagoeneko han daude. AEBk, kontrara, 3.000 marine bidali ditu. Beharbada birusa tiroka hiltzeko asmoa daukate.

Informazio hori hedabide handietara iristeko zein bide egin daiteke?

Ez daukagu inolako konfiantza eta aukerarik gure informazioa behar den bezala iritsiko dela bermatzeko. Beraz, egiteko bakarra geratzen zaigu: gure tresnak sortu, eta beste hedabide alternatiboetara iristea. Baina hedabide handien egitura blindatuta dago.

Kuban aldaketa politiko eta ekonomiko sakonak gertatzen ari dira. Hedabide horiek nola ematen dute informazio hori?

Behin eta berriz errepikatzen ari dira beste aukerarik geratzen ez zitzaielako egin dituztela aldaketak Kuban. Kapitalismo alderako pausoak ematen ari direla esaten dute, eta, boterea galdu nahi ez dutenez,agintariek hori onartu dutela. Baina hori gezurra da. Alderdi Komunistak onartu dituen 300 aldaketak 160.000 batzorde herritarretan adostutakoak dira, eta ez da kapitalismoa ezarriko. Egia da lehen ez zeuden merkatu faktoreak sartu direla. Estatuko enpresaren barruan autonomia handiagoa egongo da, baina kapitalismora joan gabe; sektore pribatu txiki bat sartuko da, baina ezingo du izan diru sarrera handirik, eta estatuko ekonomian indar txikia izango du. Hedabide handiek hori kubatar sozialismoaren porrot gisa hartzen dute. Kuba, baina, sozialismo iraunkor bat sortzera doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.