Ebakitako hegoak

Juana Perearen istorio «harrigarria» jaso du Jon Artanok bere lehen liburuan: 'Juana'. Urpekaria, marinela eta pirata izan zena. Preso izan zutena, gerran ibilia, eta ekintzaile ekologista eta lider soziala bihurtu zena. Kolonbiako narkoparamilitar talde batek erail zuen, 2020ko urrian.

Juana, Afganistanen, AEBetako armadarentzako lanean. 'JUANA' LIBURUTIK.
enekoitz telleria sarriegi
Zestoa
2023ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

Begiak itxita ageri da bera, eta urdin koloreko tximeleta bat du pausatuta masailean. Morpho elenor espeziekoa omen, eta haren ezaugarrien artean bat: behin eskuetan hartuz gero, otzandu egiten da. Ez da horratik masailaren jabearentzat balio duen ezaugarria. Juana Pereak argazki hori zeukan jarrita Facebookeko bere profilean, hil zuten egunean. Irudi hura erabili zuten Kolonbiako komunikabideek hilketaren berri emateko. Balio beza otzandu ez zuten hari hegoak nola ebaki zizkioten adierazteko ere.

Juana Perea (Bogota, 1970-Nuqui, Kolonbia, 2020) euskal jatorriko familia bateko «ardi beltza» izan zen, emakume «harrigarri» bat. «Nerabetan etxetik alde egin zuen abentura bila Karibera. Urpekaria izan zen, marinela izan zen, maitalea izan zen, pirata izan zen, preso izan zuten, telebista ekoizlea izan, gerran ibili zen fortuna bila, robinson izan zen, ekintzaile ekologista izan zen, lider soziala izan zen... eta martiri amaitu zuen», halaxe dakar jasota Jon Artano kazetari eta idazleak Juana bere lehen liburuan.

Juana Perea, Costa Rican bizi izan zen garaian. 'Juana' liburutik

Artanok irabazi zuen 2022ko Tene Mujika Beka, Anderik Ande izeneko proiektuarekin. Hego Amerikara joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletzea, eta handik Euskal Herrira etorritakoenak jasotzea zen lehen asmoa. Sei hilabeteko bidaiari ekin zion Argentinan, Txilen, Bolivian, Perun, Ekuadorren, Venezuelan eta Kolonbian zehar. Ez zitzaizkion guztiz arrotzak: hiru urte egin zituen Kolonbian EITBrentzat berriemaile. Herrialde guztietarako zeuzkan gaiak begiz jota.

Baina Juanaren izenik ez zen ageri zerrendan. «Urtebete neraman jada Euskal Herrian Juana hil zutenean, eta iritsi zitzaidan oihartzuna, baina ni ez nengoen jada han. Han nengoela gertatu izan balitz, ziurrenik albistearen berri emango nuen. Akordatzen naiz albiste harekin, baina erdi oharkabean pasatu zitzaidan», gogoratu du zestoarrak.

«Zer demontre da hau?»

Sei hilabeteko bidaia horretan, Kolonbia izan zen azken etapa. Jasota zeukan ordurako material dezente, baina Kolonbiako pertsonaia aukeratzea falta zitzaion. «Bogotako kafetegi batean izan zen, tintico batzuen lurrinen jiran. Kolonbiako bi lagunekin nengoela, esplikatu nien gai bila nenbilela nire lana osatzeko. Bietako batek aipatu zidan Juana. Googlen begiratu nuen, eta han irakurritako hiru zertzeladarekin zera pentsatu nuen nire baitan: 'Baina zer demontre da hau?'».

Eta segituan jarri zen harremanetan Juanaren anaiarekin, eta ordura arte haren erailketari buruz erreportajerik luzeena idatzi zuen kazetariarekin, eta, haren bidez, fiskaltzarekin. Goiz bat pasatu zuen Juanaren lehengusina baten etxean, haren anaia Iñakirekin. Eta hara joan zen: Choco eskualdera, Termales herrixkara, Nuquira... Euskal Herrira bueltatu zen, Juanari buruzkoak idatzi zituen, eta zati hura editoreari bidali zion, larrituta, lanean ari zela ikus zezan, bederen. Erantzuna: «Hemen bazagok liburu bat». Eta liburuko azken atala izan behar zuena liburu bilakatu zen.

Juana kolonbiarra zen jaiotzez, baina espainiarra zuen pasaportea, eta horri esker sortu zuen bere kasuak halako harrabotsa. Andres Perea izan zen haren aitona, EAE-ANVko kide entzutetsua. Besteak beste, Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzan Ogasun Saileko arduradun izana, eta lehendakariaren oso-oso hurbilekoa. Perearen familiak Kolonbiara alde egin behar izan zuen, Belgikatik barrena, 1936ko gerratik ihesi. Juanaren lehengusina Ana Maria Restreporen etxean topatu zuen Artanok «altxor bat», Juanaren izebak idatzitakoa, epopeia horren berri ematen duena, eta Artanoren liburuan xehetasunez jasota datorrena. «Liburu hori topatu izana sekulakoa izan da. Eta pasarte batzuk baino ez ditut sartu liburuan, baina iruditzen zait altxor literario bat dela. Niri malkoak ere atera zizkidan», azaldu du Artanok. Para los nietos (Bilobentzat) izena du Maria Victoria Pereak idatzitako izkribu hark.

Termaleseraino bidaia

Sakontzen du lehen parte horretan Artanok liburuan. Matazaren hari mutur bat da familiaren jatorriarena, eta korapilo askoko beste bat Juanaren jardunarena. Ez sinestekoak dira haren ibiliak, joanak, etorriak, etenak eta bihurriak. Kontatu dizkiote ingurukoek eta lagunek kontatu daitezkeenak, baina ikertu beharra izan du Artanok ikertzen ari dela esan gabe, inor ikerlaria dela ohartu gabe, tokian bertan, erailketa bati buruz galdezka,eta tokikoak erantzun nahi ezta. «Sapo-a, salataria izatea dagoen okerrena da inguru hartan. Eta, zenbaiten arabera, horren beldurrez erail zuten Juana. Niri ateak itxi zaizkit horregatik? Ez dakit, isilik baldin bazaude, ez duzu problemarik». Liburuan agertzen dira esaldi batzuk Artanorenak ez direnak: «Kolonbia isilik egoten ohitutako herrialde bat da» edo «Ezertan nahastu gabe bizitzen ikasi behar da». Artano: « Baina neurri txikiagoan bada ere, ez ote da hemen ere gertatu? Gatazka dagoen toki guztietan gertatzen da hori».

Termalesko bere lagunek ehortzi zuten Juana, 2020ko urriaren 30ean, Nuquin (Choco eskualdea, Kolonbia). 'Juana' liburutik

Termaleseraino joan zen Artano Juanaren arrastoari segika. Liburuan: «Ozeano Barean, Tribugako golkoan dagoen auzo koxkor bat da Termales. Han bizi zen Juana. Hura aukeratu zuen, Dave senarrarekin, hotel bat eta etorkizun partekatu bat eraikitzeko. Tribugako golkoan hamar herrixka daude, hain dira txikiak herri horiek ezen badiren hondartzan utzitako lorratza zein auzokorena den igartzeko gai direnak. Nuqui da kapitala. Udalerri hori Lapurdi baino handiagoa da azaleraz, baina Ondarroan baino jende gutxiago bizi da; 107 kilometro kosta ditu, eta portu artifizial bakar bat ere ez. Guztira zero kilometro errepide. Zerutik begiratuz gero, aireportuko pistako 1.300 metroak dira asfalto bakarra».

Hotel bat irekitzea zen Juanaren asmoa, baina ez zen horretara mugatu. Mugarik ez zuelako Juanak: herriko emakumeak ahaldundu zituen, laguntza behar zuenari eman, justua iruditzen ez zitzaiona salatu, geldirik zegoena mobilizatu, eta ageriko zein ezkutuko botereari kargu hartu. «Juanaren lehengusinak ere argi dio: 'Hark egin behar zuena zen bere hoteltxoa egin, han egon, eta ezertan ez nahastu'. Hori Kolonbian eta gatazka dagoen beste toki gehienetan da hala. Kontua da Juanak, izaeraz, ezin zuela hori egin», gaineratu du Artanok.

Haren izaerari buruzkoak eta haren erailketaren balizko zioei buruzkoak jasota daude modu ezin egokiagoan liburuan: AGC Autodefensas Gaitanistas de Colombia talde narkoparamilitarra, atxilotuak, espetxeratuak... kontua ez da liburuan agertzen dena aurreratzea. Bestelakoa da Artanoren arrangura: «Liburu honen porrotik handiena da Chocora joan eta elkarrizketatu ditudan ia denak zuriak izan direla. Toki horren erretratu bat egiten ari zara, behin joanda, eta hitz egin gabe han %90 direnekin. Ezin delako hitz egin, oso garbi esan zidatelako han bizi direnek ez dutela hitz egiten».

Juana, Afganistanen, AEBetako armadarentzako lanean. 'Juana' liburutik

Begiradari erreparatzen dio egileak, horregatik: «Esaten da bidaia liburu bat idazten duen kazetariak erretratatzen duela leku bat, eta asko esaten duela leku horretaz, baina gehiago esaten duela lekuak berari buruz, bere aurreiritziei buruz, bere begiratzeko moduei buruz... Nik horregatik aukeratu dut azal hau». Eta liburua eskuartean hartu du: «Behin eta berriz aipatzen zidatelako elkarrizketetan 'hau paradisua da, hau paradisua da, hau paradisua da'. Bai, baina zure lagunari hiru tiro eman dizkiote. Horregatik aukeratu nuen paradisu faltsu bat». Jan Brueghelen margolan bat da: «Saguak ikus ditzakezu, katuz inguratuta. Orkatz bat, eta inguruan lehoiak biribilketan... Ez da erreala. Izan ere, nik egin nezakeen erretratua zenbateraino da erreala? Nik egin dudana da ahal nuena. Eta uste dut, zintzoki, zaila dela egin dudana baino gehiago egitea. Europar baten ikuspegia da».

Liburuan bertan ere egiten du galdera bat Artanok kezka horri buruzkoa: «Zer tarte dago hemengoa ulertzetik hemengoa konprenitzera?». Bukatu du liburua, eta saiatu da erantzuten: «Konprenitzea? Uste dut ez dudala lortu. Hilketari dagokionez, gertaera segida horri buruzkoak zerbait konprenitu ditut. Ate erdi ireki bat sumatu dut, gezurrik ez dut jaso, baina... Egin nezakeentxoa egindako sentsazioarekin gelditu naiz. Ailegatu nintekeen tokiraino ailegatu naiz, baina beste aldea falta da. Idatzi nien espetxean zeudenei, eta ez zuten hitz egin nahi izan. Ildo horretan, badut herren sentsazio bat ere».

Zergatik hil zuten?

Hori da liburuan behin eta berriz errepikatzen den galdera, eta behin baino gehiagotan agertzen den erantzuna: «Marraren bat gainditu zuen». Egileari galdera: «Zer marra gainditu zuen Juanak?». Egilearen erantzuna: «Agian marra bat baino gehiago gainditu zuen, baina kontua da marrak ez zeudela berarentzat eginda, berak ez zituen marrak errekonozitzen».

Beste galdera bat ere bai, Artanori bere arrebak egunotan egindakoa: «Eta biziko balitz, zer pentsatuko luke berak liburuari buruz?». Artano: «Ez dakit horri erantzuten. Sekulakoa baita hau: horrenbeste denbora eman pertsonaia horren jiran, eta iruditzea berarekin ordu erdi bat egoteak gehiago balioko lukeela egindako lan horrek guztiak baino. Eta sare sozialetan-eta jartzen zituen bere hausnarketa batzuk, baina ez daukat haren idatzirik... Hori da kontua: ez dakit berak zer pentsatuko lukeen. Eta pena ematen dit. Sekulako pena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.