Donostiako Aste Nagusia 

Easo, euskararen eta bertsoen arnasgune

Eguerdiko bertso saioari harrera beroa egin diote, txaloz eta barrez, Easo plazara bildutakoek. Martin, Maia, Agirre eta Gaztelumendi bertsolariak puri-purian dauden gaiei buruz abesten jardun dira.

Lau bertsolariak umorez aritu dira Eason Aste Nagusiaren barruan eginiko bertso saioan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako festak hainbat gunetara zabaltzen dira, eta, atzokoan, Easo plaza izan zen bertsoen erdigune. Bertso saioak ehunka lagun bildu zituen, ia eseri ezinik ibili zirela. Aulkiak eta bankuak azkar amaitu ziren 12:00etarako, eta askok saioa zutik gozatu behar izan zuten. Zerua hodeitsu bai, baina eguraldi hori eskertu zen eguzki beroaren aldean.

Saioa hasi baino lehenago, jada lekua hartua zuen Pili Larrañagak. Lagun batekin batera, asteleheneko saioan ere izan ziren: «Ahal dugun guztietan etortzen gara», adierazi zuen donostiarrak. Puntual hasi zen saioa, eta Saroi Jauregi gai jartzaileak bertso saioari hasiera eman zion, saioan jardungo ziren bertsolariak aurkeztuz: Alaia Martin, Jon Maia, Unai Agirre eta Unai Gaztelumendi hain zuzen ere. Bertsolariek entzuleak agurtu zituzten bertsoz.

Donostiako festak izan ziren proposatutako lehen gaia, eta bertsolariek iragana eta oraina uztartu zituzten festak nola bizi izan dituzten azaltzeko. «Orain, bertsoz mozkortzen gara», abestu zuen Martinek, festen inguruan.

Munduari bira gaiekin

Azken asteetan puri-purian izan diren gaiak proposatu zituen Jauregik: Maialen Chourraut euskal kirolariak Rion lortutako garaipena, udan tabernek prezioak igotzea, edota orain dela astebete haur batek Realarekin izandako eztabaida, besteak beste. Izan ere, aurreko astean haur bati jokalariekin argazkia ateratzea ukatu zion Realak aurtengo elastikoa ez zeramalako.

Barreak, txistuak eta txaloak izan ziren nonahi, baina isiltasuna izan zen nagusi Jon Maiak eraso sexisten inguruko bertsoa bota zuenean. Bi alaba zituen gurasoaren rola egin zuen Maiak, eta entzuleak gogoetara bultzatu zituen: «Alabena baino, hau semeen kontua da». Bere mezuarekin guztiz ados zegoen Maria Antonia Zubillaga: «Chourrauten inguruko bertsoak ere asko gustatu zaizkit». Bertsozale amorratua da Zubillaga, eta ahal duen guztietan joaten da, Easokoa baita. «Donostian bertsolaritzarako ohitura handia dago», azpimarratu zuen.

Kritika, ironia eta elkartasuna zabaldu zituzten lau bertsolariek, eta entzuleek gogoz amaitu zituzten haien ahapaldiak, posible zuten bakoitzean. Maiaren hitzetan, euskarak arnasa hartu zuen atzo Easo plazan.

Entzuleengandik jasotako harrera nabaria zen, baina gehienbat helduak ziren bertaratuen artean. «Saio hauetara etortzen direnen gehienak helduak izaten dira», azaldu zuen Ainara Puertok. Karpeta eta boligrafoa eskuan, EHUk antolatutako bertsozaletasunaren inguruko ikerketa baten parte da Puerto, eta udako saioetara joaten diren lagunak aztertzen ditu. Edonola ere, gazteak bertsozaletasunaren parte handia direla uste du Maru Lasak. «Goizean izanda, ez dira hainbeste gazte etortzen, parranda dela eta, baina presentzia geroz eta handiagoa dutela uste dut», azaldu zuen bertsozaleak.

Saioaren amaieran, ostiraleko saiorako gonbita egin zieten bertsolariek entzuleei. Eguerdian izango da saioa, Eason bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.