Komunikazioa

EAJ-PSE akordioa itxita, Mikel Agirre EITBko zuzendari nagusi izendatzeko

EH Bilduko Laura Mintegik dioenez, EAJk eta PSEk ez dute esan EITBk gizartean zer funtzio bete behar duen

Joseba Egibar (EAJ) eta Jose Antonio Pastor (PSE), akordioaren berri ematen, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARP.
urtzi urkizu
2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Mikel Agirre Arizmendi (Anberes, Flandria, 1955) izendatuko dute EITBko zuzendari nagusi,otsaila amaitu baino lehen. Eusko Legebiltzarrak izendatuko du Agirre. Horretarako, gutxienez 38 boto behar dira, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoak ziurrak dira.

EAJko Joseba Egibarrek eta PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek akordioaren berri eman zuten atzo eguerdian, Gasteizen. Alderdi sozialistaren bozeramaileak adierazi zuen Agirre babesteko akordioa lortu dutela, irizpide batzuk kontuan hartuta: «EITBn lan egiten duen jendearen profesionaltasun irizpidea mantentzea, EITBk euskal kultura babestu eta euskararen erabilera defendatzea eta elkarbizitza balio gizalegezkoak mantentzea». Halaber, Pastorrek azaldu zuen bi alderdiek konpromisoa dutela berriki onartutako erredakzio kontseilua bultzatzeko eta EITBren estilo liburua sortzeko. Egibarrek nabarmendu zuen zuzendari nagusia aukeratzearen kontua dagoela batetik, eta bestetik administrazio kontseiluko kideak izendatzea. Agirre izendatzen duten egun berean izendatu nahiko lituzkete EITBko administrazio kontseiluko hemeretzi kideak.

PSE-EEko bozeramaileak onartu zuen Agirreri eskatu diotela euren iritzia entzun dezala, zuzendaritzako beste kideak aukeratzerakoan. «Akordioan ez dago jasoa orain dauden pertsonek EITBn jarraitzea», erantzun zion kazetari bati.

EAJk eta PSE-EEk akordioa aurkeztu ostean, EH Bilduren kritika iritsi zen. «Zuzendariari buruzko akordioa egin dute, ez proiektu bati buruzko akordioa. Izenak, izenak eta izenak aipatzen dira. Arduratzen gaituena da EITBren ereduaren inguruan ez dela ezer adostu», adierazi zuen Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak. «Ez dute esan gizartean zer funtzio bete behar duen EITBk. Horretaz hitz egiteko beharra dagoela iruditzen zaigu. EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa oso pobrea da, edukirik gabekoa». Mintegik gogoratu zuenez, hiru urte luzetan EAJk salatu izan du PSE-EEk EITB «amildegira» eraman izana. «Eta orain elkarrekin adostu dute EITBko zuzendari berria». EH Bilduk ez du adierazi nahi izan Agirreren izendapenean aldeko edo kontrako botoa emango duen.

Agirrek, 29 urte EITBn

Mikel Agirre 1984. urtean hasi zen ETBn lanean, telebista martxan jarri eta urtebetera. Hainbat urtez ekoizle izan zen, oposizioetan plaza lortuta. 1999. urtean Ustiapen eta Garapeneko zuzendari izendatu zuten. Eta azkeneko lau urteetako zuzendaritza taldearekin, EITBko Ustiapen eta Igenieritzako zuzendaria izan da. Jose Antonio Agirre lehendakari zenaren iloba da.

EITBn esperientzia luzea duen talde profesional bat osatu nahi du Agirrek bere inguruan. ETBko zuzendari izateko, Pello Sarasola nahiko luke, EITBko Estrategia arduradun kargurako, Jaime Otamendi, eta EITBko irratien arduradun posturako, Odile Kruzeta. Kudeatzailea Jesus Elgezabal izango da.

BERRIAk jakin duenez, EITBko zuzendaritza talde berrian murrizketak egingo dituzte. Horrenbestez, lan batzuk banatu egingo dituzte zuzendaritzako bost kideen artean.

EH Bilduk azkeneko asteetan behin baino gehiagotan kritikatu du jeltzaleek PSE-EErekin negoziatu dutela zuzendari nagusiaren izena. EAJk, berriz, EH Bilduren negoziazioen inguruko bertsioa «gezurrez eta manipulazioz beteta» zegoela salatu zuen. Agirrek bilera bana izan du PSE-EEko eta EH Bilduko ordezkariekin. «Agirreren pertsonarekiko ez da arbuiorik egon», esan zuen atzoko prentsaurrekoan Joseba Egibarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.