Harrituta geratu da Rosa Eguren (Donostia, 1973) Errimaia aldizkarian zenbat denbora daraman kontuak egiten hasita. «Hogei urtetik gora, ufff!». Zuzendariak eta erredakzio taldeak boluntario egiten dute lan, elkarteko 4.000 bazkideei eta haien jarduerei ahotsa emateko, eta CVCren memoria gordetzeko.
Ehun zenbaki bete ditu Errimaia aldizkariak. Talaia polita izan daiteke ikuspegia hartzeko. Egindako bideari begiratu, eta...?
Honaino iristeko egin den ibilbide guztia ikusten dut. 1950ean CVC elkartea sortu zuten haiek bi urte geroago informazio orriak argitaratzen hasi ziren, egiten ziren jardueren berri bazkideei emateko. Suso Aiestaranen zuzendaritzak 1963an mimo handiz argitaratutako Rimaya aldizkariaren hiru zenbakiak etorri ziren gero, ondoren berriro buletinak, eta, azkenik, 1993an, Errimaia. Bide horretan hainbat zutabe egon dira: zuzendaritzaren ikuspegi hori, aldizkari bat argitaratzeko eta bazkideei jardueren berri emateko; bazkideen interesa egiten dutena kontatzeko; eta, azkenik, gutxi batzuk horri forma emateko prest daudenak.
Elkarteak 75 urte beteko ditu aurten. Urte hauetako guztietako historiaren memoria izatea da Errimaia-ren lan nagusia?
Zalantzarik gabe. Beti esan izan da Errimaia dela elkartearen ahotsa, eta egia da. Garrantzitsua da memoria hori idatziz jasotzea, bai; are gehiago hainbeste pantaila erabiltzen diren eta sare sozial bidezko hainbeste mezu argitaratzen diren garaiotan. Ondo iruditzen zaizkit horiek ere, baina beharrezkoa da idatziz jasotzea, paperean. Paperak beste izaera bat dauka. Aldizkari bat edo liburu bat hartzen duzunean, ukitzen duzunean, orriztatzen duzunean, behako bat ematen diozunean... erabat desberdina da pantaila batean irakurtzearen aldean.
Lehen, mendi taldeek argitaratutako hainbat aldizkari zeuden, orain baino gehiago, baina batzuk desagertuz joan dira. Errimaia-k, aldiz, indartsu eusten dio. CVC elkartearen beraren sendotasuna da horren arrazoia?
Zalantzarik gabe, elkartea oso indartsua da, eta indar hori erabakigarria da, eta zuzendaritzak bazkideekin aldizkariaren bidez komunikatzeko ikuspegi hori izatea. Elkartearen indar horrek eragiten du bazkideek jarduera egitea, hainbatek jarduera horiei buruz idaztea, beren artikuluak guri bidaltzea eta jarduera horiek isla izatea. Dena loturik doa.
Antxon Iturrizak 100. zenbaki honetan dio CVCk hainbat sekzio dituela, eta Errimaia dela guztiak batzen dituen katebegia.
Bat nator. Errimaia puzzle moduko bat da. erredakzio taldeko kideok, elkartzen garenean, argi dugu idatzizko ahotsa eman behar diogula elkartea osatzen duten sekzio guztiei. Hortaz, aldizkaria horren guztiaren isla da. Era berean, aldizkaria irakurtzen dutenak ere hainbat adin eta belaunalditakoak dira, kezka eta zaletasun desberdinak eduki ditzakeen jendea. Bat 18 urteko gaztea izango da agian, eskalatzailea; bestea, 40 urtekoa, mendiko eskiatzailea; bestea, 70 urtekoa, ibiltaria... Adin eta jarduera aniztasun horren ikuspegia ez dugu galdu behar.
Suso Aiestaran, Miren Muñoz, Juancar Sanz eta zu zeu zarete erredakzio taldeko kideak. Aniztasuna hor ere?
Hainbat belaunalditako kideak gara, eta mendiarekiko gure erlazioa ere oso desberdina da. Batzuk eskalatzaileak dira, beste batzuk ibiltariak... Guztiok garbi dugu Errimaia zer izatea nahi dugun, baina nork bere belaunalditik eta zaletasunetik, bakoitzak ikuspegi desberdin bat ekartzen du, eta horrek aberastu egiten du aldizkaria.
Euskarazko artikuluen bilakaera zein izan da urteen joanean?
Urteen joanean gehiago jasotzen ditugula esango nuke. Zenbaki bakoitzean, artikuluen euskarazko laburpenaz gain, beti saiatzen gara euskarazko lan pare bat gutxienez bermatzen. Egia da bazkide askori kosta egiten zaiola oraindik ere euskaraz idaztea, baina azken hamar urteotan gehiago iristen zaizkigu. Inori proposatu jarduera bati edo besteari buruz zerbait idazteko, eta «euskaraz ala erdaraz?», galdetzen digute gero eta maizago. «Euskaraz» esan, eta «ados», erantzuten dute. Ea euskaraz gehiago idazteko joera horri eusten diogun.
CVCko bazkideak dira Errimaia-ren hartzaile, baina, edukien eta aldizkariaren beraren kalitatea aintzat hartuta, egiten duzue hedapen zabalagorik?
Aldizkaria bazkideentzat egiten dugu, baina nik beti gehitzen dut mendia, mendiko literatura eta mendiko kultura maite dituzten guztientzat dela. Argi dugu elkartearen aldizkaria dela, baina zabalik gaude mendiaren inguruko interesa duten guztientzat. Alde horretatik, saiatzen gara mendiko literaturaren ukitu eta goxotasun hori duten artikuluak zaintzen. Gure helburua da jendeak aldizkaria hartzea eta tarte atsegin batez gozatzea, mendira hurbiltzeko ideiak jasotzea...