'E-lagunen' topagunea

32. Euskal Encounter antolatu dute BECen. Uztailaren 25etik 28ra iraungo du, eta 5.000 parte hartzaile eta 150 jarduera baino gehiago izango dira.

 Parte hartzaile bat Euskal Encounterren, gaur.  OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Parte hartzaile bat Euskal Encounterren, gaur. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
irene baranano
Barakaldo
2024ko uztailaren 26a
19:25
Entzun

Donostiako Ederrena frontoian hasi zen Euskal Encounter, 1994an, eta, 30 urte geroago, BECeko 20.000 metro koadrotik gora bete ditu. Atzotik igandera arte, bizileku bihurtu dute 4.000 lagunek baino gehiagok BECeko 5. pabiloia. Etxetik ekarritako ordenagailu, pantaila, sagu, teklatu, punta-puntako entzungailu eta bulego aulki erosoekin, aste bukaera teknologia artean pasako dute, ikasten, lehiatzen eta gozatzen. Horientzat eta ordenagailurik gabe doan doazenentzat hainbat ekintza izango dira, besteak beste, software eta hardware tailerrak, bideojoko txapelketak, trivial jokoak, streaming saioak, PCak optimizatzen ikasteko ikastaroak, 3D inprimagailuek egindako piezen erakusketak, cosplay-a, mahai-joko torneoak, KPOP dantza lehiaketak eta bideojoko berriak ezagutzeko informazio mahaiak.

Urtero lantzen diren gaiak teknologiaren aurrerapenei moldatzen zaizkie. Hori dela eta, aurtengo ardatz nagusiak adimen artifiziala eta 5Ga izango dira. Iazko slogana, The Beat of Technology, ChatGPTk sortu zuen, eta aurten adimen artifizialaren erronkari helduko diote berriro ere. Horrez gain, 3D inprimagailuei eskainitako gune bat dago, eta landuko dituzte beste arlo garrantzitsu batzuk ere: besteak beste, teknologia berriak, zibersegurtasuna, programazioa eta konputazio kuantikoa.

Sozializatzeko, ikasteko eta gozatzeko

Internet konexioak segundoko 60 gigabiteko abiadura du, baina hori ez da jada partaideak erakartzeko faktorea. Jokoen saileko antolatzaileetako baten izengoitia Zelkop da, eta Euskal Encounterrera joan den hamaseigarren aldia da. Haren arabera, bilakaera nabarmena izan du hasi zenetik: «Urteen buruan, deskargen kontuak behera egin du; jendea ez da abiaduragatik etortzen, sozializatzera baizik; ez dirudien arren, hemen asko sozializatzen da».

Imanol Larrañagaren seigarren urtea da. Lagunekin etortzen da beti, eta, aitortzen duenez, ez litzateke bakarrik etorriko: «Online ezagutzen ditugun lagunekin egon nahi dugu, kanpin dendan lo egin, ondo pasatu». Sandra Barradasentzat hirugarren aldia da hau, eta adiskidetasun giroa goratu du: «Ekintza askotan ematen dut izena, nahiz eta jolasten ez jakin; oso ondo hartzen zaituzte leku guztietan, eta elkarri asko laguntzen diogu».

Aurten izena eman duten emakumeen kopurua apur bat igo, eta %15era heldu da. Barradasek igarri duenez, emakumeak erakartzeko gero eta ekintza gehiago jasotzen ditu programazioak. Halere, publiko nagusia gizonezkoa da, eta oso fidela. Zelkopen hitzetan, belaunaldi berriak datoz, baina sorreratik mantentzen den talde sendo bat dago: «Orain seme-alaba txikiekin datoz».

Euskaltelek, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k babestutako makroekitaldi horrek talentua bultzatzea eta jakituria partekatzea du ardatz. Eta horrek sektorean lan egiten duten eragile eta enpresak ere erakartzen ditu: esaterako, Puntueus fundazioa, Gamez Studio bideojokoak diseinatzen dituen enpresa eta Munduko Medikuak; azken hori, ziberbiolentzia matxisten prebentzioa sustatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.