Mendi ibilaldia

Durangaldeko Pagasarri

Durangaldeko  Pagasarri.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Mañaria, Mugarrako landa, Oiñiturri, Pagasarri
  • Distantzia: 8,5 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 40 mn.
  • Ingurunea: Liburu eta Disko Azokaren hurbiltasuna aitzakia hartuta, Durangaldean osatuko dugu txangoa.
  • Estekak: Ibilbidea
2007ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Minduta-edo sentituko zen, beharbada, irakurleren bat 1998an izen bereko artikulua idatzi nuenean EUSKALDUNON EGUNKARIAn. Honelaxe hasten zen: «Bai, bilbotar peto-peto hori, benetan duk! Hemen, aldeanoz jositako Durangaldea deitzen den honetan ere, badiagu beste Pagasarri bat. Bazekiat aurkikuntzak lur jota utzi hauena; botxoko hainbat eta hainbatek legez, hik ere haurtzaroko lehen mendi pausoak bertara zuzendu hituen eta...». Sarrerak tonu berari eusten zion gero ere, Bilbotar harrokeriaren topikoa umore zipriztinekin busti nahi izan nuelako. Helburua, beraz, zehatza izan zen, irakurlearen begirada erakartzea zirikatuz, eta horrexegatik ezkutatu nuen, esaterako, Juanjo Sansebastianen Pagasarri izeneko liburu ederra, edo urteetan Bilbon bizi izandakoa nintzela. Nik neure Pagasarri goraipatu behar nuen, Durangaldeko Pagasarri.



HARKAITZ TXIKIA, ERRALDOI ARTEAN. Pagasarri leku izena ez da atzo goizekoa, XVI. mendean topa ditzakegu lehen lorratzak Durangoko udal artxiboko aktetan; hori bai, inoiz Pagasarrieta ere irakur daiteke. Etimoaren esanahia ederki gorde du inguruak, eta Bilbokoan ez bezala, pagoak ere badira, ugari gainera. Nahiz eta Durango udalerriko tontorrik garaiena izan, ez dute Federazioaren Ehun Mendien katalogoan sartu, lehiakide gogorrak baititu inguruan (Mugarra, Leungana, Artaungan, eta abar). Hainbat herritatik abiatu daiteke bertara: Iurretako Orozketa, Durangoko San Roke, Zornotzako Bernagoiti, edo Dimako Artaun auzoetatik. Nik neuk, ostera, harrobien herria aukeratu dizuet: Mañaria.



ZENBAT BIDE, HAINBAT ITZULBIDE. Mañariko plazan dagoen Kirikiño euskal idazlearen omenezko eskulturatik hasiko gara ibiltzen (192 m). Zubiaren beste aldean, marra zuri-horiekin bat, aurreko aldats tentetik igoko gara, eta Agirre baserrian (14 min) eskumara egingo dugu, Axpe baserri gainetik jarraitzeko. Pinudira heldutakoan (25 min), bide berberari eutsiko diogu Mugarrako landa izeneko leporaino; alboko pista zaharragoa izan arren, nahasgarriagoa delako. Orain arteko harkaizpeko artadiak larre zabalak eta goietan pagadi bihurtuko zaizkigu. Zutoinetatik Oiñiturriko askara hurbilduko gara, eta atzeko pistak eskorta batera eramango gaitu. Harkaitzen arteko azken txanpa laburraren ostean ezagutuko dugu Pagasarriko Baskonia mendi taldearen buzoia (839 m). Oiñiturrin berriro, ibiltariak erabakiko du zein itzulbide erabiliko duen. Hauexek izango dira aukerak: 1. Bide beretik bueltatzea litzateke errazena (erreferentziak aparte dituzue). 2. Luzeena, Durangora oinez itzultzea: Oiñiturri azpiko Katazka atakatik jaistea, eta bide zabalera irten bezain laster, eskumako pistatik Axpeko Santa Luzia ermitara jotzea, eta geroko Arrioletxe eta Arteaga baserrietatik San Roke auzora irtetea (desnibel bera - 3 ordu 20 min - 11,5 km). 3. Gogorrena, mendi gehiagotara jotzea: Mugarrako landako zutoinetatik eskumako pagaditik zehar Artzetagana (998 m) eta Leungana (1.009 m) tontorretara igota, marra zuri-horiak bidaide, Iñungana lepora jaistea, eta PRB-201 marrak utzirik, ezkerreko zutoinetik Aita Kurutzeko ermitara lehenengo, eta Mañarira gero (928 m - 3 ordu 10 min - 10 km).

 

Oiñiturri



Antzinatik ezagutzen zuten inguruotako artzainek Mugarrako landa aldameneko iturria, baina erdi ezkutuan egon zen urteetan. Lehen konponketak 36ko gerraren aurretik egin arren, gaur eguneko itxura Alpino Tabira mendizale taldekoek eman zioten 1967an hasitako lanekin. Izan ere, aurrealdeko harria leherrarazi behar izan zuten, eta aska hesitik kanpo eraiki, animaliak tutuaren aldera sar ez zitezen. Benetako izen zaharra ere Anton Garciari esker zabaldu zen gure artean, Oiñiturri baita 40ko hamarkadako mugarritze aktetan irakur daitekeena. Hala eta guztiz ere, honako hau topatuko duzue bertako xaflan idatzita: «Grupo Alpino Tavira / Durango / Fuente de Mugarrecolanda / Inaugurada el 19 de Mayo de 1968 / Respetadme / Gracias».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.