Gerediaga elkartea 1965. urtean sortu zuten. Eskualdetasuna aldarrikatzea izan zen hura sortzeko arrazoi nagusia, eta gertuko ondare historiko eta kulturala berreskuratu eta zaintzea. Gaur egun, laurehun bazkidek osatzen dute elkartea, eta hamar lagunez osatutako zuzendaritza batzordeak dihardu lanean. Batez ere Durangaldeko herri guztietako argazkiak hartzen dituzte. Zehazki, garai bateko bizimodua, ohiturak, ospakizunak, ekitaldiak eta halakoak erakusten dituzten argazkiak.
Argazkiak edo dokumentuak jasotzeko prozesuari dagokionez, lehenik eta behin, jasotako bildumak zer motatako argazkiak dituen aztertzen dute. Izan ere, ez dute edozein argazki mota onartzen. «Familiako argazkiak edo antzekoak berez ez ditugu jasotzen, argazki pertsonalak direlako», adierazi du Patri Laiseka Gerediaga elkarteko argazki artxiboko teknikariak. Bigarrenik, elkarteak interesa badu eskainitako argazkiak gordetzeko, «dohaintza moduko bat» zehazten dute, eta familiarekin adostu. «Guk familiari argazki horiek digitalizatzea eta eskuragarri jartzea eskaintzen diogu», gaineratu du Laisekak. «Lagapen hitzarmen» bat adosten dute.
Gerediaga elkartea sortu zutenetik, «interesgarria izan daitekeen» materiala jasotzen dute. Urte askoan jaso izan dute materiala, nahiz eta ez duten sailkatu edo tratatu. «Orain dela bi edo hiru urte, webgune berria sortu eta hainbat berrikuntza izan genituen», adierazi du Laisekak. Gerediagako kideei «interesgarria» iruditzen zaie daukaten materiala publikatzea.
Arregi Campo familiaren funtsa
Jaso berri duten azken funtsarekin —Arregi Campo familiarena—, aurten sei funts jaso dituzte jada. Iaz Sabino Ansorenaren funtsa jaso zutenetik, «domino efektu moduko bat» gertatu da. Alejandro Landabururen funtsa, Mendiolako auzo eskolako argazki bilduma eta Carlos Merinoren funtsa jaso dituzte, besteak beste.
Laisekak adierazi duenez, argazkiak elkarteko kideen gertuko jendeak bidaltzen dizkie; batez ere, familiek. «Etxeko argazki zaharrekin zer egin ez dakitela esanez etortzen zaizkigu», gehitu du. Gai jakin bati buruzko dokumentazioa eskuratu nahi izan dutenean, elkarteak berak jo izan du pertsona jakin batzuengana, baina, orokorrean, jendeak jo ohi du elkartera; «Durangaldeko jendeak badaki gure Dokumentategia existitzen dela eta funts berriak jasotzeko prest dagoela».
Topatu duten argazki zaharrena 1890 ingurukoa da, eta berriena, 2024koa —Gerediaga elkarteko funts propioa ere badute eta—. Hala ere, ez daude ziur guztira zer daukaten, eta posible da argazki zaharragoak ere izatea. Laisekaren arabera, «azken helburua dokumentuak gizarteratzea da», dena «kontsultagarri» jartzea. Hori lortzeko «formula desberdinak garatzen» ari direla esan du. Formulak formula, Durangaldeko historiak bizirik jarrai dezan lanean segituko dute Gerediaga elkarteko kideek.