Dantza balkoian, aldarriak plazan

Duguna dantza taldeko hiruk kidek bota dute txupinazoa. Itxaso Martinez de la Perak, Aritz Ibañezek eta Angel Aranak. BERRIA zuzenean ari da eskaintzen txupinazoa, Hamaika Telebistaren seinalearen bitartez.

Ikurrina bat udaletxeko plazan, txupinazoan. VILLAR LOPEZ / EFE
Ion Orzaiz - Jon Ordoñez Garmendia
2024ko uztailaren 6a
05:30
Entzun

Euskaraz hasi dira Iruñeko sanferminak. «Iruindarrok, pamplonesas, pamploneses: ¡Viva San Fermin! Gora San Fermin!». Horrela agurtu dituzte 2024ko festak Duguna dantza taldearen ordezkariek. Eurak izan dira txupinazoa jaurtitzeko arduradunak, taldearen 75. urteurrena dela eta. Itxaso Martinez de la Pera dantzaria, Angel Arana presidentea eta Aritz Ibañez dantza zuzendaria atera dira udaletxeko balkoira, taldearen urteurreneko elastiko zuriak jantzita. Eurekin batera, Joseba Asiron Iruñeko alkatea izan da, 2018az geroztik lehen aldiz, abenduan Cristina Ibarrolaren kontrako zentsura mozioak irabazi ostean.

Azken urteetan bezala, ikurrina udaletxeko balkoian ez, baina presente izan da udaletxeko plazan, beste hainbat bandera eta aldarrikapenekin batera. Txupinazorako ordu laurden falta zela hedatu dituzte ikur erraldoiak: Gora herria! lelodun ikurrinarekin batera, Nafarroako bandera, Palestinakoa eta euskal presoen aldeko ikurra ikus zitezkeen, jendetzaren erritmora dantzan. Jarki antolakundeak ere zenbait pankarta zabaldu ditu, amnistiaren aldeko mezuekin.

Festa, goizean goizetik

Festa, baina, ez da eguerdian hasi. Aurretik, berun koloreko hodeiek eta zerutik tarteka-marteka jausten ziren euri tantek ez dute hoztu festazaleen aldartea, eta goizean goizetik mahai ugari ikus zitezkeen Alde Zaharreko karriketan, prest, kuadrillen hamarretakoak noiz zerbitzatuko. Tripa beteta eta zintzurrak bustita, tropelean abiatu dira gehienak Udaletxe plazarantz.

Askok baina, plazaren inguruko karriketan gelditu behar izan dute, jendetzak ezinezko egiten baitzuen festaren erdiguneraino iristea. 10:30etik aurrera oso zaila izan da udaletxe ingurura gerturatzea, eta txupinazoa botatzeko ordubeteren faltan, mugitzea ere ezinezko egiten zuen jende oldeak. Hala ere, ez dira gutxi 11:30 pasata plazan sartzen saiatu direnak.

Sanferminak larunbatez hasteak ere izan du eraginik: ostegun iluntzetik turistaz eta inguruko herrietako bestazalez lepo izan da Iruñea eta askorentzat, asteburuko parrandaren segida izan da txupinazoa bera. Hori dela eta, Udaletxe plaza ez ezik, hiriko gainerako festaguneak ere leporaino beteta izan dira goiz osoan. Familiek eta gaztetxoenek, esaterako, nahiago izan dute suziriaren eztanda ikusi Gazteluko plazako edo Foruen plazako pantaila erraldoien bidez.

Duguna dantza taldeak 75. urteurrena bete du aurten, eta 10.000 dantzari izan ditu urte guzti horietan. Sanferminetako mahaiak beste hautagai batzuekin batera aukeratu zuen Duguna txupinazoa botatzeko hautagaien artean, eta iruindarrek bozketa bidez hautatu zuten txupinazoa botatzeko, botoen %39 jasota.

Aurten, berritasun gisara, Iruñeko Udalak auzoetan udal informazioa emateko dauzkan 37 pantaila digitaletan ere ikusi ahal izango da txupinazoa. Horrez gain, pantaila erraldoiak egongo dira: Sarasate Pasealekuan ETB1en emankizuna eskainiko dute; Antoniuttin, Espainiako telebistarena; eta Gaztelu plazan eta Foruen plazan, Navarra Televisionena.

Duguna, plazan

Dugunako kideek txupinazoa bota ostean, Gainza Biribilketaren doinuak hartuko du udaletxeko plaza. Txistulari eta gaiteroen udal bandak eta Pamplonesa musika banda kalera aterako dira, eta Dugunako dantzariak Foruen plazara joango dira. Han dantza jaialdia eskainiko dute Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar, Txori Zuri, Amaiur, Ardantzeta, Basakaitz, Dantxaldi, Eluntze, Harizti, Iruña taldea, Larratz, Mikelats eta Kortesko Paloteadoa dantza taldeekin batera. 514 ekitaldi ofizial izango dira sanferminetako egitaraua ofizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.