DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Xabi Camarero. Urtz taldeko abeslaria

«Duela 25 urteko lagun taldea proiektu berarekin ari gara»

Urtz taldeak kontzertua emango du gaur gauean Saguesen, Donostiako jaietan. Hamar urteko etenaldiaren ostean, iazko abenduan itzuli zen taldea oholtzara.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
«Ez gaitu inork geldituko» esaldia erabili izan da Urtz musika taldea identifikatzeko, eta taldeak berak izpiritu hori duela dirudi. Izan ere, taldea, 1988an sortua, 2003an erretiratu zen, milaka kontzertu emanda eta sei disko argitaratuta. Dena den, iaz itzuli ziren, Astiro izeneko disko berriarekin. Orduz geroztik kontzertu asko eman dituzte, eta hurrengoa gaur izango dute; hain zuzen, Donostiako Aste Nagusian, Saguesen, 23:45ean. Taldea «ilusioarekin» dagoela azpimarratu du Xabi Camarero taldeko ahotsak (Irun, Gipuzkoa, 1971).

Gaur gauean Saguesen emango duzue kontzertua. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Gaurkoa egun berezia izango da;izan ere, orain gauden etapa hau berezia da. Duela 25 urteko lagun taldea proiektu berarekin ari gara, eta gaur, Aste Nagusian, aukera izango dugu egiten ari garena erakusteko. Gainera, lehen aldiz joko dugu Saguesen, eta ilusio handiarekin gaude. Aukera izango dugu jendearekin momentu berezi hau konpartitzeko.

Donostiako Udalak urteotan aldaketak egin izan ditu Aste Nagusian: adibidez, euskal taldeak ekartzeko apustuak. Nola ikusten dituzu aldaketok?

Ondo iruditzen zait. Hemengo taldeei aukerak eman behar zaizkie euren lanak eskaintzeko. Betiere kanpoko taldeak ahaztu gabe, uste dut Sagues bezalako plazetan lehentasun batzuk ezarri beharko liratekeela hemengo taldeentzat.

Oro har, musika mundua asko aldatu al da urteotan?

Gaur egun, talde mota asko daude, musika arlo ezberdinak jorratu direlako; horrek aberastasun handia ematen du. Orain, gainera, baliabide teknologikoei esker, konposaketa lana ere errazagoa da. Musika munduak abiadura handia hartu du, eta horrek gauzak beste era batean lantzeko aukera ekarri du. Bestalde, ez da erraza taldeak ezagutarazteko prozesua, eta hori ere kontuan hartu beharrekoa da.

Aurtengo udan kontzertu ugari ematen ari zarete. Nola doa uda?

Oso ederra izaten ari da. Jendearen aurrean berriz ere egoteko aukera izan dugu, eta jada leku askotan jo dugu. Jendearen harrera oso ona izaten ari da, eta gure abesti zaharrez gogoratzen direla ere ikusi dugu. Taldearen eta jendearen arteko harremana bizitzen ari gara.

Hamar urte egon zarete oholtzetatik kanpo. Nolako itzulera izan da?

Egia esan, gogorragoa izango zela espero genuen. Hasi ginenean zalantza asko genituen ea zer gertatuko ote zen. Dena den, Durangon [Bizkaia] emandako lehen kontzertua arrakastatsua izan zenez, ordutik izandako emanaldietarako indar handia eman zigun. Horrez gain, taldekideon artean dugun giro onak ere proiektuak garatzeko indarra ematen digu.

Zer du oraingo Urtz taldeak lehendik ez zuena?

Beste begi batzuekin ikusten dugu dena. 17 urte genituen taldea sortu genuenean, eta, garai hartan, gu geu konturatu gabe hasi ziren gauzak garatzen: kontzertuak, diskoak... Fase berri honetan, disko berri batekin eta abesti berriekin itzuli gara, eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Orain, kontzienteagoak gara; konturatu gara geure bizitzan oso garrantzitsua izan den proiektu bat daukagula.

Zaleei dagokienez, gazteak ala lehengo jarraitzaileak nabaritzen dituzue?

Kontzertuetan gure garaiko jendea ikusi izan dugu; hau da, hasierako jarraitzaileak, baina baita egungo gazteak ere. Gazteek, gainera, geure abestietako letrak badakizkitela konturatu gara, eta hori oso garrantzitsua da guretzat; gazte horietako askok gurasoei entzunda ikasiko zituzten gure abestiak. Bestalde, azpimarratzekoa da berbena taldeek ere gure hainbat abestiak bizirik mantendu dituztela, eta hori eskertzekoa da. Oso polita da gure abesti batzuk jendearen bizitzako momentu jakin batzuetan egon direla ikustea.

Hiri handietako ala txikietako festak dituzue nahiago?

Ez dugu lehentasunik. Hiri handietan zein txikietan giro ezberdinak sor daitezke, baina, era berean, oso politak. Esaterako, ederra izan ohi da kontzertua ematen ari den taldearen eta entzuten ari diren ikusleen artean sortu ohi den konexioa. Nire ustez, konexio hori bi lekuetan era ezberdinetara sor daiteke.

Zuen azken lanak Astiro izena du. Egungo gizarte «azkarrari» eginiko kritika al da?

Hausnarketa bat sortu nahi izan dugu. Gaur egun, abiadura geldiezinean bizi gara; informazio gehiegi dago. Diskoarekin, gizakiok izan ohi ditugun «gelditzeko beharrei» buruz hitz egiten dugu. Azkarregi bizi garenez, sarritan ez dugu hartzen denborarik hausnarketetarako, eta une batzuk guretzat hartu behar genituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.