Duela hemeretzi urte, Errioxako (Espainia) Igea museoko zuzendariak elementu ezezagun bat ikusi zuen lokatzetan, mendi buelta bat ematen ari zelarik: oinatz fosilaren zantzuak ziren. Oineko falange bat aurkitu zuen bertan, eta gero konturatu zen arrokan hezur gehiago zeudela; berehala antolatu zituzten indusketak. Masailezur zati bat eta hortz solteak izan ziren 1983an Errioxan aurkitutako lehen espinosauridoen fosilak, eta, 2005ean berreskuratutako eskeleto partzial batekin batera, 2013an Baryonyx dinosauro ingeles ikonikoari esleitu zitzaizkion. Hala ere, EHUko ikerlariek, aurten aurkitutako hezurrei esker, ikusi dute dinosauro espezie orain arte ezezagun bat dela, haragijalea. Material horren berrikuspenak genero eta espezie baten presentzia adierazten du: Riojavenatrix lacustris izen zientifikoa eman diote, Errioxan deskribatutako dinosauroa delako.
Riojavenatrix lacustris —edo Britney lagunartean— 7-8 metro luze den espinosaurido bat da; 1,5 tonako gorputz masa zuela kalkulatu dute, bi hankakoa zela, eta nagusiki arrainak jaten zituela. Espinosauridoak familia haragijalekoak dira, eta, Erik Isasmendi EHUko Geologia saileko ikerlariak azaldu duenez, nahiko «bitxiak»: «Arrainjaleak ziren batez ere, eta denek dituzte beso oso sendoak, krokodiloen antzeko burua eta hortzak». Riojavenatrix lacustris izenak «Errioxako lakuko ehiztaria» esan nahi du, eta Britney goitizena Britney Spears abeslariarengatik jarri diote: «Askotan, paleontologoek izen bat jartzen diegu indibiduoei, eta, gizon asko garenez, gizon izenak jartzen ditugu sarri».
Aurkitutako hezurdura partzialean oinarritu dira ikerlariak ondorioztatzeko orain arte aurkitu gabeko espezie bat dela; hezurdura hori atzeko gorputz adarren —femurra, epela, fibula, orkatilako hezurrak eta oineko falangeak— eta pelbisaren —pubisa eta iskiona— hondarretan datza. Riojavenatrix espeziearekin batera, bost dira Iberiar penintsulan deskribatutako espinosauridoak: Camarillasaurus, Aragoin (Espainia); Vallibonavenatrix eta Protathlitis, Valentziako erkidegoan (Herrialde Katalanak); eta Iberospinus, Portugalen.
Espinosaurido espezieak Iberiar penintsulan utzi ditu bere arrastoak, baina mundu osoan daude haren oinatzak: Afrikan, Europan eta Hego Amerikan, besteak beste. Horren ondorioz, Xabier Pereda paleontologoak eta EHUko ikerlaria zalantzan zegoen, posible baitzen aurkitu dituzten hezurrak jada ezagunak ziren espinosauridoen aleak izatea: «Hortzak aurkitzen ditugunean, beste espezieren batekoa izan daitekeela pentsatzen dugu, baina dugun materiala espezie ezezagun batena dela ikusi dugu».
Hezurren orbainak
Espezie ezezagun baten aztarnak zirela ikusi zuten anatomia konparatiboa egitean. Paleontologian oso ohikoa den prozesu horretan, organismoen antzekotasunak eta desberdintasunak aztertzen dira, anatomikoki dituzten ezaugarriak konparatzeko. «Hezurrak beste dinosauroen atalekin konparatzerakoan, erregistroan ez dauden ezaugarri batzuk aurkitu genituen», esan du Isasmendik. Britney bere familiako kideekin konparatu zuten, beraz.
Espinosauridoetan aditu bihurtu ziren ikerlariak. Izan ere, Londresera joan ziren hango aleak ikertzera. «Hortz solteetan oinarrituta bakarrik zaila da espeziearen generoa zein den jakitea, baina garezurraren zati bat ornoena eta hankena izanez gero, konparazio zorrotzagoa egin daiteke», azaldu du Peredak. Aurkitutako hezurrak hartu, eta sakonki konparatu zituzten Ingalaterrako Baryonyx espeziearekin, batez ere hanketako hezurren markei erreparatuz: desberdintasunak femurrean eta ezproian ikusi zituzten, batez ere. Deskribatutako espezie baten antza badu, espezie horretakoa dela ondorioztatzen dute ikerlariek; baina Errioxan aurkitutako hezurrak ez ziren Baryonyx espeziearen aztarnak.
Beste fosilak aztertzeaz gain, gaur egungo hegaztien giharrak ere ikertu dituzte dinosauroaren irudia osatzeko. Giharrak hezurretara itsatsita daudenez, marka bat uzten dute, orbain bat, eta, horri esker, ikerlariek badakite zer-nolako ezaugarriak zituzten dinosauroen besoek. Hezurrek informazio asko gordetzen dute, eta, horri esker, Britney nola hil zen ondorioztatu du Peredak: «Lakuren bateko materialak ikusten dira hezurretan; animalia laku baten barruan hil zen». Arrain arrastoak ere aurkitu dituzte hezurretan, espinosauridoak ibai eta aintziretatik hurbil bizi zirelako, arrantzatzeko; hala ere, zientzialari batzuek uste dute oso igelari trebeak zirela. «Portaeraren inguruan hipotesiak ditugu, baina momentuz ezin dira ziurtatu», argitu du Peredak.
Erantzunik gabe
Ziurgabetasunari aurre egiteko, lehendabiziko oinatzak aurkitu zituzten lekura itzuli dira ikerlariak, Igea herrira, eta orain saiatuko dira Riojavenatrix lacustri-ren misterioak argitzen. «Epe laburrean haren diagnosia hobetu nahi dugu, animalia hobeto ezagutu; nola bizi zen, igeri egiten zuen, edo zer lekutan ibili zen», esan du Peredak. Gainera, Iberiar penintsulako beste dinosauroekin topo egin zuen edo ez jakin nahiko lukete ikerlariek, espinosauridoen familiakoekin, alegia.
Fosilaren piezak bilatzen jarraituko dute aurrerantzean, eta Britneyren bizimodua argitzen. Hezur gehiago aurkitu ahala, erantzun beharreko galderak pilatzen dira Isasmendiren buruan: «Nola bizi izan ziren espezie horiek elkarrekin? Horrelako galderek espinosauridoei buruzko etorkizuneko azterketa zehatzagoak berriz planteatzera bultzatzen gaituzte, eta ziur gaude horietatik emaitza garrantzitsuak lortuko direla».