Drummond & Crazy Horse

Neil Young eta taldearen kantak joko dituzte Bilbon Willis Drummond taldekoek, Joseba B. Lenoirrekin

Joseba B. Lenoir Willis Drummond taldeko bosgarren kide bihurtu da. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Joseba B.Lenoir Willis Drummond taldeko kide izango da aurrerantzean. Joan zen astean iragarri zuen Baionako taldeak. Gaur, oholtzan izango dira denak, Bilboko Kafe Antzokian, kontzertu berezi bat ematen: Neil Young & Crazy Horse musikarien bertsioak egingo dituzte, Izar & Star egitasmoaren barruan.

Boskote bilakatu da Willis Drummond, Berako (Nafarroa) gitarrista taldera ekarrita. Lehen, Sexty Sexers zein Sumision City Blues taldeekin aritu izan da Lenoir. Azken talde horrekin jotzen jarraituko du, Willis Drummondekin bat egin badu ere.

Neil Young & Crazy Horse taldearen diskografia osoan murgildu dira gaurko kontzertuko kantak aukeratzeko. Lehen diskoko zein azkeneko kantak hautatu dituzte. Hainbat aste daramate kontzertua prestatzen, eta kantak moldatu behar izan dituzte, Kanadako musikariaren taldean bi gitarra erabiltzen baitituzte eta Joseba B. Lenoir & Willis Drummondek hiru gitarra elkartuko baitituzte. Taldeak aurrerantzean emango dituen kontzertuetarako ere, bertsioak ez ezik, euren kanta propioak aldatu beharko dituzte, Lenoirren gitarra sartzeko.

Maiatzaren 15etik 24ra bira txiki bat egingo dute, euren ibilbidean garrantzitsuak izan diren aretoetan jotzeko.

MUSIKA

Noiz. Gaur, 22:00etan.

Non. Bilboko Kafe Antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.