Ikaratuta» oroitzen du bere burua Karmelo Landak 1983ko abuztuaren 26ko arratsean, Bilboko itsasadarraren emariari begira: «Uholde erraldoia zen; behiak eta astoak zetozen uretan, eta, halako batean, tren bat ere ikusi genuen». Aste Nagusi betean harrapatu zuten uholdeek Bilbo, «zorionez»; ezker abertzaleko militantea eta Txomin Barullo konpartsako kidea zen Landa garai hartan: «Jaia zapuztu zitzaigun; drama bihurtu zen, baina ehunka gazte geunden antolatuta; ez baitzegoen erakunderik egoera latz hari aurreko egiteko moduan. Epidemia bat etor zitekeen, hura dena garbitu behar zen, eta konpartsok egin genuen, auzolanean». Ordukoak orainera ekarri zituen atzo Landak, Elkarlan uholde tourra izeneko bisitan.
Elastiko koloretsuz bete zen berriro Areatza: Konpartsakideen Eguna zen atzo, Aste Nagusia hilabete barru helduko den seinale. Besarkada, dantza entsegu eta pintxo lehiaketa artean, memoriak ere hartu zuen toki bat. Izan ere, uholde «mingarri, kezkagarri, dramatiko» haiek izan zirenetik 40 urte beteko dira aurten, eta festetan ere leku berezia eskainiko diete konpartsek. Lehen alea da Karmelo Landaren bisita historiko gidatua.
Lehen geralekua: San Anton zubia, «honaino iristen baita itsasoaren eragina». Han elkartu ziren euria, mendian behera zetorren uraren indarra eta itsasoak ekarritako emaria, eta zubian gainezka egin zuten. Ibaiaren izenari erreparatu dio Landak: «Ibaizabal: bai, zabaldu egin zen, Zazpikaleetan». Baina ez hor bakarrik: «Orduan ez genekien, baina Bilbon ibai bat estalia zuten: Elgera. Hura ere lehertu zen, eta uholdeak eragin zituen Indautxun».
Bigarren geralekua: Arriagaren atzeko aldea, «hemen baitzeuden txosnak». Orduan gaztea zen Aste Nagusia: 1978an sortu ziren konpartsak, Bilboko jai eredua aldatzeko. 1983ko arratsalde hartan, baina, urak dena eraman zuen: «Gune honetako argazkiak ikusiko zenituzten: Txomin Barullo konpartsaren mekanotuboa baino ez zen geratu, eta goian, Groucho Marxen irudia». Itsasadarraren bestaldera seinalatu du Landak: «Baranda horretatik ikusten zen guztia ura zen; beldurra ematen zuen pentsatzeak zer gertatzen ari zen Zazpikaleetan. Ura lehen solairuraino iritsi zen». Hego Euskal Herrian 38 pertsona hil eta zortzi desagertu ziren uholdeetan; haietako bat, Bilbon. «Ura jaitsi zenean ikusi genuen benetako arazoa: dena suntsituta».
Hirugarren geralekua: Areatzako kioskoa: «Hemen antolatu baikenuen Bilboren salbazioa». Konpartsakideei egokitu zitzaien katiuskak janztea, palak hartzea eta ingurua garbitzea. Bihotzeko minez gogoratu du Landak: «Verdes liburu dendan, liburuak banan-banan begiratu genituen, ea baten bat salba zitekeen, baina ez zen modurik egon». Tirabira politikoak ere izan ziren: «Julian Sancristobal gobernadore zibila gure kontra hasi zen. Espainiako armada bidali zuen hau garbitzera, baina militarrak heldu zirenerako, lana eginda geneukan».
Hiri modernorantz
Laugarren geldialdia, Areatzako teilapea, «hemendik ikus baitaiteke zer gertatu zen gero». Izan ere, inflexio puntu bat izan ziren uholdeak: «Agintariek esan zuten Bilbo aldatu egin behar zela: hiri moderno eta turistiko bat izan behar zuen». Baina, Landaren ustez, ideia hura lehenagotik ere pentsatua zuten. Gogoratu du Espainiako Gobernuaren garaiko xede nagusia zela Europako Batasunean sartzea: «Eta Europari ez zetorkion ondo hemengo industria Frantziakoarekin eta Alemaniakoarekin lehiatzea».
Eta hala sortu zuten «diseinuzko hiria»; museo, eraikin eta ekitaldi handiekin, «kapitalismoaren logika basatian»: «Ederra da, baina jendearen arteko desberdintasunak oso handiak dira». Horregatik, argazki horren aurrean, gaurkora ekarri du Landak 1983ko lezioa: «Elkartasuna oso baliabide garrantzitsua da. Krisi garaietan, indar handia ematen du konpartsen lanak».
ATZEKOZ AURRERA
Drama osteko auzolana
Bilboko uholde erraldoiak izan zirenetik 40 urte beteko dira aurtengo Aste Nagusian, eta Konpartsakideen Egunean jada hasi dira memoria lantzen, Karmelo Landaren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu