«Goazen, lagunok, amets betean/ dragoiaren bola bila batera./ Orain badakit nongo zuloan/ dagoen altxorrik ederrena...». Abesti berbera egunero entzuten zuten Dragoi Bola euskaraz ikusiz hazi ziren belaunaldiek. Hura zen haur askorentzat eguneko unerik onena; afalostean sofan eseri, eta Son Gokuren abenturak ikusten zituzten hainbatek. Joan den astean, Akira Toriyama telesail horren sortzailearen heriotzaren berri izan zuen munduak, eta hainbat zale euskaldunen oroitzapenak astindu zituen horrek.
Zehazki, 34 urte igaro dira 1990ean ETB1en lehen aldiz eman zutenetik. Dragoi Bola anime soil bat baino askoz gehiago izan zen hasieratik. Izan ere, garai hartako euskal gazteentzat, Son Goku eta bere lagunen abenturak ez ziren entretenimendu hutsa, baizik telebistako pantailatik kanpo zegoen fenomeno sozial bat. 70eko hamarkadaren amaieratik 90eko hamarkadaren hasierara bitartean jaio zen publiko euskaldunaren artean zaila da telesail hori ikusi ez duen inor aurkitzea.
Dragoi Bola euskaraz emititzeak ere berebiziko garrantzia izan zuen hizkuntzaren sustapenean eta normalizazioan. Euskal Herriko haur eta nerabe askorentzat, Son Goku euskaraz hitz egiten entzutea ez zen entretenitzeko modu bat bakarrik: aukera ematen zien euskarara ohitzeko eta hizkuntza modu ludiko eta eskuragarrian ikasteko. Euskal gazte askorentzat kanpoko mundurako leihoa zen telebista, euskaraz entretenitzeko tresna.
Oier Gomez algortarrak (Bizkaia) muturreraino eraman du animearekiko bere pasioa. 1988an jaioa da, eta Youtuben telesailari eskainitako dibulgazio kanal bat du, besteak beste: DRAGOI BOLA N-CAST!!. Harentzat ez da haurtzaroko kontu bat bakarrik, eguneroko denbora eskaintzen baitie Dragoi Bola unibertsoarekin zerikusia daukaten edukiei.
Nahiz eta edukiak hizkuntza eta formatu askotan kontsumitu dituen, euskara eta animea ezin ditu banatu; batak bestea elikatzen baitu. «Ez nintzen oso ikasle ona izan, baina izugarri gustatzen zitzaidan telesaila. Dragoi Bola-k euskara eman zidan, eta euskarak Dragoi Bola. Nire belaunaldiko gazte askori bezala, animeak ireki zigun euskara ikasteko bidea, eta telesail horretaz gozatzeko aukera. Ez da gutxi...».
Nostalgia puntu batekin oroitu ditu anaiarekin telebista aurrean pasatutako une goxoak: «Nik baino lau urte gehiago dituen anaia nagusiarekin hasi nintzen telesaila ikusten, ETB1 katearen aurrean jarri eta gerora nire bizitzan hain garrantzitsua izan den telesaila izango zela jakin gabe». Euskaraz dakizkien «esaera eta hitz berezi asko» telesailari esker ikasi omen zituen, «oso hizkuntza aberatsa eta erakargarria» erabiltzen baitzuten bikoizleek. «Memorian Iltzatuta dauzkat horietako asko», gehitu du.
Hitzen atzeko aurpegiak
Ahots baxu, sakon eta durunditsua da Gomezek gogoan daukana. Berotasun eta lasaitasunez betetako ahotsa; gertutasuna, konfiantza eta lasaitasuna transmititzen duten horietakoa. Halakoa da Jesus Eguzkiza (Arrazola, Bizkaia, 1946) euskarazko bikoizle eta animearen narratzaile izandakoaren ahotsa —duela 11 urte hartu zuen erretiroa—. ETB1en eskainitako hamaika dokumental, film eta marrazki biziduni jarri die ahotsa, baina Dragoi Bola da, ziurrenik, guztietan ospetsuena. Harentzat, hasieran, «arraroena» ere bai.
«Dena zen berria guretzat. Anime bat Euskal Herrian? Hori ez zuen aurretik inork ikusi», oroitu du. Bikoizketa lantaldearentzat erronka bat izan zen testua euskaratzea, erreferentzia gutxi baitzeuden, eta unibertso ezezagun bat baitzen: «Ez zen lan erraza izan; testuak moldatu behar izaten genituen askotan. Argi geneukan, irudiak japoniarrak izanda, eta protagonistak estralurtarrak, guk geure ukitua eman behar geniola testuari. Historia aldatu gabe, noski, baina gure esentzia daukate testuek: euskaldundu egin genuen dena».
Narratzailea zen Eguzkiza, eta egun berean kapitulu askotako testuak grabatzen zituen, lana aurreratuz. Nahiz eta dena ez zen erosoa izan, batez ere sarrerako abestiaren hitzak idaztea tokatu zitzaionean: «Dragoi Bola-ren lehen serie hori ikusten zuten askoren memorian zerbaitek iraun badu, sarrerako abestiak iraun du. Irudietan ikusten nuena idazten nuen, japonieraz sortutako hitz originalak ulertu barik. Badirudi nahiko ondo atera zela: bertsio bat baino gehiago egin diote abestiari, eta bizirik dirau iruditeria kolektiboan. Gaur egun, oraindik, ez dakit japonierazko bertsioan zer abesten duten», azaldu du, barrez.
«Dragoi Bola-ren lehen serie hori ikusten zuten askoren memorian zerbaitek iraun badu, sarrerako abestiak iraun du. Irudietan ikusten nuena idazten nuen, japonieraz sortutako hitz originalak ulertu barik».
JESUS EGUZKIZAEuskarazko bikoizlea
Alabaina, meritua «lantalde guztiarena» zen; hala azpimarratu du narratzaileak. Gidoien itzultzaile eta egokitzaile nagusia Xabier Amuriza izan zen, Eguzkiza alboan izan bazuen ere. Japoniako telesail horri esker ekarri zuten lehenbizikoz hitanoa Euskal Herriko etxeetako telebistetara. «Hitanoa erabiltzen hasi ginen lehenak izan ginen. Nortasuna ematen zien pertsonaiei, eta beraien artean bereizteko balio zuen», azaldu du Eguzkizak.
«Birrinduko haut, Goku!», eta «Hi, txo!» bezalakoak entzun daitezke Dragoi Bola-ren hasierako denboraldietako pertsonaien ahotsetan. Hain justu, istorioaz gain, horixe izan zen garai hartako gaztetxo askorentzat telesailak zituen bereizgarri garrantzitsuenetako bat. «Gustatzen zitzaidan narratzailearen eta aktoreen euskara ezberdina izatea; pertsonaia bakoitzak bere erregistroa zeukan, eta istorioa indartzen zuen horrek».
Gomezentzat Xebe Atenciaren ahotsa da Son Goku, eta arrotza egiten zaio telesaileko protagonistak euskaraz bestelako hizkuntza batean entzutea. «Zaila da telesail bateko ahotsekin hori lortzea. Goraipatzekoa da euskarazko bikoizleen lana, eta euskarari emandako bultzada. Pena da bikoiztutako kapitulu berriagorik ez egotea».
«Gustatzen zitzaidan narratzailearen eta aktoreen euskara ezberdina izatea; pertsonaia bakoitzak bere erregistroa zeukan, eta istorioa indartzen zuen horrek».
OIER GOMEZ'Dragoi Bola'-ren dibulgatzailea
Hausturaren ostean, ezer ez
Zaleen zoritxarrerako, krisian dago euskal bikoizleen industria, eta aspaldi ez dute euskaratu Dragoi Bola-ren unibertsoko edukirik, asko sortu badituzte ere. Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak horren ingurukoak eta beste aztertu ditu Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero liburuan. Kike Amonarriz soziolinguistak bertan kontatzen duenez, Japoniako telesail horren arrakasta «inflexio puntu bat» izan zen: «Dragoi Bola-k markatzen du Euskal Herrian euskarazko erreferentzia komun indartsuen gainbehera. Momentu batean, euskal komunitateak bazituen erreferentzia komun indartsuak: adibidez, Goenkale. Dragoi Bola belaunaldi baten erreferentzia linguistiko indartsua izan zen. Handik aurrera, eskaintza zatikatzen hasi zen, eta beste gauza asko gertatu ziren. Ez zen izan erabateko haustura bat, baina hor bada joera baten hasiera».
30 urtetik gorakoek, beharbada, bai, baina haurrek ez dute ezagutzen Eguzkizaren ahotsa. Haustura hori ahaztea eta «aro berri baten hasiera» espero du Gomezek. «Euskara bultzatzeko, beharrezkoa da entretenimendua euskaraz eskaintzea. Espero dut noizbait Dragoi Bola-ko eduki gehiago euskarara bikoizteko borondatea egotea».