2020ko udaberrian, mundua hankaz gora jarri zen. Pandemiak gizartea eraldatu zuen, eta herrialde bakoitza bere modura kolpatu. Erresuma Batuan, Boris Johnsonen esku zegoen agintea, eta brexit-a indarrean sartzear. Giro horretan heldu ziren Downing Streeteko 10. zenbakiko festak, Elizabeth II.aren heriotza eta lehen ministroen dantza.
Errealitateak fikzioa gainditzen du sarritan, eta Erresuma Batuak inoiz ez bezalako lurrikara politiko bat izan du azken hiru hilabeteetan. Hiru lehen ministro hiru hilabetean ,eta herrialdearen ekonomia, identitatea eta norabidea erabateko krisian.
Nolabait, britainiarrek fikzioa eta umore beltza baliatu nahi izan dituzte trauma nazionalari aurre egiteko, baina askori ederki kostako zaie eguneroko amesgaiztoen ihesbidea pantailan topatzea. Michael Winterbottom da This England telesailaren sortzailea, Canneseko zinema jaialdiko Sail Ofizialean hirutan lehiatu den ibilbide luzeko zuzendari ingelesa. Hamarkada bat geroago, sei ataleko lan honekin itzuli da pantaila txikira, dokudrama estiloan.
Wuhango merkatua, ospitaleetako ZIU gelak, zientzialarien agerraldi publikoak... orain gutxi, errealitatetik bildutako irudiak dira telesailaren ardatza. Garai nahasgarri hartako hainbat pasadizo, baina, fikzio ere bilakatu dituzte, gobernu bileren eta korridoreetako konspirazioen bihotzeraino sartuta. Boris Johnsonen rola jokatu du Kenneth Branaghek, aurten Belfast filmagatik jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria eskuratu duen artista irlandar ezagunak. Haren interpretazioa oso sinesgarria da, eta trebezia handiz barneratu da lehen ministro ohi polemikoaren larruan. Boris Johnsonen kabineteko ministro gehientsuenak ere fikziora eraman dituzte, eta haren alboan ageri da maiz Rishi Sunak, orduan Ekonomia ministro eta orain herrialdeko gidari dena. Denbora gutxian, goitik behera aldatu da Erresuma Batuko errealitate politikoa, eta, alde horretatik, interesgarriak dira fikzioak kudeaketa baldarraren ispilu gisa landu dituen gogoetak.
Tamalez, hori izan da telesailaren ekarpen bakarra, orain gutxi bizitakoak deskribatzea eta iruditan erakustea. Winterbottomek ez du lortu pertsonaien psikologian sakontzea, ez du asmatu sentimenduen teklak sakatzeko garaian. Haren begiradak kanpotar onbera batena dirudi, eta ez britainiar elitearen pitzaduretan zulo beltz guztiak topatu nahian dabilen ikus-entzunezko artefaktu arriskutsu batena. Horretan, This England baino nabarmen interesgarriagoa da Brexit filma, Toby Haynesek 2019an zuzendua,edota Contagion, une batez Winterbottomen lanean bertan iruditan ageri den filma, itxialdiko lehen egunetan horrenbeste zeresan eman zuena, Steven Soderberghek 2011n egina.
Viet Nguyen pentsalari vietnamdarrak argi esan zuen: «Gerra bitan gertatzen da: lehenik, gudu zelaian, eta ondoren, oroimenean». This England telesailaren lehen bi atalak ikusita, bistakoa da: hau ez da thriller politiko itogarri bat, ezta drama gogoangarri bat ere. Are gutxiago koronabirusari buruzko memoria kolektiborako behar den kontakizun askatzailea.
'THIS ENGLAND'
Sortzailea: Michael Winterbottom.
Aktoreak: Kenneth Branagh, Ophelia Lovibond, Simon Paisley Day, Andrew Buchan, Simon Kunz.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Movistar Plus, Canal Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: drama.
Downing Streeteko izurriak eta iruzurrak
Kenneth Branagh aktore irlandarrak Boris Johnsonen rola jokatu du 'This England' telesailean. Fikzio bihurtu dituzte pandemia, 'brexit'-a eta eskandaluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu