Lerro eten batek zeharkatzen du altxorraren mapa; kolore gorrikoa da, eta abiapuntua eta helmuga X handi batez markatuak ditu: Irungo (Gipuzkoa) Behobia da abiapuntua, eta Donostiako Bulebarra helmuga. Behobia-Donostia lasterketako kamisetako marrazkia da, Behobiaren bila baita aurten lasterketarako aukeratutako leloa. Altxorra bilatzearekin egin dute jolas antolatzaileek, altxortzat baitaukate askok lasterketa, eta, bide batez, urtez urte proba girotu duen piratari egin diote keinu.
30.000 lagunek parte hartuko dute gaur hogei kilometroko lasterketan. Gaur ez ezik, ordea, asteburu osoan nabaritu da Donostian jende oldea: dortsal bila joandako jendeak ilara luzea osatzen zuen atzo eguerdian Kursaalean, eta inguruan ere jende ugari zebilen azken entrenamenduak egiten. Gainera, asteburua Donostian igarotzeko aitzakia izan da korrikalari askorentzat.
Euskal Herritik kanpoko korrikalari asko erakartzen ditu Behobia-Donostiak. Aurten, korrikalarien %65, zehazki. I run with Leiv taldekoak, adibidez, Terrassatik (Herrialde Katalanak) joan dira Donostiara. Jaume Leiva da haien entrenatzailea, lasterketan bi bider gailendu den korrikalaria. Urtero antolatzen du bidaia Leivak, eta aurten berrogei lagun animatu dituela kontatu du Jose Luis Hernandezek: «Mundu guztiak hitz egin dit lasterketaz. Denek esaten dutenez, azkenean etorri behar! ». Mireia Serrak, berriz, bigarrenez hartuko du parte. «Oso dibertigarria da. Animazioa, giroa... Bakarrik egiten da; jendeak eramaten zaitu», txalotu du.
Maratoi erdia ez da txantxetarako kontua, ordea, eta lasterketa «gogorra» dela jakitun hartuko du parte Jorge Garay madrildarrak (Espainia), lehen aldiz. «Korrika egitea gustatzen zait, talde batean izena emanda nago, eta bertan nahikoa ezaguna da lasterketa hau», esan du. Gogotsu dago proba egiteko, eta hasi da urduritasuna nabaritzen. «Zinez» entrenatu dela azaldu du: «Urtebete daramat entrenatzen, eta hiru hilabete entrenamendu espezifikoak egiten».
Kursaala atzean utzi, eta Donostia bisitatzeko baliatu dute asteburua korrikalari ugarik. «Behobia-Donostia, 1919» dioten telazko poltsek salatzen dituzte Parte Zaharreko dendetan, tabernetan, edo loteria erosten duten bitartean. Anoetako estadio txikian, berriz, Behobia Txikia egin dute haurrek. Denek izan nahi dute lasterketaren parte; denek gozatu nahi dute altxorraz.
Inoiz baino andre gehiago
Aurten, inoiz baino emakume gehiagok egingo dute lasterketa. Parte hartzaileen ia %30 izango dira. Horietako bi dira Marta Juvanteny eta Nuria Sala. Olot eta Sant Joan les Fontsetik (Herrialde Katalanak) bertaratu dira hurrenez hurren; Juvantenyk hirugarren aldia du, eta Salak, bigarrena. «Aparta delako errepikatzen dugu. Jendeak animatu egiten du une oro, eta korrika ari zaren ordu eta erdia edo bi orduak ziztu bizian pasatzen dira. Ez duzu behar musika entzungailurik ere!», nabarmendu du Juvantenyk.
ATZEKOZ AURRERA
Dortsala dute altxortzat
30.000 pertsonak parte hartuko dute gaur Behobia-Donostia lasterketan, eta asteburuan nabaritu da hirian: txoko guztietan zeuden Euskal Herriko eta kanpoko lasterkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu