Katedralera zuzenean sartu beharrean, Gasteizko Aiztogile kalera eraman ditu gidariak. Haren atzetik doaz hamabost bat lagun, urte luzez hiriaren zaindari izan den eraikinera noiz sartuko zain. Abuztuaren 4an hasi ziren Gasteizko Santa Maria Katedraleko dorrearen historia jendeari zabaltzen; egunero eskaintzen dituzte arrakasta izaten ari diren bisita gidatuak.
Buruan kaskoa jarri, eta ate batetik sartu orduko desagertu dira guztiak. Ikus-entzunezko labur batek eman dio hasiera bisitari. Gasteiz duela ia mila urte nolako herrixka zen irudikatu ahal izan dute bisitariek eta ondoren, gidariak esan die «XVIII. mendeko sakristia» batean daudela. Eraberrituta dago erabat eta ia inork zapaldu gabea. Izan ere, abuztuaren lauan ireki zuten bisitarientzat. Ordura arte, harriak eta egurrak hara eta ona ibili dituzte langileek, gelatxoak bere berezko izaera berreskura zedin. Bertatik, katedralerantz egin du taldeak. Nabari dira eraberritze lanen lehen soinuak. Eta nola ez, soinuaren lekuko dira parean ikus daitezkeen aldamio eta lanabesak.
Gidariaren azalpenak jarraitzeari utzi gabe, katedralaren erdigunera iritsi dira zuzenean. Harria, egurra eta aldamioak nonahi. Zorua bukatuta omen dago, baina estalki bat du gainean eta ezin oraindik ikusi zein itxura izango duen. Bisiten helburuetako bat da jendeak ikustea nola gauzatzen diren katedrala eraberritzeko lanak. Obretan eta irekita programaren izenak laburbiltzen du Gasteizko Santa Maria Katedrala zaharberritzeko lanak ikusteko bisita gidatuen izaera. Eta horretan ari da hamabiak eta laurdenetan elkartutako taldea. Katedralaren etorkizuneko itxura eta edertasuna nork bere buruan irudikatu ondoren, korridore estuetatik ekin diote dorrerantz doan bideari. Igarobide are txikiagoetara gero; hain dira txikiak, makurtuta ibili behar izan baitira bisitariak. Merezi izan du ahaleginak, dorrera iritsi baitira guztiak. Hori ere abuztutik dago ikusgai, 2007an hasitako eraberritze lanek ordura arte izan baitute jarraipena.
«Arrakasta handia»
Dorreak guztira bost solairu dituen arren, horietatik hiru bisitatu daitezke. Hirugarrena da ikusgarriena, hiri osoa miretsi baitaiteke bertatik. «Hemendik hiriak ezberdina ematen du; oso polita dago», dio batek. «Haizeak gogor jotzen du hemen goian», beste batek. Eta hala da, 40 metro daude lurreraino eta nabari da haizearen hotza. Zerua ere gris dago, baina, hori ez da oztopo. Argazkiak ateratzeko unea da orain, eta guztiek dituzte kamerak esku artean. Hiria atzean dutela askok ezin izan diote eutsi kamerari irribarrea ateratzeko ohiturari.
Ainhoa Sanchez Santa Maria Katedrala Fundazioko bisita gidariak oso ondo ezagutzen ditu katedraleko txoko guztiak. «Aspaldi, kanpaiak zeuden hemen», azaldu du. Eta kanpaiek dorrearen paretetan utzitako markak erakutsi dizkie bisitariei. «Urte luzez eduki zituzten kanpaiak bertan, baina gasteiztarrek ez zituzten gustuko berri txarrak baino iragartzen ez zituztelako».
Udan bisita asko jaso dituzte, Sanchezek dioenez, «batez ere konbinatuak». Izan ere, badaude bisita batzuk katedralaz gain beste bisita osagarri bat eskaintzen dutenak. Soilik dorrea ikusteko bisitak ere badaudela dio, eta nabarmendu du «erosoagoa» dela, batez ere mugikortasun arazoak dituztenentzat. Izan ere, dorrea ezagutzeko bisitetan, ez dira eskailerak erabiltzen, igogailuz igotzen dira hirugarren solairuraino. Ezin daiteke jakin noiz bukatuko dituzten lanak, baina asko dago ikusteko. Baita egiteko ere.
Dorrea, hiriaren zaindari
Gasteizko katedraleko dorrea eta sakristia berritu dituzte, eta haiek ezagutzeko bisitak egiten ari dira abuztuaz geroztik'Obretan eta irekita' programari esker, katedraleko lanak nola doazen ikus daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu