Antojitos tonbolaren jabea

Juan Manuel Ortega: «Donostiari eta Aste Nagusiari maitasun eta kariño oso handia diet»

Donostiako Pasealeku Berrian jarri dituzte Aste Nagusiko barrakak. Bertan dago Antojitos tonbola. Enegarren aldiz da Donostian, baina, beti bezala, «ilusioz gainezka».

Juan Manuel Ortega Donostiako Aste Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Juan Manuel Ortega Donostiako Aste Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2024ko abuztuaren 17a
05:00
Entzun

Euskal Herriko eta beste toki askotako festa ugaritan egoten da Antojitos tonbola, eta Donostiako Aste Nagusian da aurten ere. Juan Manuel Ortegak (Logroño, Espainia, 1956) jartzen dio aurpegia tonbolari, eta 35 urte dira bertan lanean ari dela.

Zenbat denbora daramazu tonbolan lanean?

Barraketan 13 urte nituenetik egiten dut lan, eta Antojitos tonbolan, berriz, 35 urte daramatzat. Tonbola orain dela 35-40 urte sortu zen.

Berezia al da zuentzat Donostiako Aste Nagusia? Urtero etortzen al zarete?

Bai. Orain dela hogei bat urtetik hona, ez dugu urte bakar batean ere huts egin. Donostiari maitasun eta kariño oso handia diot. Barrakak Amaran muntatzen zituzten garaian hasi nintzen hona etortzen; 13-14 urte nituen orduan. Oso esker oneko jendea etortzen da Donostiako barraketara, jendea gustura etortzen da zugana, eta, egia esan, oso pozgarria da hori.

Zer joera dago orain, duela urte batzuetakoarekin konparatuz? Jende gehiago, gutxiago…

Publikoak ez du inoiz huts egiten. Kontuan hartu behar da Donostiako Aste Nagusira kanpoko jende asko etortzen dela. Erruletara igo eta nongoak diren galdetzen diezunean, Badajoztik, Valentziatik, Alacantetik… datozela erantzuten dizute.

Uda osoa batetik bestera pasatzen duzue? Eta negua?

Bai, udan ez gara geldirik egoten. Padronen hasten gara, Galizian. Padrondik Legazpira joaten gara. Handik Bergarara. Bergaratik Logroñora, Iruñera, Gasteizera, Donostiara, Valladolidera eta Zaragozara. Eta neguan, 1982az geroztik, azaro aldean Tenerifera joaten gara, eta martxora arte egoten gara han, Aste Santua ere gainean izaten baitugu. Tonbola, trailer guztiak eta beharrezko dena eramaten dugu. Neguan, esaterako, Valentzian eta Alacanten izaten dira barrakak. Orain dela pare bat urte, gainera, Gabonetako feriak antolatzen dituzte.

Zenbat ordu egiten duzu lan egunean?

Normala den hori baino gehiago. Ez daukat ordutegirik. Goizaldeko hirurak aldera amaitzen dugu, eta goizeko hamarretarako jaiki egin behar dugu, sariak txukundu eta berriz dena prest jartzera. Gero, arratsaldeko bostetan irekitzen dugu tonbola, eta, esan bezala, goizaldera arte egiten dugu lan.

Zenbat langile zarete?

Orain, Donostian, zazpi langile ari gara lanean.

Gainontzeko barrakekin harremanik baduzue?

Bai. Kontuan izan behar da leku askotan topo egiten dugula, ez guztietan, baina askotan bai. Izan ere, gehienok antzeko ibilbidea egin ohi dugu.

Lizentziei dagokienez, zer baldintza bete behar dira? Korapilatsua da halakoak lortzea?

Korapilatsuegia. Izan ere, dokumentazio guztia eta ibilgailu guztiak eguneratuta eraman behar dira. Eta hiri guztietan; hau da, hamar egunetik behin. Aldiro negozio bat hasiko bazenu bezala da, aldiro baldintza guztiak bete behar baitira, hiri guztietan eta barraken gune guztietan.

Lanean aritzeaz gain, zer gustatzen zaizu egitea Donostiako Aste Nagusian?

Donostian gaudenean 14:00 aldera dena prest utzi ostean, patinete bat hartu, eta Antonio tabernara joaten naiz egunero; hiru, lau edo bost patata-tortilla pintxo jaten ditut han. Ondoren, tonbolara itzuli eta siesta pixka bat egiten dut.

Zure ustez, zure tonbola zergatik da hain ospetsua?

Iraunkortasunagatik. 68 urte dauzkat, eta, tonbolara ateratzen naizen bakoitzean, pozik, alai eta ilusioz gainezka egoten naiz. Ez dut pentsatzen goizaldera arte lan egin beharko dudala. Momentu bakoitza bizitzen ari naiz, eta izugarri pozten nau umeen eta helduen aurpegi alaiak ikusteak. Izan ere, Antojitos tonbolan umeek, helduek eta adinekoek parte hartzen dute: guztiek.

Lotsabako

Zurea ez den barraka bat?
Los Camellos.

Euskal plater bat?
Txipiroiak tintan.

Zuretzat zer da Antojitos tonbola?
Nire etxea, nire bizimodua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.