Irailaren hasiera eta oporraldien bukaera batera datoz askorentzat. Egunerokoari berriz ekiteko egunak izaten dira, errutinara itzultzekoak. Urtaro aldaketa ere badakar irailak, eta udak udazkenari egiten dio leku. Donostian hilabete berezia da iraila, eta, antolatzen diren kultur ekitaldiak tarteko, uztaileko eta abuztuko erritmoari eusten dio hiriak. Musika Hamabostaldia bukatu da, bete-betean dira Euskal Jaiak, eta ate-joka da Zinemaldia. Donostiari glamour-a dario irailean.
Zazpigarren artearen usaina hartzen ari da hiria. Zinemaldiaren antolatzaileak tantaka-tantaka ari dira sarituen berri ematen eta eskainiko dituzten lanen zerrenda aurkezten. Kalean Zinemaldirako atrezzo egokia prestatzen ari dira, eta zinemarekin lotura duten areto, hotel eta tabernak, haien zinemaldi propioa aurkezten. Astoria7 hotela, San Telmo museoa eta Basque Culinary Center dira hiru adibide.
Astoria7 hotela zazpigarren arteari lotuta dago, ezinbestean. Urte luzez Donostiako zinema areto ezagunak hartu zituen eraikinak, eta azken urteetan hotela da, zinemari lotutako hotela. Zinemaldiaren 60. urteurrenaren harira,bi erakusketa paratu dituzte harrera gelan: Carles Gañarul Casalsen El cine en blanco y negro eta Donostiako Modadecine.com etxeak zinemaren historiako pertsonaia esanguratsuen jantziekin prestatutakoa.
Memoria kolektiboan arrastoa utzi duten filmak aukeratu ditu Gañarulek, eta grafitozko arkatzez egur gainean irudikatu ditu film horietako pertsonaiak. Stanley Cubricken A Clockwork Orange, William Friedkinen The Exorcist, Dennis Hopperen Easy Rider, Woody Allenen Manhattan eta Francis Ford Coppolaren The Godfather dira irudikatu dituen hogei filmetako batzuk. «Zazpigarren arteari egindako omenaldi xumea dira lanak, eta arrastoa utzi duten pelikulei egindako nolabaiteko omenaldia eta eskertza; oroitzapen asko eman, eta imajinazioa lantzen lagundu digute», azaldu du artistak erakusketaren zergatia. Zuri-beltzean egindako koadroak dira, kontraste handikoak.
Moda eta zinema lotu dituzte bigarren erakusketarekin. Alfred Hitchcocken zuzendaritzapean Grace Kellyk jantzi zuen soinekoa, Julia Robertsek eta Diane Keatonek erabilitakoak... Erakusketak irailean daude ikusgai, Astoria7 hoteleko harrera gelan, goizez eta arratsaldez.
Zinema eta gastronomia
Bigarren urtez Culinary Zinema saila antolatu dute Basque Culinary Centerren laguntzarekin. Iaz egindako probak oso harrera ona izan zuen, eta, arrakasta ikusirik, gastronomia hizpide duten zazpi film luze eta film labur bat eskainiko dituzte Zinemaldian. Zerrenda horretan daude Comme un Chef (Daniel Cohen, Frantzia), Entre les bras (Paul Lacoste, Frantzia), Lupe el de la vaca (Blanca Aguerre, Mexiko), Jerusalem on a Plate (James Nutt, Erresuma Batua), Les saveurs du palais (Christian Vincent, Frantzia), Peru sabe: la cocina arma social (Jesus M. Santos, Peru) eta Kitchen Dreams (Felipe Ugarte, Euskal Herria). Emanaldi bakoitzaren ondoren, afari tematikoak egingo dituzte zenbait jatetxeren eskutik.
Donostiari 'glamour'-a dario
Uztaila eta abuztua bukatuta, irailari kultur ekitaldiz gainezka ekin dio Donostiak. Musika Hamabostaldiaren eta Euskal Jaien artean, Zinemaldia gertu dela hasi da antzematen hiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu