Hiri ezaguna da Donostia. Gipuzkoako hiriburua izateaz gain, bertako paisaia eta gastronomiagatik ere ezagutzen dute atzerrian. Euskararen eta euskal munduaren historia, aldiz, arrotza zaio hainbati. Helburu horrekin jarri dute abian Euskararen Donostia ibilaldi gidatua: Donostia euskararen ikuspegitik ezagutzea. Hala jakinarazi zuten atzo proiektuaren bultzatzaileek, Donostiako udaletxean eginiko prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Josu Ruiz Kirol eta Garapen Ekonomikoko zinegotzia, Isabel Agirrezabala Donostia Turismoako zuzendariordea, Dani Goñi Bagera elkarteko lehendakaria, Ritxi Lizartza Maramara elkarteko kidea eta Oihana Maritorena bisitaren gidaria. «Duela 140 urte gipuzkoar gehienak euskaldunak ziren; asko, elebakarrak gainera. Denbora gutxian, euskararen ezagutza %40koa izatera pasa da», esan zuen Goñik. Herri honen jatorri euskalduna erakutsi, eta euskara gutxitzearen arrazoiak azalduko dituzte.
Hamabi geldialdi ditu ibilaldiak, eta bost ataletan banatua dago. Lehenengo zatia instituzionala da: udaletxea eta Foru Aldundia bisitatzen dituzte. Hortikkomunikabideetara egiten dute salto, Herri Irratia eta kaputxinoek sortutako Zeruko Argia aldizkaria ezagutzera. Ondoren, Parte Zaharrera pasatzen dira, alde kulturala ezagutzera. Antzoki Zaharra bisitatzen dute, eta «bisitari asko harrituta geratzen dira Bilintxen plaka ikusita, askok ez dakitelako nor zen», Maritorenak dioenez; bertan bizi zen Bilintx bertsolari eta euskal poeta. Portura iristen direnean toponimiaz hitz egiten dute, eta Pico del Oro izenaren jatorria erakusten diete: «Hasieran euskal jatorria zuen, eta gaztelaniaz beste esanahi bat izatera nola iritsi den ikusten dugu», esan du Maritorenak. Portutik Plaza Berrirako bidea hartzen dute, eta hortik Orixe ikastolara mugitzen dira. Ikastolen sorrera azaltzen dute, eta hasiera batean eskolak klandestinitatean ematen zituztela gogorarazten diete bisitariei. Maritorenaren azalpenekin ikasteaz gain, «jendea ere animatzen da bere esperientzia kontatzera». Ikastola atzean utzita, Mikel Laboa abeslariaren jaiotetxera joaten dira, San Juan kalean. Lizartzaren esanetan, «errematea giro tradizionalean sartzea izaten da, Bretxako merkatua eta Sarriegi plaza ezagutuz». Ordizia tabernan pintxoa jan ondoren agurtzen dute elkar. 12 euro ordaindu beharko ditu bi orduko buelta hori egin nahi duenak.
Lehen, bertako jendearekin
2010eko Euskararen Egunean hasi ziren ibilaldi gidatu hauek egiten, euskaltegiko jendearekin. Euskal Herrikoak ziren guztiak, eta udan —abuztuan eta irailean—, kanpotarrei eman nahi diete Donostia euskararen begietatik ezagutzeko aukera. Maritorenaren ustez, horrelako proiektuak beharrezkoak dira kanpotarrek hemengo errealitatea ezagutzeko: «Interesgarria da eurek jakitea hemen euskara badagoela, eta nahiz eta hizkuntza gutxitua izan, badugula aukera euskaraz bizitzeko». Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez egingo dituzte gidak.
Proiektu hau elkarlanean egin dute Maramara eta Bagera elkarteek. Bagerako Dani Goñik proposatu zuen ideia, eta Maramarak azpiegitura jarri du aurrera eraman ahal izateko. «Euskal elkarte eta enpresen artean kolaborazioak egiteko modua bilatu behar dugu», esan zuen Lizartzak.
Donostiaren euskal izaera
'Euskararen Donostia' ibilaldi gidatua antolatu dute turistei hiriaren euskal nortasuna erakusteko; Oihana Maritorena da gidaria, eta Donostiako hamabi leku esanguratsutan egiten dute geldialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu