Donostiak elementu ugariren bidez erakusten du zergatik den hain erakargarria eta berezia turistentzat. Hain zuzen, elementu horietako bat Igeldoko funikularra da, 1912. urtetik hiriko Antigua auzoa zein Ondarretako hondartza Igeldoko jolas parkearekin lotzen dituen garraiobidea. Euskal Herriko funikularrik zaharrenak 312 metroko ibilbidea egiten du guztira, 151 metroko maldarekin, eta segundoko 1,5 metroko abiadurarekin. Horrez gain, urteak pasatu badira ere, hasierako forma eta itxura mantendu du funikularrak, modu horretara hasierako esentzia magikoari eutsiz. Bertan lan egiten duten langileek estimu handia diote funikularrari, eta hori oso garbi adierazten dute. Hain zuzen ere, Igeldoko funikularreko gidarietako bat da Jon Decos (Donostia, 1969), eta, haren esanetan, Donostiari funikularra kenduko balitzaio bai jolas parkeak eta baita hiriak ere «preziatua den altxor handi bat» galduko lukete.
Noiz hasi zinen funikularra gidatzen?
Hamabost urte daramatzat lan honetan; zehazki, 1999an hasi nintzen.
Nolakoa izan ohi da laneko egun normal bat?
Normalean, eguneroko martxa nahiko mugitua izan ohi da. Goizean goiz, zerbitzua jendearentzat ireki aurretik, funikularra eta txarteldegitik ibilgailura dauden eskailerak garbitu, eta bezeroentzako prestatzen ditugu. Hori egin ostean, zerbitzua martxan jarri ohi dugu; jendea etortzen hasten denean, berriz, hamabost minutuan behin eskaintzen ditugu bidaiak, jolas parkera igotzeko edo handik jaisteko.
Zer galduko luke Donostiak funikularra kenduko balitz?
Zalantzarik gabe, hiriak berarentzat oso baliotsua den zerbait galduko luke Igeldoko jolas parkeari funikularra kenduko balitzaio. Hain zuzen, Donostiaren berezko ezaugarri bat da funikularra, eta hiriaren osotasuna definitzeko balio du. Bestalde, ez da ahaztu behar maila orokorrean ere ezaugarri jakin batzuk dauzkan funikularra dela.
Esaterako?
Alde batetik, diseinu aldetik originala eta berezia da, eta, bestetik, Euskal Herriko funikularrik zaharrena izateaz gain, Europan dagoen zaharrenetakoa ere bada. Horrez gain, oso ondo zainduta eta kontserbatuta dago. Ezaugarri horiek guztiek bihurtzen dute funikularra oso garrantzitsua eta berezia bai jolas parkearentzat eta baita Donostiarentzat ere.
Igeldoko funikularrak 100 urte bete zituen duela bi urte. Etorkizunerako ezarri al duzue helburu berezirik?
Gure helburu nagusia orain arte bezala lanean jarraitzea izango da, funikularraren eguneroko zerbitzua eskainiz. Orain arte izan dugun martxari eutsi nahi diogu. Bertan lan egiten dugun langileok, behintzat, ahal duguna egingo dugu horretarako.
Turistekin harremanik izaten alduzu?
Egia esan, ez dut beste munduko harremanik izaten turistekin, azken finean nire zeregina horiei oinarrizko zerbitzu bat eskaintzea delako. Dena den, jendearekin izaten ditudan harremanekin gustura nago. Batez ere, funtzio informatzailea betetzen dut bezeroekin, egiten dizkidaten galderei erantzuten diedalako.
Zer-nolako galderak egin ohi dizkizute?
Batez ere jolas parkearen zein funikularraren egitura eta historiari buruz galdetzen didate. Dena den, ibilbidean zehar Donostiako txoko ezagun asko ikus daitezkeenez, asko dira hiriari buruz orokorrean egiten dizkidaten galderak ere. Egia esan, jakin-min handia erakutsi ohi dute turistek inguruari buruz.
Funikularra gidatzeaz gain, ba al duzu beste zereginik?
Funikularra gidatzeaz gain, nire lanaren barnean sartzen da ateak ireki zein ixtea, bezeroak eskaileretara gidatzea eta bidaiarako txartelak ba ote dituzten gainbegiratzea. Horrek guztiak bezeroenganako ardura ematen didala suposatzen da, azken finean funikularrean doazen bitartean euren arduraduna ni neu naizelako.
Urte osoko zerbitzua eskaintzen duzue. Udan ordutegia moldatzen al duzue?
Normala den bezala, uda garaian izan ohi dugu turista gehien. Hori dela eta, garai honetan funikularraren zerbitzu zabalagoa eskaintzeko joera daukagu. Uztailean, esaterako, 10:00etatik 21:00etara eskaini genuen eguneroko zerbitzua, eta abuztuan, berriz, ordubete gehiagoz eskaini dugu: 10:00etatik 22:00etara. Datorren astean, ostera, uztaileko ordutegi bera eskainiko dugu, eta iraileko bigarren astetik aurrera, udazkeneko ordutegiarekin hasiko gara.
ATZEKOZ AURRERA. Jon Decos. Igeldoko funikularraren gidaria
«Donostiaren berezko ezaugarri bat da funikularra»
1912. urteaz geroztik, Donostiako turismoarentzat euskarri garrantzitsuenetako bat bihurtu da Igeldoko funikularra. Haren gidarietako bat da Jon Decos donostiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu