Galiziako Lopez su etxeko zuzendaria

Santiago Lopez: «Donostiako su festen lehiaketan soilik hartzen dugu parte»

Galiziako Lopez su etxeko zuzendaria da Santiago Lopez. Gaur gauean haien txanda izango da Donostiako Aste Nagusiko su festen lehiaketan, eta saio duin bat egiteko asmotan etorri dira.

Santiago Lopez, enpresako jabe, administratzaile eta zuzendari teknikoa. PIROTECNIA LOPEZ
Santiago Lopez, enpresaren jabea, administratzailea eta zuzendari teknikoa. LOPEZ SU ETXEA
2024ko abuztuaren 13a
05:00
Entzun

Gaur 22:45ean Lopez su etxearen koloreek margotuko dute Donostiako zerua. Aste Nagusiko Su Festen 59. Nazioarteko Lehiaketaren laugarren egunean Galiziako enpresaren txanda izango da. Azken asteetan gogotik egin du lan Santiago Lopez enpresaren jabe, administratzaile eta zuzendari teknikoak (Ames, Galizia, 1970), lehiaketan gauzak behar bezala irten daitezen.

Noiz eta zergatik sortu zen Lopez su etxea?

Gure enpresa orain dela 150 urte baino gehiago sortu zen, Santiago de Compostelan [Galizia]. Familiako tradizio bat da, eta ni bosgarren belaunaldia naiz jada.

Nola aldatu da zuen enpresa azken urteetan?

Nire aitona eta aitarekin egin dut lan, eta, ordutik, gauza ugari aldatu dira. Legeak, instalazioak, ikuskizunak... alor guztietan aldaketa izugarriak izan ditugu. Piroteknia garai bakoitzera egokituz joan da, enpresa txiki bat izanda, baina tradizioaren esentzia galdu gabe.

Donostiako Aste Nagusira etortzen zareten lehen aldia al da?

Ez, ez. 2016an lehen postua lortu genuen, eta 2017an, berriz, brontzezko maskorra. Hau da, orain dela zazpi eta zortzi urte ere izan ginen Aste Nagusian.

Urtean zenbat lehiaketatan hartzen duzue parte?

Donostian soilik hartzen dugu parte, eta 2022an Bilbon izan ginen. Guk betiko bezeroak ditugu Lugon, Pontevedran eta Coruñan [Galizia]. Oso noizbehinka hartzen dugu parte txapelketetan, gutxitan joaten gara.

Zer eskainiko diezue gaur gauean ikusleei?

Ikuskizun tradizionalago bat eskainiko dugu. Bristada digitalak egongo dira, baina ikuskizun tradizionala izango da, sekzio oso markatuekin eta sekzio bakoitzean kolore oso definituekin. Soinu karga handiak izango dira. Hori da lehiaketa honetarako gure enpresak egin duen apustua. Nik uste ikusle donostiarrei gustatuko zaizkiela emango ditugun 22 efektu multzoak. Oso ondo aritu ginen aurreko aldietan; ea oraingoan publikoa eta epaileak harritzea lortzen dugun.

Zer itxaropen duzue lehiaketarako?

Saio duin bat egitea. Gurea bezalako enpresa txikientzat, honelako txapelketak erronka bat dira, eta baita enpresa ezagutarazteko aukera bat ere. Itxura ona eman nahi dugu, publikoari gustatuko zaion ikuskizun bat eskaini, eta, lehen hiru postuetan geratzeko aukera badaukagu, hobe. Guri dagokigun lana, hau da, tailerrekoa, ondo aterako dela espero dugu ia beti, baina, gero, ikuskizuna ondo ateratzea eguraldiaren esku ere badago.

Zergatik uste duzu dela hain ospetsua Donostiako Aste Nagusiko Su Festen Txapelketa?

Ni etorri naizen urteetan ikusi dudanaren arabera, jendeak ikuskizuna bizitzeko duen moduagatik. 22:00etan Kontxa hondartzan biltzeko ohitura hori. Jendeak jaurtiketa lekua husteko duen moduak harritu ninduen gehien. Jada 59. aldia da, tradizio bat badu, eta zerbaitengatik izango da. Niretzat, administrazioaren eta jendearen inplikazioan dago sekretua.

Zer alderdi uste duzu direla garrantzitsuenak lehiaketa baterako plana egiterakoan?

Kokalekua ezagutzea eta jaurtiketa estiloa zure ustetan publikoak baloratuko duenera egokitzea. Gure kasuan, 2016an eta 2017an asmatu genuen; ea oraingoan ere hala den. Txapelketa honetako kokapena ondo ezagutzen dugu. Hein handi batean, lehiaketako arrakasta zure gauaren araberakoa izaten da.

Zein dira zuen indarguneak?

Gure indargunea ikuskizun honen neurrira egindako diseinua dela uste dut. Ez ditugu bi ikuskizun berdin egiten, eta kalitatezko eta askotariko materiala erabiltzen dugu.

lotsabako

Donostiako suak ikusteko toki bat?
Kontxa hondartza.

Olagarroa ala zanburiñak?
Biak.

 Edari bat?
Galiziako ardo zuri on bat.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.