San Tomas feria egitekoak ziren Donostian eta Bilbon, baina aurten ezingo dira egin. Beste herri batzuetan gertatzen ari den moduan, bertan behera utzi dituzte bi hirietako azokak osasun egoeraren eraginez.
COVID-19aren hamalau eguneko intzidentzia tasa goraldi betean da bi herrialde horietan: 490,88 Bizkaian, eta 1.250,56 Gipuzkoan. Hegoaldeko lau herrialdeetan Gipuzkoak du tasarik handiena, eta Donostian ere gorantz egin du azkeneko asteetan: 937,55 da oraintxe Gipuzkoako hiriburuko intzidentzia tasa.
Eneko Goia Donostiako alkateak esan du “bihotzez” sentitu duela erabaki hori hartu behar izana. "Baina zentzuak eta zuhurtziak gomendatzen dute donostiarrok eta bisitatzen gaituztenek hainbeste maite dugun ospakizun hau atzeratzea”. LABIari aholku ematen dion batzorde teknikoak jakinarazpen bat bidali dio Donostiako Udalari, eta azaldu neguko azoka tradizionala antolatzea ez dela egokia eta komenigarria, kontuan harturik datu epidemiologikoak; arrazoien artean, aipatzen dira "guneetan eta ostalaritza establezimenduetan pertsonak pilatu" egiten direla. Goiak hauxe adierazi du: “San Tomas oso data seinalatua da gure egutegian, eta gogorra egiten da festa bertan behera uzteko erabakia hartzea. Baina, egoera honetan, beharrezkoa eta egokia da".
Azkeneko asteetan tankerako beste jaialdi batzuk ere bertan behera utzi dituzte Gipuzkoan: Eibarko San Andres, Urretxu eta Zumarragako Santa Luziako azoka eta beste zenbait.
Donostiako San Sebastian eguneko jaia ospatu egingo zela iragarri zuen duela aste batzuk hiriko udal gobernuak. Baina egungo osasun egoera aintzat hartuta, zalantzazkoa izan daiteke hori ere.
Bilbokoa ere, bertan behera
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, berriz, duela minutu gutxi jakinarazi dio BBK Fundazioko presidenteari ezingo dela azoka egin (BBK Fundazioak antolatu ohi du azoka). Aburtok zera esan du: "Pena handiz, behartuta sentitu gara arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko, eta ezingo dugu baimenik eman azoka egiteko. Espero dugu datorren urtean azoka egin ahal izatea". Alkateak hauxe gaineratu du: "Zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko sasoia da, bai modu indibidualean, bai kolektiboki".