Amaitu berri da Donostiako Aste Nagusia, eta Jon Insausti Festa Jardueretako zinegotziak nabarmendu du donostiarren parte hartzeak «oso handia» bihurtu duela Aste Nagusia. Alde ezkorrean, salatutako ziztadak eta emakumeek jasandako erasoak aipatu ditu.
Udalaren datuen arabera, 1.133.000 herritarrek gozatu dute Donostiako Aste Nagusiko ekitaldiez —udalak 400 baino gehiago antolatu ditu—. Suak 488.000 herritarrek ikusi dituzte, antolatzaileen kalkuluen arabera. Sagueseko kontzertuei dagokienez, Gatiburena izan zen jendetsuena: 18.000 herritar elkartu ziren Alex Sarduiren taldea ikusteko. Zetak taldeak, berriz, 13.500 lagun bildu zituen. Eta Izaro Andresen kontzertua ikustera 11.000 herritar joan ziren.
Txistulari Alardea ikusten, bestalde, 2.000 lagun izan ziren.
Erraldoiek eta buruhandiek arrakasta handia izan dute aurten: 42.000 herritarrek bat egin dute konpartsarekin.
Udalak aitortu du Donostiako Piraten jarduerek «alaitasuna» eta «umore ona» ekarri dutela hirira, eta abordatzeak dibertimenduz bete zuela badia.
Udal taldeak datorren urteko Aste Nagusian pentsatzen hasteko deia egin du, eta erronka jarri du, 2023ko jaiak «historiako onenak» izan daitezen.