DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. «Gure asmoa da urtero ikus-entzuleak harritzea»

Donostia
2010eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Los Bebes de la Bulla fanfarreko kidea da Manolo Garcia (Donostia, 1944). Aurten, hirugarren urtez jarraian, Donostiako erdialdea alaitzeko asmoz ibiliko da, bere kide guztiekin batera. Aurten ere, Nazioarteko Fanfarreen Erakustaldian parte hartzen ari dira.

Erakustaldiari begira zerbait berezia prestatu al duzue?

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dut gure ekintzarik nagusiena beti izan direla inauteriak. Dena den, urtetik urtera ekintza berrietan parte hartuz joan gara. Erakustaldiari begira, urtero saiatzen gara zerbait berria eskaintzen eta publikoa harritzen. Aurten, adibidez, abestu egingo dugu. Hala ere, interpretatuko ditugun abesti gehienak jendeari ezagun egingo zaizkio, nahiz eta abestiek gure ukitua izan.

Berezia izango da zuentzat, noski, donostiarrak izanda Fanfarreen Nazioarteko Erakustaldian parte hartzea, ezta?

Bai, noski. Gainera, kanpotik etorri ohi dira, eta hori oso aberasgarria da bai guretzat, baita beraientzat ere. Aurten Frantziatik eta Sevillatik (Espainia) etorriko dira. Asko ikasten da besteengandik ere.

Zenbatgarren aldia da bertan izango zaretena?

Duela hiru urte egin zen lehen aldiz, eta orduz geroztik beti parte hartu dugu.

Fanfarreak festan murgiltzeko osagairik onena zaretela esan daiteke?

Bai, eta Donostiako jendeak badaki, zorionez. Dena den, kanpoko jende ugari ibiliko da egunotan hirian, eta haiek harrituta begiratuko digute ziur aski. Abilezia berezia dugu, baina, jendea gure artean murgiltzeko, eta horretan ahaleginduko gara.

Urte osoan toki askotatik hots egiten al dizuete?

Ez pentsa. Ez digute beste tokitatik hots egiten, baina egia esan horren beharrik ere ez dugu, urteosoan nahikoa lan izaten baitugu Donostian antolatzen diren gauzetan parte hartzen. Inauterietan, Kontxako estropadetan, santomasetan... ibili ohi gara. Dena den, beste tokiren batetik deituz gero, joango ginateke.

80ko hamarkadan sortu zenuten taldea. Nolakoa izan da ordutik Los Bebes de la Bullaren ibilbidea?

Urte hartan, inauteriak berriz ezartzearekin batera, lagun talde batek zerbait berria egin beharko zela proposatu zuen. Horrela sortu zen Los Bebes de la Bulla fanfarrea. Askok galdetuko dute horrenbeste urteren ondoren zergatik jarraitzen dugun indarrean, baina guk argi dugu afizio hutsagatik egiten dugula. Guretzat gozamena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.