DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. «Eskaintzen dena berria izatea da garrantzitsuena»

Donostia
2010eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
«Memoria txarra» duela dioen arren, Izaskun Astondoak (Bilbo, 1962) gogoan du azken orduko ordezkapen bat egiteko hots egin ziotela. Aurten ere, beste urtebetez, su festen lehiaketako epaimahaikidea da.

Zer-nola jardun dute aurten su etxeek?

Ondo ibili dira, oro har. Herrialde bakoitzak suari buruz duen kontzeptua oso ezberdina izan ohi da, eta, horren arabera, emaitza desberdinak ikusteko aukera izan dugu.

Donostiako su festek fama berezia dute nazioartean. Hemen ikusten diren suak beste tokitan baino hobeak direla uste dute askok. Egia al da hori?

Ez nuke esango hobeak edo txarragoak direnik. Nik uste lekuak berak duen xarmagatik eta lehiaketak berak duen prestigioagatik, su etxeak gustura etortzen direla oro har.

Zenbatgarren aldia da epaimahai honetan parte hartzen duzuna?

Sei edo zazpi bat urte daramatzadala uste dut. Azken orduko ordezkapen bat egiteko hots egin zidaten, eta harrezkero urtero gonbidatu naute.

Zertan oinarritzen zarete puntuak emateko garaian? Eta zer puntuatzen duzue gehien?

Aldagai batzuk ditugu oinarrian baloratzeko. Hortik aurrera, bakoitzak modu ezberdinean hautematen du sua. Argazkilari batek, esaterako, alderdi plastikoagoak hartuko ditu kontuan. Nik, berriz, espazioaren okupazioa, erritmoa, koloreen konbinazioak baloratzen ditut gehien. Garrantzitsua da eskainiko duzuna zerbait ezberdina eta berria izatea.

Zein kolore eta objektu dira zailenak lortzen?

Nik beti esaten dut kolore urdina dela zailena lortzen, sakonera iluna izanik ikusten zailagoa delako. Dena den, kontua ez da zailagoa edo errazagoa izatea. Gauza guztien batuketa bat da azken emaitza. Ezinbestekoa da denbora zehatz kalkulatuta edukitzea, espazioa betetzea, suziri bat jaurti orduko segundora beste bat jaurtita izatea...

Suak izozkia janez ikusteko tradizioa, Donostian ez ezik, beste tokietan ere sumatzen al da? Edo Donostiako kontua da soilik?

Soilik Donostiako kontua dela esango nuke.

Zein da aurtengo zure faboritoa?

Oso galdera zaila da hori, kontrolatu ezin daitezkeen faktore askok baldintzatzen baitute azken emaitza. Ideia bat egiteko, selektibitatea bezala da. Zuk espektakulu bat prestatzen duzu, eta gero okerrago edo hobeto aterako zaizu azterketa. Hogei minutuan jokatzen duzu guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.