Donostiako Aste Nagusia

Donostiako Aste Nagusia "bikaintzat" jo du Goiak

Aurtengo Aste Nagusia parte hartzaileenetako bat izan dela azpimarratu du, eta Donostia Festak-ek egindako antolakuntza lana zoriondu du. Goiak eskerrak eman dizkie festetan lanean aritu diren boluntario, langile eta elkarte guztiei.

Irrikitaldian egn zuten atzo Donostiako Piratek, Aste Nagusiari amaiera emateko. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 22a
18:57
Entzun

Intzidentzia nabarmenik gabeko festak izan direla azpimarratu du gaur Eneko Goia Donostiako alkateak festen inguruan egindako balorazioan. Larunbatean amaitu zen Aste Nagusia, eta jasotako harrera antolakuntzak espero baino askoz handiagoa izan da. Aurten antolatutako ekintzen artean, Ondarretan egindako zinema saioak eta Sagueseko kontzertuak azpimarratu ditu bereziki Goiak, kontzertuetara 70.000 lagun baino gehiago joan direla. Bestalde, Goiak Donostiako Itzurun Erraldoien eta Buruhandien konpartsak festetan egindako lana zoriondu du, eta konpartsak aurten jasotako Hiritar Merezimenduaren Domina "ondo irabazi duela" azpimarratu du. Su festei dagokienez, aurtengo lehiaketak 720.000 lagun inguru bildu dituela azaldu du Goiak, ostiralean eta larunbatean izandako eguraldiaren eragozpenak gorabehera. Berrikuntza gisa egindako piromusikala ere sekulako arrakasta izan dela azpimarratu du, eta 120.000 lagun erakarri zituen ikuskizunak.

Alkateak Aste Nagusian sexu erasoen salaketarik ez dela egon azaldu du. Edonola ere, Goiak azpimarratu du horrek ez duela esan nahi "sexu erasorik egon ez denik", baina adierazgarritzat jo du salaketarik egon ez izana. Festetako arazo nagusienetako bat trafikoa izan dela adierazi du Goiak, eta mugikortasun aldetik arazoak egon dira hiriko erdigunean. Hori saihesteko periferian kokatuta zeuden aparkalekuek ez dute funtzionatu udalak espero zuen moduan, jendeak hirigunera joateko duen "joera" dela eta. Horrez gain, atzo baimenik gabe hegan zebilen dronea konfiskatua izan dela baieztatu du Goiak, eta jarrera "arduragabea" izan zela azpimarratu du.

Festak erakarrita etorritako turistei dagokienez, aurten turismoaren igoera nabarmendu du Goiak, eta aurreko urtearen aldean %13,18ko igoera egin duela. Bestalde, Miguel Angel Diez Bide Publikoetako eta Ingurumeneko zinegotziak, berriz, garbiketa zerbitzuek egindako lana zoriondu du, eta aurreko urtearen aldean, zabor kopuruak %35eko igoera izan duela azaldu du. Hurrengo urteari begira, Goiak ondo baloratuta dauden betiko jarduerak egonkortzeaz gain, helburua "jai eremua zabaltzea" dela azaldu du, Donostiako auzo, gune eta profil ezberdinetara ere zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.