Donostia: munduko sukaldea

Donostia Gastronomika biltzarrak nazioarteko chef garrantzitsuenak bilduko ditu azaroan. Frantziako gastronomia eta sukaldaritza estilo berriak omenduko dituzte aurten

Iaz streaming bidezko formatuan egin behar izan bazuten ere, aurten aurrez aurreko egitaraua izango du Donostia Gastronomika biltzarrak. JUAN HERRERO / EFE.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Beste urte batez, Donostiak munduko sukaldaririk esanguratsuenak bilduko ditu Donostia Gastronomika sukaldaritza biltzarrean. Aurten, azaroaren 14tik 17ra egingo dute, Kursaalean.

Nazioarteko biltzar gastronomikoak Frantziako sukaldaritzari omenaldia egingo dio; hain zuzen ere, Reencuentros izeneko sailean, Frantziako eta Espainiako gastronomien arteko «zubilanaren inguruan» sakonduko dute.

Horretarako, antolatzaileen hitzetan, Frantziako kultura gastronomikoko «erreferenterik azpimarragarrienak» gonbidatu dituzte, «bakoitzaren sukaldaritza estiloa, berrikuntzarako grina eta sektoreari egindako ekarpenak aitortzeko». Frantziako gastronomia ordezkatuko duten sukaldarien zerrenda «oso luzea» da, herrialde horretako sukaldaritza tradizioa «nazioartean aipagarrienetakoa» baita.

Horien artean, besteak beste, Guillame Gomez eta Marc Veyrat nabarmentzen dira: lehenengoa Eliseo jatetxeko chefa da, 25 urte zituela MOF diploma eskuratzeagatik ezaguna; bigarrenari dagokionez, La Maison des Bois jatetxearen jabea da, eta landareetan, loreetan eta basa belarretan oinarritutako bere sukaldaritza estiloa «mundu osoan ospetsua» da, antolatzaileen hitzetan. Gainera, Donostia Gastronomika biltzarraren lehen jaialdian ere izan zen, 1999an.

Halaber, nouvelle cuisine mugimenduaren sortzaileetako bat izandako Pierre Gagnaire ere parte hartzaileetako bat izango da. Gagnaire «sukaldaritza eta zientzia uztartzera ausartu zen aitzindarietako bat da». Harekin batera, Alain Dutournier eta Alexander Mazzia ere Donostian egongo dira: biak ala biak «Frantziako gastronomiaren erdigunean» daude.Dutournier Parisko El Carre des Feuillants jatetxeagatik da ezaguna; Mazzia, berriz, «bere egile sukaldaritza zeharo bereziagatik».

Ikuspegi'bistronomikoa'

Aurten, bestalde, puri-purian dauden sukaldaritza mota berriei ere tartea egingo diete. Plazaratu eta omendu gura izan duten alor gastronomikoa bistronomia gisa aurkeztu dute.

«Garatzeko bidean dagoen» esparrua da sukaldaritza bistronomikoa, eta Frantzian du jatorria. Goi mailako sukaldaritzak bistrot edo tabernetako kulturatik erauzitako korrontea da: «Tradizionalki kafea etaprezio apalekojakiak zerbitzatzen diren tabernetako eskaintzan oinarrituta dago, goi mailako sukaldaritzak bere gain dituen sofistikazioarekin eta askotariko teknikekin uztartuta». Gastronomiaren noranzko berri horren inguruan sakontze aldera, Frantziako sukaldaritzan «pisu handia» duten hiru egile gonbidatuko dituzte: Beatriz Gonzalez, Amandine Chaignot eta Nadia Sammut.

Beatriz Gonzalez Mexikotik Frantziara emigratutako chefa da, eta bere bi jatetxeetako (Neva Cuisine eta Coretta) eskaintza, hain zuzen, bistronomian oinarritutako platerrek osatzen dute. Amandine Chaignot, ostera, Yannick Alleno eta Eric Frechon Frantziako sukaldari esanguratsuenetako biren eskolan ibilitako sortzailea da.

Aipagarria da, bestalde, Chaignotek, iragan konfinamendu sasoian, Parisko bere Pouliche jatetxea merkatu bihurtu zuela, tokiko produktuz osatutako gourmet saskitxoak saltzeko. Nadia Sammuti dagokionez, Free Cuisine edo Cuisine Libre izeneko sukaldaritza mugimendu ideologikoaren «sortzaile eta bultzatzaile nagusia» da; janari osasuntsua eta ingurumenarekiko errespetua lotzen ditu korronte horrek: «Pertsonen bizitzeko, pentsatzeko eta jateko moduak eraldatzea du xede».

Frantziako sukaldari horiekin guztiekin batera, Latinoamerikako ordezkaritza bat ere egongo da: Alex Atala eta VirgilioMartinez.Time aldizkariakeragin handieneko 100 pertsonen zerrendan sartu zuen Atala, 2013an. Martinez, era berean, «bioaniztasunaren eta gastronomiaren arteko jakintza sakonen eta bikainen» jorratu duen chefa da.

Euskal Herriko gastronomiaren ordezkaritzak ere ohorezko postua izango du aurtengo Donostia Gastronomikan, «mundu osoan ezagunak» diren Euskal Herriko hainbat sukaldariburuk egitasmoan parte hartuko baitute.

Euskal Herriko sukaldariburuen partaidetza ondorengoek osatuko dute: batetik, Donostiako sukaldaritzaren ikurrak diren Martin Berasategi, Juan Mari eta Elena Arzak, Hilario Arbelaitz eta Pedro Subijana egongo dira; horiez gain, Eneko Atxa larrabetzuarra eta Bilbon bizi den Josean Alija ere biltzarreko partaideen artean izango dira.

Julie Andrieu sarituko dute

Donostia Gastronomikan, gainera, izango da omenaldirako paradarik: Frantziako telebistako kazetari eta gastronomiakritikari Julie Andrieuri«bere ibilbide profesionalean egindako lan guztia aitortzea» erabaki dute, eta Pau Alborna Kazetaritza Saria emango diote, «sukaldaritza ereduak eta kultura berriak arakatzen egindako lanagatik». Ogibidez argazkilaria izanagatik, Julie Andrieuk hamaika sukaldaritza liburu eman ditu argitara, eta Cuisine TV, TF1, France 5 zein France 3 kateetan jardun du; kolaboratzaile gisa ere ibili da hala irratietan, nola idatzizko komunikabideetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.